Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Martxoak 25

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko zuzendari Oskar Zapata

Parlamentuari “Euskaraldia”rekin bat egiteko eskatu diote. Ekimen hori euskararen erabilera eta sozializazioa aktibatzeko ekimen soziala da, elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako elementu gisa ulertuta.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Nafarroan duen zuzendari Oskar Zapata hartu du gaur bere bulego ofizialean. Taupa Euskaltzaleen Mugimendua elkarteen eta pertsona-taldeek osatutako gizarte-mugimendua da, euskararen normalizazioaren aldekoa. Euskaraldiak Nafarroan duen koordinatzaile Sarai Roblesek ere parte hartu du bileran.

 

Bertan, Zapatak eta Roblesek Euskaraldiaren xehetasunen berri eman diote lehendakariari, eta gogora ekarri dituzte Gero eta aldeko gehiago izenburupean duela urtebete aurkeztu zuten agiriaren ildo nagusiak, zeinen helburua baita “gehiengo sozial bat sortzea, euskararen aldeko gehiengo politiko bat berekin ekarriko duena”.

 

Euskaraldia mugimendu sozial bat da, euskararen erabilera aktibatu nahi duena, euskara ulertzen dutenen hizkuntza-ohiturak aldatu eta harreman-sarea eta euskarazko sozializazioa zabaltze aldera. Euskararen sustapenarekiko eta hedatzearekiko konpromiso hori, elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako elementu gisa ulertuta, herritar eta gizarte eragileetatik sartu da eta erakundeen babesa ere badu”, adierazi du Zapatak.

 

Esandakoaren haritik eta Euskaraldiaren inpaktuarekin lotuta –bi urtetik behin egiten den ekimena da, eta aurtengoa laugarren edizioa izanen da, maiatzaren 15etik 25era bitarte–,Zapatak azpimarratu du garrantzitsua dela “komunikazio-estrategia desberdinen aldeko apustua egitea, gizartearen gehiengoarekin konektatzeko gai izanen direnak, Nafarroakoa bezain anitza den gizarte batek berezkoak dituen zeharkako balioen bidez, hala nola dibertsitatea, berdintasuna, demokrazia eta aitortza”.  Horixe da euskararekiko gizarte-pertzepzioak aztertzeko abiapuntu gisa baliatu genuen ikerketa-lanean, esan du, Gero eta aldeko gehiago ekimenaren aipamena eginez.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, konpromisoa hartu du parlamentariei eta Parlamentuko langileei lehen aldiz udaberrian, heldu den maiatzean eginen den Euskaraldia kanpainaren edizio berriari buruzko informazioa helarazteko eta bertan parte hartzeko dei egiteko. Halaber, lehendakariak berretsi du berak ahobizi rolarekin parte hartuko duela.

 

Taupa Euskaltzaleen Mugimendua euskararen inguruko 74 tokiko elkarteren topagunea da eta komunitate antolatu horren eta herritarren arteko lotura izanik, hizkuntza indartzera bideratutako sustapen-, prestakuntza-, elkartruke- eta koordinazio-ekintzak diseinatzen ditu.