Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea onetsi da
Laukoak lurraldearen berrantolaketa Foru Lege Proiektu baten bidez osatzeko konpromisoa hartu du, langile publikoen lan baldintzak ziurtatu asmoz
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin. Testuak Nafarroako lurraldea berrantolatzea planteatzen du, egungo mankomunitate sektorialak, administrazio zerbitzuen batasunak eta udalez gaindiko beste entitate batzuk integratuko lituzketen 12 eskualderen sorreratik abiatuta.
Gehiengo osoa eskatzen duen (gutxienez 26 aldeko boto) eta Gobernuak bultzatutako foru legearen xedea da toki antolaketa berri bat ezartzea, “udalez gaindiko entitateen ugaltze gehiegizkoa eta, kasu batzuetan, eragingabea” arautuko duena, eta horretarako finantzaketa eredu berri bat ezartzen du, eskumenen banaketa argiagoarekin batera.
Erreformaren bidez ezarri nahi den esparrua Toki Administrazioa arautzen duten lege nagusiak aldatu ondoren Nafarroako toki entitateetan eginen diren aldaketa sakonen oinarri izanen da. Hortik aurrera, lurralde-egitura berria behin betiko zehaztuko duten arau-aldaketak etorriko dira.
Hala, Nafarroako Toki Administrazioaren ideia gaurkotua sustatu nahian, udalez gaindiko antolaketa berri bat sortzen da eskualdearen bitartez; figura horrek hartuko ditu bere gain mankomunitate sektorialek eta azken urteetan sortutako antzeko entitateek orain arte bete dituzten eginkizunak.
Aurrerantzean eskualdeak eta plangintza orokorrerako mankomunitateak izanen dira toki entitate berriak. Barruti administratiboak, partzuergoa eta administrazio zerbitzuen batasunak desagertuko dira, eta haien lurralde esparrua erreferentzia gisa hartzen ahalko da kasuan kasuko eskualdeak zerbitzu horiek emateko.
Nafarroa hamabi eskualdetan antolatzen duen lurralde-banaketa ezartzen da, Nafarroako Lurralde Estrategiak bere garaian proposatutako azpieremuak abiapuntutzat hartuta. Nolanahi ere, behin betiko formari begira, udalen borondatea kontuan hartuko da, proposamenak eta alternatibak aurkezteko aukera izanen baitute. Helburua da, azken batean, eskualdeak sortzeko prozesua amaitzen denean —eskualde bakoitzeko foru lege bat egin beharko da prozesu horretan— udalerri guztiak eskualderen batean sartuta egotea.
Toki entitateek hamabi hilabeteko epea izanen dute eskualde baten sorrera-prozesua abiatu ahal izateko, Gobernua ekimenaz baliatu baino lehen, baldin eta ukitako udalak aurrez hartaz baliatu ez badira.
Proposatutako udalen bi bostenek berariaz aurka egiten badute, eta, betiere, kasuko lurraldeko hautes-erroldaren erdia ordezkatzen badute gutxienez, Nafarroako Gobernuak ezin izanen du eskualdearen eraketari buruz erabaki, eta prozedura artxibatu eginen da.
Eskualdea eratzeari uko eginez gero, ezin izanen da hura sortzeko beste prozesu bat hasi hurrengo udal hauteskundeetatik sortutako udal korporazioak eratzen diren arte.
Eskualdeen eskumenak eta zerbitzuak arautzeari dagokionez, eskumen berekitzat ezartzen dira honako hauek: udalez gaindiko gizarte zerbitzuak; uraren goi hornidurarako sareak udalez gaindiko eskalan; hondakinen tratamendua udalez gaindiko eskalan; lurraldearen antolamendua eta hirigintza (oinarrizko legeriak udalerrientzat erreserbatutako eskumenak eta Foru Administrazioari dagozkionak ezertan galarazi gabe); eta idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako administrazio zerbitzuak kontzejuetan, eskumenen kudeaketa partekatzeko araubiderik ez dagoenean, eta 1.500 edo 3.000 biztanletik beherako udalerrietan, hurrenez hurren.
