Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Irailak 27

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute, udaletako zinegotzien eta kontzejuetako kideen boto-eskuordetzea ezartze aldera

Parlamentuko Osoko Bilkurak ahobatez onetsi du gaur Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea, udaletako zinegotzien eta kontzejuetako kideen boto-eskuordetzea arautze aldera, Parlamentuko Erregelamenduan ezartzen den parlamentarioentzat xedatzen den moduan.

PPNk aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren helburua da toki entitateen erregelamendu esparrua egokitzea, Nafarroako Parlamentuko kideen ustez, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduan ezartzen den egoerara.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak alkateak (udalak) edo lehendakariak (kontzejuak) ordezkatzeko aukera aurreikusten du soilik “kanpoan edo gaixorik” dauden kasuetan.

Horregatik guztiagatik, “arrazoizko” ikusten da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 86. artikuluari 4. idatz-zati bat gehitzea, parlamentarioentzat xedatzen den moduan, litezkeen boto-eskuordetze kasuak jasotzeko. Honakoa da proposatutako idatzia, orain Batzordean eztabaidatuko dena:

“4. Zinegotzien eta kontzejukideen botoa pertsonala eta delegaezina da, honako kasuetan izan ezik:


a) Amatasuna dela-eta bilkuretara joaterik ez duen zinegotziak edo kontzejukideak bere botoa beste zinegotzi edo kontzejukide baten esku utzi ahalko du, erditzearen ondorengo sei asteetan.
 

b) Behar bezala egiaztatutako ospitaleratze baten edo gaixotasun larri baten ondorioz bilkuretara joaterik ez duten zinegotziek edo kontzejukideek beren botoa beste zinegotzi edo kontzejukide baten esku utzi ahalko dute.
 

Botoa beste baten esku uzteko eskabidea idatziz aurkeztu beharko zaio kasuko udalean eskumena duenari. Idazkian zehaztu egin beharko da boto-delegazioa nork egiten duen eta nork hartzen duen, bai eta delegazioaren iraupena ere”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 58. zk., 2012-06-15ekoa)