Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Abuztuak 27

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak AIFOC-Estalki gaineko Instalatzaile Fotovoltaikoen Elkartea (AIFOC) hartu du

Unai Hualdek azpimarratu du Parlamentuak autokontsumorako hurbileko energia berriztagarrien sorrera sustatzeko konpromisoa duela, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko neurri gisa

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek AIFOC-Estalki gaineko Instalatzaile Fotovoltaikoen Elkarteko buru Pedro Gil hartu du gaur goizean. Pedro Gil, aldi berean, Sorkuntza Banaturako eta Energiaren Autokontsumorako Plataformako Batzorde Exekutiboaren sortzailea eta kidea da.

 

Topaketan zehar, Pedro Gilek defendatu du gizarteak eta enpresek benetan parte hartzea Sorkuntza Banatua eta Energiaren Autokontsumoa bultzatzen, tamaina txiki eta ertaineko instalazioen bidez, horrek “kontsumitzaileen kostuak murrizten eta lehiakortasuna handitzen lagunduko lukeela" uste baitu, "erregai fosilak 2050erako sorkuntza berriztagarriarekin guztiz ordezkatzeko" bidean.

 

Horretarako, edozein motatako instalazio handien (eolikoak, fotovoltaikoak edo beste sorkuntza berriztagarri batzuk) bidez sareen edukiera guztiz okupatzea saihesteko, Gilek presidenteari jakinarazi dio 1183/2020 Errege Dekretuaren 7-1 artikulua aldatu beharra dagoela. Artikulu horren arabera, sarbide- eta konexio-kontratuak lehentasun-ordenan ematen dira, bestelako bereizketarik gabe, "jarduera guztiak posible izan daitezen".

 

Ildo horretan, eta Nafarroako Parlamentuak maiatzaren 13ko Osoko Bilkuran onetsitako ebazpenean defendatutakoaren ildotik, AIFOCek eta hamabost bat erakunde eta elkartek Espainiako Gobernua premiatzen dute erraztasunak eman ditzan sareetarako sarbidean berdintasuna egoteko, hainbat potentzia-tarterekin kupoak ezarriz.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, konpromisoa hartu du ekimen hori talde parlamentarioei eta foru parlamentarien elkarteei helarazteko, eta, haiek egoki iritziz gero, irailetik aurrerako ekimena bilkura-aldiko lan-bilkura batean elkartearekin aztertzeko.

 

Horri dagokionez, lehendakariak gogoratu du Parlamentuko Osoko Bilkuran onetsitako ebazpenak honako hau jasotzen zuela, besteak beste: “Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren zuzemenak egin ditzan, energia elektrikoa garraiatu eta banatzeko sareetarako sarbide eta konexioaren erregelamendu-esparrua kupo arautuen bidez egin dadin, potentzia-tarteak eskainiko dituztenak, halako moldez non edonolako instalazioek bermatuta izanen baitute konexioa egitea instalazio txiki edo ertainetako soberakinak kanporatu ahal izateko moduan”.

 

Sorkuntza banatua edo deszentralizatua, zeina smart city edo hiri adimendun deitutakoen funtsezko atala baita, honako honetan datza: energia elektrikoa sortzea, kontsumo-puntuetatik hurbil instalatzen diren sorkuntza‐iturri txiki askoren bidez. Banaketa modu hori mikrogenerazio horren eta zentral konbentzionalen sorkuntzaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta energia berriztagarriak erabiltzea dakar; horrek sorkuntza orekatuagoa eragiten du, zeren eta CO2 isuriak eta zentral handiekiko mendetasuna murrizten laguntzen baitu.

 

Energiaren autokontsumoari dagokionez, Sektore Elektrikoari buruzko Legeak honela definitzen du: "kontsumitzaile  baten  sarearen  barruan  konektatutako  sortze-instalazioetatik  edo  kontsumitzaile  bati  loturiko  energia  elektrikoaren  linea  zuzen  baten  bidez  datorren  energia  elektrikoaren kontsumoa".

 

Hau da, norberaren kontsumorako elektrizitatea ekoiztean datza, eta hori, etxean, potentzia txikiko eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioen bidez egiten da nagusiki.

 

AIFOC-Estalki gaineko Instalatzaile Fotovoltaikoen Elkartea irabazi asmorik gabeko entitate bat da, 2011n sortu zena berriztagarrien arloko inbertsio guztiak geraraztearen ondorioz. Sorkuntza Banaturako eta Energiaren Autokontsumorako Plataformako Batzorde Exekutiboaren sortzailea eta kidea da. Eta, funtsean, energia berriztagarrien instalatzaileek eta material elektrikoko biltegi-jabeek osatzen dute.