Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Otsailak 14

Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien Foru Legea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako legearen helburua da “aldarrikatu, onartu eta ziurtatzea ezen Nafarroan bizi den orok eskubidea duela, zein ere den bere lege- nahiz administrazio-egoera, Nafarroako Foru Komunitatearen osasun sistema publikoan ematen den osasun-laguntza publikoa doan jasotzeko, haren funts publikoen kargura”.

Hartara, Osasun Sistema Nazionaleko Norbanako Osasun Txartela “inongo diskriminaziorik gabe” emateko, aski izanen da, Zuzenbidean onartutako edozein modutan, erroldatzea barne, Nafarroan bizilekua egiaztatzea.

Osoko Bilkuran eman den eztabaidan sozialistek in voce aurkeztu duten gehitze-zuzenketa bat eztabaidatu da, zeina Gizarte Segurantzaren titularren edo haren erregimen berezien (estatuko funtzionario zibilen mutualitateek, Mutualitate Judizial Orokorrak edo Indar Armatuen Gizarte Institutuak kudeatzen dituztenak) onuradunei buruzkoa zen, izan ere, “haien erregimen juridiko zehatza mantenduko dute, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.6 artikuluan xedatutakoari jarraiki”. PPN izan da haren aurka bozkatu duen bakarra.

Bestalde, Legeak xedatzen du Nafarroan farmazia-prestazioak osatzeari buruzko 18/2012 Foru Legean ezarritako farmazia-prestazioak indarrean sartzen denetik “zuzenean aplikatzekoak” izanen direla, direnak direla ere foru legea garatze aldera beharrezkoak diren erregulamendu-arauak.

Proposatu duen taldeak irizten du lege hau onestearekin batera amaiera eman zaiola Osasun Sistema Nazionalaren iraungarritasuna ziurtatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko presako neurriei buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretuari men eginez 117/2012 Foru Dekretua onestean, zeinaren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean osasun-laguntza publikoa ororenganatzeko araubidezko prestazioak eskuratzeko prozedura eta baldintzak, sortu zen “ziurtasun juridiko ezari”.

Gainera, azpimarratzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko 17/2010 Foru Legearen 14. artikuluan aitortzen dela osasun-laguntza publikoak, estaldura unibertsalekoak, Nafarroako Foru Komunitateko udaletan bizi diren pertsona guztiak hartzen dituela, etorkinak barne, “zein den ere haien lege nahiz administrazio egoera”.

Halaber, irizten dute lege horrek Foru Komunitatearen “eskumen zabala” duela agerian uzten du, bai eta Estatuak osasunaren arloan ematen dituen arauak osa ditzakeela ere, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak “bermatzen” duen moduan.

Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien Foru Legearen artikulu bakarrak honakoa dio:

Artikulu bakarra.
“1. Nafarroan bizilekua duten pertsona fisiko guztiek dute eskubidea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura doan jasotzeko Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistema publikoak emandako osasun-laguntza oinarrizkoa edo espezializatua, zein ere den haien adina, nazionalitatea edo lege- nahiz administrazio-egoera.
 

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, “bizilekua” izanen da akreditatzea, zuzenbidean onartutako edozein modutan, erroldatzea barne, pertsona horren bizilekua Nafarroako udal batean dagoela, inolako denbora-eperik kontuan hartu gabe.
 

3. Bizilekua kreditatzen duen dokumentazioa aurkeztuta, osasun administrazioak doan eta luzamendutan ibili gabe emanen die identifikazio-dokumentazio bat 1. idatz-zatian aipatzen diren pertsonei, Nafarroan osasun-laguntza publikoa ororenganatzeko araubidean sartzeko, baldin eta Osasun Sistema Nazionaleko Norbanako Osasun Txartela ez badute.
 

4. Foru Komunitateko osasun sistema publikoak emandako osasun-laguntza, 1. idatz-zatian aipatutako pertsonei dagokienez, Osasun Sistema Nazionaleko Norbanako Osasun Txartela dutenei emandako bera izanen da, eta Nafarroako Osasun Administrazioak ezin izanen du inolako diskriminaziorik egin.
 

5. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez du Gizarte Segurantzaren titularren edo haren erregimen berezien (estatuko funtzionario zibilen mutualitateek, Mutualitate Judizial Orokorrak edo Indar Armatuen Gizarte Institutuak kudeatzen dituztenak) onuradunen osasun-laguntza erregimena aldatzen, izan ere, haien erregimen juridiko zehatza mantenduko dute, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.6 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Xedapen gehigarria.
Nafarroako Foru Komunitatean farmazia-prestazioak osatzeari buruzko urriaren 19ko 18/2012 Foru Legeko arauak indarrean sartzetik aitzina Osasun Departamentuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean aplikatzekoak dira, direnak direla ere foru legea garatze aldera beharrezkoak diren erregelamendu-arauak. Horrenbestez, foru lege honetako 2. artikuluan aipatutako pertsonek eskubidea dute foru legea indarrean sartzen den egunetik bertatik farmazia-prestazio osagarriak berehala jasotzeko, foru legeko 5. artikuluan adierazten den moduan.

Xedapen indargabetzailea.
Espresuki indargabeturik gelditzen dira azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretua, zeinaren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean osasun-laguntza publikoa ororenganatzeko araubideko prestazioak eskuratzeko prozedura eta baldintzak, horren aldaketak eta hori garatzeko xedapenak, eta, halaber, foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta ondorioak izanen ditu, betiere, 2012ko apirilaren 24tik aitzina.”

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 3. zk., 2013-01-14koa)