Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Urriak 8

Nafarroako Ubidearen proiektuarekin jarraitzera premiatzen zuten bi mozioak bazter utzi dituzte

PSN, UPN eta PPNk "politika hidraulikoaren eta ureztatze-politikaren oinarrizko habea" gotortzea eskatu dute, eta GB, Bildu, Podemos eta I-Ek 2013an Estatuarekin sinatu zen gauzatzeari buruzko Hitzarmenaren eguneratzean jasotzen den berrikuspena aipatu dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-E-k haren aurka eman dituzten botoekin eta UPNk, PSNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “berehala jar dezan abian Nafarroako Ubidearen 2. fasearen exekuzioa, halako moldez non bermatu eginen baitu eta lehentasuna emanen baitio Erriberak –hain zuzen ere, Nafarroan defizit hidriko handiena duen eremuak- lehen mailako beharrizan bat ase izateari, eta hari ur-hornidura bermatzeari”.


Zioen azalpenean, UPNk bultzatu duen mozioak interes publikoko eta erabilgarritasun sozialeko proiektuak duen finkatze legala azaldu du, eta ohartarazi du Itoiz eta Nafarroako Ubidea “Foru Komunitatearen politika hidraulikoari eta ureztatze politikari dagokionez oinarrizko bi zutabeak”.

PPNk etorkizunerako estrategiarik ez egotea kritikatu du

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-E-k haren aurka eman dituzten botoekin eta UPNk, PSNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Nafarroako Ubidea egiten jarrai dezan, Estellerriranzko bere lehen handitze-fasean, bere eremu ureztagarriak gara ditzan eta hornidura ziurta diezaien eskualdeko herriei eta industriari”.

Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat zuen non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Artaxoatik Ablitaseraino doan Nafarroako Ubidearen bigarren faseari buruzko azterlanekin, proiektuekin eta etorkizuneko exekuzioarekin jarrai dezan, bai eta Nafarroako Erriberan hiri- nahiz industria-hornidura bermatzen duten obra eta proiektuekin eta haren eremu ureztagarrien garapenarekin”.

Era berean, hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Itoiz-Nafarroako Ubidea Gobernuaren arreta bereziko eta bere inbertsioetan lehenetsitako obra dela deklara dezan eta halakotzat har dezan”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen mozioak proiektuak izaera estrategikoa duela babestu du, “hil ala bizikoa da lehen sektorearentzat eta nekazaritzako elikagaien sektorearentzat”. PPNren esanetan, “Nafarroa osoaren onerako dela justifikatzen duten ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-azterlan nahikoz horniturik daude”.


Proposatu duen taldea ez dator bat Nafarroako Gobernu berriak “etorkizuneko estrategiarik ez” izatearekin eta, horren harira, azpimarratzen du Itoizko urtegia eta Nafarroako Ubidea eraikita lortu nahi dena “hiri-kontsumoa nahiz industria-sektorearen eta nekazaritzako elikagaien sektorearen garapen estrukturala ziurtatzea” da.


Ildo horretan, nabarmentzen du proiektuaren osotasunaren errentagarritasun ekonomikoa “ziurtatua” zegoela “obra bukatutakoan, ratio oso positiboekin”. Proiektuak, besteak beste, lehorreko lurreko 53.125 hektarea ureztalur bihurtzea jasotzen du.

Ordezkatze-zuzenketa bazter utzi dute

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek ordezkatze-zuzenketa bat aurkeztu duten, bi ekimenen titular diren UPNk PPNk onetsi ez dutena. Bertan Gobernua premiatzen zen “Nafarroako Erriberaren ur hornikuntza ziurtatzera baldintza egokietan, dagokion planifikazioarekin eta nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria garatzeko konponbide egokiak bilatuta”.

Zuzenketak bigarren idatz-zati bat zuen, Nafarroako Gobernuari azaltzen ziona “etorkizuneko esku-hartze estrategikoei dagokienez ezein erabaki hartu aurretik” beharrezkoa dela “bai proiektuaren alderdi teknikoak bai hark esparru ekonomikoan, sozialean eta ingurumenean izango dituen eraginak era objektiboan eta sakontasunez aztertzea”.

Eskaera horren karietara, zuzenketa aurkeztu duten taldeek esan dutenez, proiektuarekin jarraitzera baldintzarik gabe babesteari uko egin dute Kolaborazioaren Hitzarmenaren eguneratzearen edukia berarengatik, Nafarroako Ubidea gauzatze aldera Nafarroako Gobernuak eta Estatuak 2013ko abuztuaren 28an sinatu zutena.

Horri dagokionez eta zuzenketaren zioen azalpenean jasotzen denez, Hitzarmenaren 7. puntuan baieztatzen da “bigarren fasearen lanak egiten hasi aurretik kalkulu ekonomikoak eta finantzieroak berregingo dira eta hura gauzatzea zatika onetsiko da”.

www.parlamentodenavarra.es
• UPNren mozioaren argitalpena (NPAO, 16. zk., 2015-10-06koa)
• PPNren mozioaren argitalpena (NPAO, 15. zk., 2015-09-06koa)