Eskumen berekiez gain, eskualdeak ur edangarriaren behe hornidurako zerbitzuak emanen ditu, hondakin uren ebakuazio eta tratamendukoak, eta hiri hondakin solidoen bilketa eta kudeaketakoak. Salbuespena: eskumenaren titular diren udalerriek bertan behera uztea kasuan kasuko mankomunitateari eginiko eskuordetzea.
Foru Komunitateko Administrazioaren eskumen esparruan legeria sektorialak bereki gisa esleitzen dizkien eskumenak ere betetzen ahalko dituzte eskualdeek, bai eta sostengua eta laguntza eman beren lurralde esparruko udal eta kontzejuei, bereziki ahalmen urriagoa dutenei. Horrez gain, beren esparruko toki entitateei beste zerbitzu batzuk ematen ahalko dizkiete, hala eskatzen badute, jarduera materialak, teknikoak edo zerbitzuetakoak egiteko, eskuordetze bidez edo gomendio bidez.
Beraz, orain modu mankomunatuan egiten diren zeregin batzuk udalez gaindiko mailan planteatzea da helburua, eta beste batzuk deszentralizatzea, lurraldearen antolamendua kasu, eskualdeen antolaketari dagokionez.
Testuinguru horretan, azpieskualdeak sortzeko aukera aurreikusten da, eskualde bateko udalerri batzuek, ez denek, ezaugarri sozial, geografiko edo administratibo komunak dituztenean. Besteetatik argi bereizten dituzten ezaugarriak izan behar dira, baina eskualdea osatzeko behar adinakoak izan gabe.
Jasorik uzten da, bestalde, eskualdeen betebeharra dela laguntza ematea administrazio elektronikoa ezartzeko eta mantentzeko, eta, bereziki, beren toki entitateen (udalak eta kontzejuak) gardentasun-atariak sortu eta kudeatzeko.
Beste atal batean azaltzen da toki entitateek berreskuratu egin behar dutela immatrikulatutako ondarea. Ia soilik Eliza Katolikoak immatrikulatu du, Hipoteka Legearen azken erreformaren ondorioz 2015ean behin betiko indargabetu zen arau baten babesean.
Eskualdeen antolaketa eta funtzionamendua direla eta, beharrezkoak diren organoak eskualdeko batzarra, lehendakaria eta gobernu batzordea izanen direla ezartzen da. Eskualdea bigarren mailako toki entitatea da, udalen oinarrizko lehen mailaren menpekoa.
Batzarreko kide kopurua eskualdez eskualde ezarriko da, eskualde bakoitza sortzeko foru legean. Betiere, kide horiek izendatzeko sistema mistoa izanen da, udalek ordezkari batzuk izendatuko baitituzte eta beste batzuk, berriz, eskualdean alderdiek, koalizioek, federazioek eta hautesle-elkarteek eskuratutako boto kopuruaren proportzioan izendatuko baitira. Batzarreko kide izateko izendatutako guztiek zinegotziak izan beharko dute.
Nolanahi ere, adierazten da ez dela baztertu behar eskualde baterako edo batzuetarako, beren ezaugarriak direla eta, Batzarreko kideak izendatzeko beste sistema bat erabiltzea, baldin dagokion eskualdeko udal gehienek hala eskatzen badute.
Zergen alorrean, eskualdeak mankomunitateen eta horiek sortutako entitateen pare kokatzen dira, eskualdeetan bildutako udal eta kontzejuek sorrarazten dituzten tributuetatik salbuesteko garaian.
Langileei dagokienez, mankomunitateetako eta udalez gaindiko entitateetako egungo langile guztiak eskualdeetan sartuko direla xedatzen da (elkarte tradizionalak salbuesten dira). Sozietate publikoak mantentzea ere aurreikusten da, eta bermatu egiten da egungo azpiegitura sareek gaur egun zerbitzu hori ematen duten mankomunitateen ordez eratu beharreko eskualdeen titulartasunekoak izaten jarraituko dutela.
