Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 2

Nafarroan apustu-etxeak arautzeko ponentzia bat eratzea onetsi da

I-Ek eskatu du, jokoak sortutako ludopatia eta mendekotasunak eragiten dituen kalteak ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Nafarroako udalerrietan apustu-etxeak arautzeko ponentzia bat eratzea onetsi du aho batez.

 

Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak proposatutako ponentziaren helburua da “jokoak sortutako ludopatia eta mendekotasunak eragiten dituen kalteak ahalik eta gehien murriztea, nerabeen eta arazo ekonomikoak dituzten pertsonen osasun fisiko eta mentala arriskuan jartzen baitute”.

 

Apustu-etxeen hazkundea gelditzeko, egoera hau xehetasunez eta sakonki aztertzeko xedea du ponentziak, izan ere, langabezia tasa altua duten auzoetan, eta hauen aisialdi gune eta institutu inguruetan kokatzen baitira negozio hauek.

 

Kaltetuen kolektiboen eta inplikatutako eragileen parte hartzearekin, proposamenak adostuko dira Nafarroako Gobernuak negozio hauek sakonki kontrola ditzan, prebentzio neurrien bidez, esaterako, eta publizitatea debekatzeko aukera ere aurreikusten da.

 

Eledun guztiek bat egin dute ludopatiaren prebentziorako aurrerapausoak emateko beharraren inguruan, “osasun publikoaren lehen mailako arazo bat” baita, eta honi aurre egiteko “informazioa, hezkuntza eta legeak” behar direla adierazi dute.

 

Ponentziak bere funtzioak garatuko ditu eskatutako lana amaitu arte, jasotako informazioa txosten batean islatuz Ponentziaren sorreratik 6 hilabeteko epean (luzatzeko aukerarekin).

 

Talde eta elkarte parlamentarioek urriaren 9ko 12:00ak arte epea zabalik daukate ordezkari eta ordezko bat izendatzeko.

 

Inma Jurío (PSN) buru izan du batzordeak, eta bertan izan dira José Suárez, Carlos Pérez Nievas, Marta Álvarez, Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Aramaka (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).