Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Urriak 23

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzeari buruzko foru lege proposamenari aurkeztutako osoko zuzenketa bazter utzi dute

Bildu-k eta Aralarrek diote behin behineko konponbide bat besterik ez dela, ez dituela eskumenak argitzen, ez duela finantzazioa konpontzen eta ez diola lege estatalaren eragin zentralizatzaileari erantzuten

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta I-Eren eta atxiki gabekoen abstentzioekin, Bildu-k eta Aralar-Nabaik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzeko proiektuari aurkeztu dioten osoko zuzenketa bazter utzi dute.

Parlamentura bidali den proiektuaren xedea da Nafarroako toki entitateen eskumenak mantentzea eta Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraungarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 legeak eragina izan dezakeen udal esparruko beste gai batzuk arautzea, zeinak erkidego autonomoei orain arte toki entitateei zegozkien eskumenak esleitzen dizkien.

2013ko abenduaren 31tik indarrean dagoen arau estatalak Foru Komunitateak alor honetan arautzeko eskubidea duela aitortzen badu ere, Nafarroako Toki Administrazioa guztiz berrantolatzeari buruzko foru legea adosteko parlamentuko batzorde txostengilea atzeratzeak eta hartara egokitutako finantzazio sistemak gobernua “gure toki erregimenaren berezitasuna babestera bideratutako alderdiak arautzen” hastea eragin du.

Batzorde hori sortzea 2013ko urriaren 29an onetsi zen UPNk, SNk, Bildu-k, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek hala eskatuta eta hilabete eta erdiko epea eman zion bere buruari, luza zitekeena, Nafarroako toki mapa modernizatzeari dagokionez adostasun batera iristeko.

Hasierako dokumentuen artean, batzordeak Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen lege proposamena zuen, 2013ko irailaren 19an aintzat hartu zena, bai eta Gobernuak bidali zuen lege proiektua ere.

Bildu-k eta Aralar-Nabaik arrazoi “ekonomiko eta politikoak” eman dituzte proiektua itzul dadin eskatzeko. Haien ustez, “27/2013 legeak toki entitateei inposatzen dizkien finantzen arrazionalizazio eta iraunkortasun buruzko neurriak osotara aplikatzea mantentzen du”.

Horri dagokionez, zuzenketa aurkeztu dutenek Foru Komunitateko Gobernua testu hori aurkezteagatik gaitzesten dute, izan ere, “foru eskumenak erabiltzeari uko egiten dio toki autonomia larriki ahultzen duen arauaren eragin bateratzailea neutralizatu edo, behintzat, neurriratzeko”.

Horrela, ustez “ekimen pribatua sustatzeko eta finantzen eta aurrekontuen kontrol zorrotzago bat ziurtatze aldera” 27/2013 legearen atzean dauden “gastu publikoaren murrizketaren eta kontrol politiko eta ekonomia areagotzearen” aurrean, foru lege proiektua “eskumenak argitzen ez dituen eta haien finantzazioa konpontzen ez duen behin behineko konponbide partzial” bat eskaintzearekin konformatzen da.

Toki Administrazioaren kontseilariaren, Javier Esparzaren, ustez Gobernuak defendatu duen lege proiektua “toki maparen erreforma atzeratzearen ondorioz sortu den behin behinekotasun egoera konpontzeko modurik onena da. Behin bitartean, toki entitateen maila babesteko eta haien eskumenak mantentzeko, ziurtasun juridikoa emango duen esparru legal bat izatea beharrezkoa da”.

Adierazi denez, foru lege proiektuak lau alderdi arautzen ditu. Lehenik eta behin, arau estatalak irekitzen duen aukeraren aurrean, toki entitateen “eskumenak mantentzen ditu” hezkuntzaren (0-3 urteetako zikloa), gizarte zerbitzuen eta osasunaren (ikuskapenak eta kontsultategi medikuak) arloetan.

Gainera, xedatzen du Foru Administrazioa izango dela, eta ez Administrazio zentrala, 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalek proposatu behar duten kudeaketa banaturako formulei buruzko erabakiak hartuko dituena. Kudeaketa banatua honako zerbitzuak emateko izango da: hondakinen tratamendua, ur hornidura, garbiketa, argiteri publikoa, etab.

Foru Lege proiektuak arautzen duen hirugarren gaiaren xedea da, muga jakin batzuekin, administrazioko zerbitzuen elkartze berriak sortzea ahalbidetzea (aukera hori 2011tik blokeatua zegoen). Era horretan, idazkaritzako eta inguruko udaletan esku-hartzeko zereginak banatze aldera elkartzeko aukera ematen da, “baldin eta elkartze horren xedea finantzen eta aurrekontuen kontrola ziurtatzen duten administrazioko zerbitzuak ematea den”, Aurrekontuen Egonkortasunari eta Finantzen Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 lege organikoan exijitzen baita.

Era berean, lege proiektuak toki entitate izaera ematen die administrazio publikoek derrigorreko udal zerbitzuak emateko osatzen dituzten partzuergoei. Neurri horren xedea da aurrekontuetan erantzukizuna sustatzea eta Hondakinen Partzuergoaren gisa Foru Administrazioek eta udalek osatzen dituzten entitateen kontrola “azken horien ardura izan dadin eta ez Nafarroako Gobernuarena, lege estatala aplikatzekotan gertatuko litzatekeen moduan”.

Azkenik, arau berriak xedapen bat du non Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 30a baino lehen Nafarroako hiri hondakinen kudeaketa integrala arautu eta antolatuko duen foru lege proiektu bat prestatzeko konpromisoa hartzen duen.

Osoko zuzenketa bazter utzi ondoren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzen duen foru lege proposamena batzordean irizpenduko da Osoko Bilkuran behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko eraman aurretik. Foru Lege proposamena hein batean aldatzeko 11 zuzenketa aurkeztu zaizkio: 4 sozialistenak, 4 Bildu-Aralarrenak eta 3 atxiki gabekoenak.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 85. zk., 2014-07-04koa)
• Osoko zuzenketak eta hein bateko zuzenketak (NPAO, 105. zk., 2014-10-03koa)