Hiru hilabeteko epean, legea indarrean jartzen denetik hasita, eskualdeak sortzeko prozesuetan ukitutako toki entitate guztiek lanpostuen zentsua prestatzeari ekin beharko diote. Bakoitzak zentsuan jasoko du bere eskualdeak plantilla organikoa zehaztu eta onesterakoan zer lanpostu ezarriko dituen, eta lan hori egiteko, sortu eta 12 hilabeteko epea izanen du eskualdeak.
Eskualdeak, bere plantilla organikoa onesten duenetik hasita urtebeteko epean, lan publikoaren eskaintza eginen du, hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Eskualde bakoitzeko lehenengo bi deialdiak oposizio-lehiaketaren bidez eginen dira, eta bete behar diren lanpostuetan 20 urtez edo gehiagoz zerbitzuan aritu diren langileek lehiaketa fasean gehieneko puntuazioa lortzea bermatuko da (guztizko puntuazioaren % 30).
Eskualdeen sorrerak eragiten dien langileek ordezkariak izanen dituzte Eskualdeko Batzorde Teknikoan: kasuan kasuko eskualdeko toki entitateetan ordezkaritza duten sindikatuek izendatutako lau ordezkari, eta, lau baino gehiago badira, pisu handieneko lauek izendatutakoak.
Eskualdeen zerbitzuko langileen araubidea bat etorriko da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluan xedatutakoarekin. Eskualdeak idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu propioak izan beharko ditu.
Oro har, legearen bidez Toki Administrazioko enplegu publikoari egonkortasuna eman nahi zaio; alabaina, behin-behinekotasuna gutxitzeko neurri zehatzak erreformaren geroagoko faseetan zehaztuko dira, baita idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuei dagokienez ere.
Hala ere, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu askori eragiten dien bitarteko egoera iraunkorra behin betiko konpontzeko, ezartzen da udalak bere idazkari lanpostua izan beharko duela 1.500 biztanle baino gehiagoko herrietan (ez 2.000 biztanle baino gehiagokoetan), eta oposizio-lehiaketa izanen dela sistema bakarra idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako gaikuntza lortzeko.
Eskualdeak eratzen ez diren bitartean, 1.500 biztanle baino gutxiagoko toki entitateetan nahitaezkoak diren idazkaritzako edo/eta kontu-hartzailetzako eginkizun publikoak ematen jarraituko dute eginkizun horietan orain arte aritu direnek. Eskualdeak eratutakoan, lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez beteko dira.
Legea indarrean jartzen denetik hasita hiru hilabeteko epean, administrazio araubideko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eginen da, toki entitateetako idazkaritzako eginkizunetan jarduteko. Foru Komunitatearen gaikuntza duten toki funtzionarioak automatikoki sartuko dira zerrenda horretan, eta lehen postuan kokatuko dira.
Nafarroako toki entitateetako idazkaritza postuetan duten antzinatasunaren arabera ezarriko da lehentasun-ordena. Aldi baterako lana zerbitzu-eginkizunen araubidean eginen dute.
Idazkarien bitarteko egoera behin betiko konpontze aldera, honako hau ezartzen da: eskualdeak sortzeko bosgarren foru legea onesten denetik hiru hilabeteko epean, eta, nolanahi ere, foru lege honek indarra hartu eta hiru urteko gehieneko epean, merezimendu-lehiaketaren deialdia eginen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 247.2 eta 247.3 artikuluetan sartuta eta hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Lehenengo deialdia ez da inola ere onetsiko merezimendu-lehiaketa amaitzen denetik urtebete igaro arte.
Batera hartuko dute jabetza, eta jabetza hartzeko data lege beraren 245. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateak aurreikusitako gaikuntza eskuratu dutenentzat ezarritako bera izanen da.
