Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Sarrigurengo BHI berria bisitatu du
Proiektua 2022-2023 ikasturterako bigarren eraikin batez osatu zain, Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E ikastetxearen funtzionaltasunaz pozten dira
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak, Geroa Bai talde parlamentarioak eskatuta, Sarrigurengo BHI bisitatu du gaur. Ikastetxe eraiki berri horren helburua da udalerriko eta, hedaduraz, Eguesibar osoko eskolatze-beharrei erantzutea. Bere lehen jarduera-urte honetan, eta batxilergoko ikasleak hartu zain (jada bigarren fasean, 2020-21 ikasturtean), ikastetxeak 99 ikasle ditu eta 30 irakaslek ematen dituzte eskolak.
Batzordekide hauek joan dira: Pedro González, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
Ekintza Landak, institutuko zuzendariak, Javier Goikoetxea eta Pablo Horcada ikasketaburuek eta Ilargi Pérez idazkariak egin diote harrera Parlamentuko ordezkaritzari.
Bisitaren xedea, María Solanak sarrera moduan zehaztu duenez, hauxe izan da: “Sarrigurengo BHIaren instalazioen ezaugarriak, hezkuntza-eskaintza (lau lerro DBHko 1. mailan eta bi 2. mailan, D eta G ereduak) eta instalazioak tokian bertan ezagutzea, berresteko joan den legegintzaldian egindako inbertsio-ahalegin handia (5,4 milioi) bat ote datorren ibarreko hezkuntza-beharrekin”.
Jarraian, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute institutuko instalazioetan zehar eta, zuzendariak eta zuzendaritza-taldeko kide batzuek lagunduta, liburutegiaren eta gela espezifikoen (musika, informatika, plastika, laborategia etab.) funtzionaltasuna egiaztatu dute, baita kirol-zuzkiduren, irakasleentzako guneen eta espazio orokorren funtzionaltasuna ere.
Ondoren, “irisgarritasun-arazoak eta galdararik eta patioan estalkirik ez egotearen ondoriozko zailtasunak” azpimarratu eta gero, zuzendariak aldarrikatu du “bigarren solairuaren diseinuan esku har” daitekeela, besteak beste, gelen neurriak handitzen saiatzeko, “oso murritzak” baitira.
Testuinguru horretan, Ekintza Landak zera adierazi du: “dibertsitate-taldeez baliatzen jarraituko dugu gela bakoitzeko ikasle ratioa 25 izan dadin, hau da, araudiak ezartzen duena baino bost ikasle gutxiago. Hala eta guztiz ere, nabarmentzen dut gelak oso murritzak direla tokiari dagokionez”, berretsi du.
Etorkizunari begira, eta matrikulazio-aurreikuspenak aintzat hartuta, zuzendariak aurreratu du datorren ikasturtean, 12 talde edukiko dituztenez, ikasleen kopurua bikoitza izanen dela eta lehen solairua beteko dutela. “Horrek esan nahi du bi urte barru (2021-2022 ikasturtean) bigarren solairuak erabiltzeko moduan egon beharko lukeela, 19 talde edukiko ditugula kalkulatzen dugulako, batxilergokoak barne hartuta. 2022-2023 ikasturterako, 28 talde izanen genituzke, eta hirugarren fasean aurreikusitako bigarren eraikina jada ezinbestekoa litzateke”.
Alderdi akademikoari dagokionez, Landak azpimarratu du zuzendaritza-taldeak “metodologia aktiboak” erabiltzeko konpromisoa daukala eta Sarrigurengo BHIa ikastetxe “ahalik eta inklusiboena” bihurtzeko asmoa duela. Horretarako, hezkuntza-komunitatea “ahalik eta egonkorrena” izateko nahia adierazi du. “Proiektuak aurrera egiteko modurik onena da”, esan du ondorio gisa.
Mintzatzeko beren txandan, Navarra Suma, PSN, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, hala badagokio bidezkoak diren ekimenak abian jartzeko. Geroa Baitik, María Solanak “gogobetetasuna” adierazi du “institutu hau gauzatzea lortzeagatik, are gehiago gainditu behar izan diren askotariko zailtasunen ondoren”.
Sarrigurengo BHI berriaren lehen faseko obrak 5.404.704,58 eurotan adjudikatu, 2018ko azaroaren 13an hasi, eta 2019ko abuztuaren 30ean amaitu ziren. Elizmendi kalean dago, 8.423,70 metro karratuko azalera eraiki baten gainean. Lau lerro dauzka DBHko 1. mailan (gaztelaniazko bi eta euskarazko bi) eta bi 2. mailan (gaztelaniazko bat eta euskarazko bat). Bigarren fasean, estaldura batxilergoko 2. mailaraino hedatuko da (20/21). Halaber, bigarren eraikin erantsi bat eraikitzea aurreikusita dago (3. fasea), eta horrela 700 ikasle baino gehiago matrikula litezke (2022-2023).