Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorra eratu da
Gaur, apirilak 8, goizeko 10:00etan egin da Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorraren eratze-bilkura. Izan ere, iragan apirilaren 2an desegin zen Legebiltzarra, heldu den maiatzaren 26an izanen diren Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deialdia egin ondotik.
Legebiltzarraren jarduera zuzentzen duen organoa da Batzorde Iraunkorra, hauteskundeetarako deialdia egiten den egunetik hurrengo legegintzaldiko eratze-bilkura egin arte (2019ko apirilaren 2tik ekainaren 19ra bitartean) edota legegintzaldi bereko bi bilkuraldiren artean –bilkuraldiak urtarriletik irailera eta irailetik abendura izan ohi dira–.
Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorra Legebiltzarreko Mahaiak eta Eledunen Batzarreko kideek osatzen dute eta Parlamentuko lehendakaria da haren lehendakaria. Eledunen Batzarreko kideek emandako boto haztatuaren sistemaz hartzen ditu erabakiak (talde bakoitza zenbat parlamentarik osatzen duen, hainbeste boto izanen ditu taldeko eledunak). Gobernuko kideak joan daitezke Batzordearen bilkuretara. Horretaz gain, talde parlamentario bakoitzak gehienez ere hiru foru parlamentari ordezko izendatzen ditu, izaera iraunkorra izanen dutenak Legebiltzarra desegiten denetik.
Batzorde Iraunkorreko Mahaia Nafarroako Parlamentuko Mahaia da, eta lehendakari Ainhoa Aznárez Igarza andreak, lehen eta bigarren lehendakariorde Unai Hualde Iglesias jaunak eta Alberto Catalán Higueras jaunak, eta lehen eta bigarren idazkari Maiorga Ramírez Erro jaunak eta Maribel García Malo andreak osatzen dute. Halaber, Batzorde Iraunkorreko kide dira ondoko eledunak: Javier Esparza (UPN), Koldo Martínez (GB), Adolfo Araiz (EH Bildu), Carlos Couso (P-AD-OB), María Chivite (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (I-E).
Mahaiko kideez eta talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarteetako eledunez gain, ondoko foru parlamentariak izendatu dituzte ordezko gisa: Carlos García Adanero eta Juan Luis Sánchez de Muniain (Unión del Pueblo Navarro), Virginia Alemán eta Isabel Aramburu (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga eta Miren Aranoa (EH Bildu Nafarroa), Laura Pérez eta Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu Orain Bai), Inma Jurío, Carlos Gimeno eta Ainhoa Unzu (Partido Socialista de Navarra), Javier García (Partido Popular de Navarra), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
Batzorde Iraunkorraren bilkurak lehendakariak deitzen ditu, bere ekimenez edo gutxienez bi talde parlamentariok edo Legebiltzarreko kideen bosten baten ordezkaritzak eskatuta. Eskaerak nahitaez jaso beharko du kasuan kasuko gai zerrenda, eta bertan soilik sartu ahalko dira Batzorde Iraunkorraren eskumenekoak diren gaiak.
Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Parlamentuaren agintaldia bukatuz gero, ohiz kanpoko eta premiazko beharra baldin badago, Legebiltzarraren eginkizun guztiak bete ditzake.
2. Bi bilkuraldiren artean, bilkura berezietara dei egiteko ekimena erabil dezake, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 17. artikuluan eta Parlamentuaren Erregelamenduko 72.2 artikuluan aipatzen denari jarraituz.
Parlamenturako hauteskundeak egin ondoren, Batzorde Iraunkorrak, Legebiltzarra osatu eta gero, aztertutako gaien eta hartutako erabakien berri jakinaraziko dio Osoko Bilkurari.
Gaurko bilkuran, Batzorde Iraunkorrak ondoko erabakiak hartu ditu:
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Nafarroan amiantoa kentzeko plan zuzendaria, Nafarroako Gobernuak igorria.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Nafarroan ekonomia zirkularra garatzeko 2030eko agenda. (ECNA 2030), Nafarroako Gobernuak onetsia.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Kontuen Ganberak eginiko fiskalizazio-txostena, Fiteroko Udalaren 2017ko ekitaldiari buruzkoa.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Kontuen Ganberaren fiskalizazio txostena, Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsari buruzkoa (2009-2018).
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Kontuen Ganberak eginiko fiskalizazio-txostena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2017ko ekitaldiari buruzkoa.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Kontuen Ganberak eginiko fiskalizazio-txostena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko farmazia-prestazioen kudeaketari buruzkoa.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginiko aurrekontu-aldaketei buruzko legezkotasunezko txostena. Aldaketa horiek 2018ko urrian, azaroan eta abenduan eginikoak dira.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Konstituzio Auzitegiaren epaia, 1319-2018 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko arazoari buruzkoa. Arazoa Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Auzitegiak planteatu zuen, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen abenduaren 27ko 19/2017 Foru Legearen xedapen iragankor bakarraren 4.2 apartatuta dela-eta.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Nafarroako Arartekoaren txostena, Huertas de Peralta enpresako plantillaren grebarako oinarrizko eskubidea ustez urratu izanari buruzkoa.
- Batzorde Iraunkorrak jasotzat eman du Nafarroako Arartekoaren txostena, ikuskatzailetzako teknikariek, Rozalejoko Markesaren higiezinean esku hartzean, Alde Zaharreko bizilagunen oinarrizko eskubideak ustez urratu izanari buruzkoa.
- Batzorde iraunkorrak onetsi ditu gai zerrendan agertzen ziren Legebiltzarraren barne araudiko gaiei buruzko proposamenak.