Konponbidea emate aldera B mailako gaikuntza izan baina A mailako titulazioa duten kontu-hartzaile funtzionarioen arazoari, lehiaketa ebatzi eta sei hilabeteko epean, funtzionario horiek A mailan kokatuko dira, haientzat soilik izanen diren hautaprobak egin ondoren. B taldeko kontu-hartzaile lanpostuak, Nafarroako Foru Komunitatearen gaikuntza izan eta hautaproba horiek gainditzen ez dituzten funtzionarioek betetzen dituztenak, iraungi beharreko egoera pertsonal gisa mantenduko dira.
Legea indarrean jartzen denetik bederatzi hilabete igaro baino lehen eginen da merezimendu-lehiaketaren deialdia. Lehiaketa hori eta mailaz igotzeko prozedurak bukatu ondoren, gaikuntza duten funtzionarioek bete gabeko kontu-hartzaile lanpostuak A taldean sartuko dira eta, segidan, denak beteko dira.
Hor ere, oposizio-lehiaketaren bidez gauzatuko dira lehenengo bi deialdiak, eta bermatuko da Nafarroako toki entitateen zerbitzuan 20 urte edo gehiago egin dituzten kontu-hartzaileek gehieneko puntuazioa (guztizkoaren % 30) lortzea lehiaketa fasean. Azken horrek ez du ezertan galaraziko euskararen edo beste merezimendu batzuen balorazio gehigarrirako aplikatu beharreko araudian xedatutakoa.
Legeak bide ematen dion bigarren toki entitate mota plangintza orokorrerako mankomunitatea da. Entitate horien ardura izanen da legeriak esleitzen dizkien toki eskumeneko zerbitzuak ematea (esate baterako, hondakinak, ur hornidura edo gizarte zerbitzuak). Koordinazioaren xede den gaiari erreparatuta, hartan parte hartuko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, eskualdeek eta 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek, bai eta biztanle gehiagokoek ere, hala eskatzen badute.
Foru lege bidez, zerga arloko kudeaketan, diru-bilketan eta ikuskaritzan eskumenak esleitzen ahal zaizkie mankomunitate horiei, dauzkaten eginkizunei eta, kasua bada, ematen dituzten zerbitzuei dagozkienak. Entitate horiek sortzeko ekimena Foru Komunitateko Administrazioarena izanen da (Nafarroako Gobernuaren erabakia), toki eskumeneko zenbait zerbitzuren ematea koordinatzeko dauzkan ahalmenen indarrez. Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu propio berariazkoak izanen dituzte, Foru Komunitatearen gaikuntzarekin.
Entitate horien gobernu organo gorena, batzarra, mankomunatutako entitateen (Foru Administrazioaren eta toki entitateen) ordezkariek osatuko dute. Udaletan osoko bilkurari dagozkion eskudantziak edukiko ditu.
Partzuergoei dagokienez, bermatzen da administrazio publiko bati atxikita egonen direla bai toki entitateen eta bestelako administrazio publikoen artean eratutako partzuergoak, bai toki entitateen eta toki administrazioek dituzten interes publikoko helburuetarako aritzen diren elkarte, fundazio edo entitate pribatuen artekoak.
Kontzejua Nafarroako erakunde-tradizioan giltzarri den toki entitatea da. Legeak kontzeju irekia eratzeko aukera ematen du 50 biztanle baino gehiago dituztenetan, baldin eta borondatez hala eratzea erabakitzen badute. Era berean, batzar bidez funtzionatzen ahalko dute kontzeju irekiko araubidean jarduten dutenek, kideen erabateko gehiengoak hala erabakitzen badu.
Batzar bidez funtzionatzen duten kontzejuen kasuan, batzarreko bokalen kopurua handitzea ezartzen da, 6 izan daitezen populazioa 1.000 biztanle baino gehiagokoa denean.
Berariaz aurreikusten da kontzejuko buruaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko aukera ere, eta, halaber, entitate horri auzolana edo komunitatearen onurarako lana antolatzeko ahalmena aitortzen zaio, toki ogasunen gaineko araudian aurreikusita dagoen bezala.
Kontzejuak dituzten udaletan, kontzejuen interesei zuzenean eragiten dieten gaietan, gai horiei dagozkien erabakiak hartzeko prozesuan eta kudeaketaren segimenduan parte hartzeko eskubidea bermatzen zaie, eta, horretarako, kontzejuen parte-hartzerako kontsulta organo espezifiko bat sortzen da.
Horrekin batera, kontzejuaren eta udalaren arteko harremanetarako sistema bat ezartzen da, eskumenak batera erabiltzea ahalbidetuko duena, eskatzen diren gutxieneko zereginak kontzejuak modu autonomoan betetzerik ez duenean bere baliabide materialekin eta langileekin. Horrela kontzejuen iraupena ziurtatuko da, eta, aldi berean, biztanleei ematen zaien zerbitzua hobetuko.
Eta kontzejuak azkentzeko arrazoiei dagokienez, kendu egiten da biztanle kopuruarena, eta arrazoien artean sartzen da, berriz, bi hauteskundetan jarraian hautagai-zerrendarik ez aurkeztea.
Ekonomiaren arloan, legeak finantzaketa eredu berria ezartzea proiektatzen du. Eredu hori bat dator nahikotasun finantzarioaren, aurrekontu-jasangarritasunaren eta toki-autonomiaren printzipioekin, horiek baitira Nafarroako Toki Administrazioaren kontzepzio gaurkotuaren oinarria.
Helburu horretarako, 2019ko abendua baino lehen Nafarroako Gobernuak finantzaketa proposamena igorriko dio Parlamentuari, gaur egun Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotzen diren diru-laguntza finalisten ordez finantzaketa moduluak pixkanaka ezartzeko. Proposamen horretan toki entitateek ematen dituzten zerbitzuak finantzatzeko diru-laguntzak ere sartuko dira, haien legeria sektorialarekin bat.
Erreformak eragina du bai toki ogasunen funtsetan (transferentzia arruntak nahiz kapital-transferentziak), bai udal tributuetan. Helburua da toki entitateen eskumenei eta betebeharrei aurre egiteko moduko askitasun ekonomikoa bermatzen duen finantzabidea lortzea, lurralde orekaren eta kohesioaren printzipioa ikusgai jarriko duena eta udalerrien arteko elkartasunari balioa emanen diona. Udalerriek finantzaketa eta baliabideak amankomunean jarri beharko dituzte, herritarrei ematen dizkieten zerbitzuen hobekuntza gerta dadin.
Toki entitateek tributu sarreretan parte hartu behar dutenez, foru legeak Toki Ogasunen Funtsaren zuzkidura ezartzen du Nafarroako Ogasunaren tributu sarreren portzentaje finko eta egonkor batean oinarrituta. Parte-hartzearen portzentajearen zenbateko zehatza aurrerago ezarriko da beste arau batean, hura kalkulatzeko behar diren azterketak egin ondoren. Lan horrek ekarriko du, halaber, zenbait eskumen zedarritu eta argitzea, gaur egun foru esparruan eta toki esparruan gainezkatuta baitaude.
Ildo horretatik, toki entitateen heldutasuna aintzat harturik, nabarmen gutxitzen da Nafarroako Gobernuak Toki Ogasunen Funtsean zerbitzu finalistak finantzatzekoa den partearen kudeaketan eta bideraketan daukan esku-hartzea.
Era berean, eskualde mailako katastro-balorazioko ponentziak egiteko aukera ezartzen da, eta xedatzen da balorazio-ponentziak eguneratzearen betebeharra urratu izanaren ponderazioa kontuan hartua izan dadila (Toki Ogasunen Funtsaren banaketan).
Orobat, portzentaje-tarte berri bat ezartzen da, % 0,25etik % 0,50era bitartekoa, bai lurraren kontribuzioaren zerga-tasa zehazteko bai bizilagunik gabeko etxebizitzen gaineko zergaren lehen urtea finkatzeko; eta horrek dakar abenduaren 29ko 20/2005 Foru Legearen xedapen iragankor bakarra aldatu beharra.
Lurraren gaineko kontribuzioaren tasa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 21/1995 Foru Legearen 139. artikuluan ezarritako gutxienekotik behera duten udalerriek bost urteko epea izanen dute tasa igotzeko, aipatutako tarte horretan kokatu arte.
Foru legeak indarra hartzen duenetik hasita, Nafarroako Gobernuak sei hilabeteko epea izanen du Nafarroako hiri hondakinen tratamendurako egungo partzuergoaren ordezko ente publikoa sortzeko.
Legeak, azkenik, Nafarroako Administrazio Auzitegian gora jotzeko errekurtsoa aurkezteari buruzko zenbait agindu aldatzen ditu, horien testua administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren gaineko araudian eta isiltasun administratiboaren araubide orokorrean ezarritakora egokitzeko, halako moduan non Administrazioaren jarduera-eza eta izatezko bideak ere aurkaratu ahalko baitira.
Osoko Bilkurako eztabaidan in voce zuzenketa bat eztabaidatu eta onetsi da, baita boto partikular bat ere, biak Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek aurkeztuak eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik babestuak. UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa eman dute.
Aurrera egin du Nafarroako Toki Administrazioetako negoziazio mahai nagusi bakarra eratzeko asmoak. Haren bidez “langile funtzionario edo lan-kontratudunen baldintzen negoziazio kolektiboa zentralizatu nahi da”. Zuzenketa hau baztertu egin zen Batzordean Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik ez baitzuen babestu, baina gaur Gobernua babesten duten beste hiru alderdiek berreskuratu dute.
Aurrekoarekin batera, boto partikularrak zehazten du Nafarroako Gobernuarekin sinatutako akordioak eskualdearen sorreraren aldekoak balira, Eskualdeko Batzorde Teknikoan langile kaltetuen ordezkariak integratzea “Nafarroako Administrazio Publikoen Mahai Orokorraren” proposamenpean egingo direla. Batzorde horretan Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariak ere egongo dira, udal eta entitateetakoak ere.
Ez dira izapidetzeko onartu (UPNk eta PPk uko egin dute) Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek aurkeztutako bi in voce zuzenketa, Orain Bai-ko lau parlamentariekin adostutako akordioak jasotzen zituztenak eta, aurreratu dutenaren arabera, Toki Administrazioaren erreforman gehituko dira laster aurkeztuko duten Lege Proposamen baten bidez.
Lehenengo zuzenketak Eskualde Batzorde Teknikoetan Langileen Azpibatzar baten sorrera proposatzen zuen, Toki Entitateen ordezkaritza batek eta ordezkaritza sindikalak osatua, eta “langile publikoen lan baldintzetan eragina izan dezaketen aspektuak” landuko lituzke. Helburu honekin, “Batzorde Teknikoaren txostenaren eranskin gisa sartuko duten txosten bat egingo dute Nafarroako Gobernura irits dadin”.
Onetsi ez den bigarren in voce zuzenketak Toki Entitateek sinatutako kontratuak deuseztatzea galarazi nahi zuen, “arrazoi ekonomiko edo teknikoengatik, edo antolaketari edo ekoizpenari buruzkoak direla eta”. Zentzu horretan, aipatzen da zerbitzu publikoen birrantolaketak “hauen kalitatea hobetzeko eta prestazioen eraginkortasuna hobetzeko” balio behar duela, ez “enplegua suntsitzeko”.
-
Foru lege proiektua (104. NPAO, 2018-09-06koa)
-
Zuzenketak (3. NPAO, 2019-01-15ekoa)
Archivos adjuntos