Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Azaroak 27

Nafarroako Parlamentuaren domina Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluari emateko ekitaldia

Unai Hualdek azpimarratu du aho batez adierazten zaiola aitortza kolektibo horri, zeina “aldaketa sozialaren eragile” baita, eta nafar gizartearen bereizgarri diren solidaritate-balioak haragitzen baititu

Nafarroako Parlamentuaren domina Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluari emateko ekitaldia egin da gaur Osoko Bilkuren aretoan; erabaki horrek Legebiltzarraren aho batezko babesa jaso du, denek bat egin baitute “Foru Komunitateko kolektibo, entitate eta pertsona guztien solidaritatea”-ri zuzendutako omenaldi izan den ekitaldi horrekin. Oraingoan, aipamen berezia egin zaio Valentziako Erkidegoko Erregio Etxeari, ehundura sozialeko lurralde arteko lankidetzaren erakusle nagusi eta hurbilena denari.

 

Parlamentuak ematen duen sari gorena da, eta, xede horretarako onetsitako Adierazpen Instituzionalean azaldutakoaren arabera, “gizarte hobe baten eraikuntzan” inplikatuta dauden eta “erakundeekin lankidetzan” diharduten norbanako eta erakunde guztien ibilbidea saritzea du helburu.

 

Bere mintzaldiaren hasieran, Unai Hualdek garrantzitsutzat jo du modu batean edo bestean boluntariotzaren parte diren pertsona, enpresa, kolektibo eta langile profesionalizatu guztien ausardia, kontuan hartuta inguruan dugun hori, guztiona dena, hobetzeko interes nagusiak lotutako sare soziala dela boluntariotza.

 

“Nafarroa gizarte militantea da: protesta egiten dugu bidegabekerien aurrean, gure aldarrikapenak adierazten ditugu, eta, batez ere, laguntzeko prest egoten gara behar denean. Eta ez da modu interesgabean egindako lana; izan ere, kobratzen ez bada ere, badago interes bat, gure ekosistema hobetzeko interesa, hain zuzen ere. Boluntariotza gure gizartearen nortasun-ezaugarri garbia da, Nafarroa markaren adierazgarri. Eta aldaketa sozialerako eragile ere bada, laguntzari denbora eta ahalegina eskaintzeaz gainera, gai garrantzitsuak jorratzen baititu, eta, horrela, kontzientziazioa sustatzen du”, azaldu du Hualdek.

 

Horren harira, “konpromiso sozial”-ari dagokionez, zeina are azpimarragarriagoa baita “gero eta indibidualistagoa” den gizarte-esparru honetan, lehendakariak berezko dugun solidaritate hori zaintzera dei egin du; eta zaindu, norengandik? Bada, “klima-aldaketa badela ukatzen dutenengandik, migrazio-fenomenoa mehatxu gisa ikusten dutenengandik eta indarkeria matxista arazotzat jotzen ez dutenengandik. Zorionez, gutxiengoa dira Nafarroan. Agian horrek izanen du zerikusia gure militantziarekin, gure konpromiso sozialarekin. Edonola ere, erakundeok ahal beste ahalegin egin behar dugu, gizarte zibilarekin besoz beso lan eginez, eta xedea zein den ahaztu gabe: gizarte hobe eta bidezkoago bat lortzea, alegia”, adierazi du Hualdek.

 

Ildo horretatik, azpimarratu ostean 2024-27 eperako III. Boluntariotza Plana abian jarri dela eta laster “boluntariotza aldaketa sozialerako eragile gisa arautzera” bideratutako foru lege berri bat izapidetuko dela, GOIDIak edo goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako tragedia ekarri du gogora lehendakariak. Aipamen zuzena egin dio, beraz, Valentziako Erkidegoari, hura izan baita kaltetutako eremu nagusia. Hori horrela, “babesa eta solidaritatea” helarazi dizkie berriz biktimei eta haien familiei, eta nafar gizartearen lankidetza azpimarratu du, bere hitzetan “ehunka kausatan laguntzeko prest” egoten baita.

 

Solidaritate konprometitu eta antolatu horri buruz sakondu du, herri-ekimenaren adierazpen kualifikatua den heinean, eta baieztatu du hori garbi ikusi dela Valentzian eta kaltetutako gainerako erkidegoetan. Lehendakariak, orobat, nabarmendu du nafar boluntariotzak erantzun bizkorra eman duela Levanten duela gutxi bizi izan denaren moduko egoera “zail” batean.

 

“Gaur, errealitate hurbilenarekiko senidetasun-keinu gisa, aitortza adierazi nahi diogu, baita ere, Valentziako Erkidegoko Erregio Etxearen Nafarroako egoitzari, Nafarroako kolektibo, entitate eta pertsona guztien solidaritatearen eta erakundeekin gauzatzen duten lankidetzaren ikur izanik. Erantzukizun publikoak ditugun kargudunok okerrak egiten ahal ditugu, baina inoiz ere ezin ditugu alde batera utzi enpatia, duintasuna, errespetua eta on publikoarekiko dugun konpromisoa. Espero dut, eta sinetsita nago hala izanen dela, guztiok akatsetatik ikastea, eta erakundeen erantzunak hobetzea, baita koordinazioari dagokionez ere, hainbat eta hainbat pertsona eta kolektibo altruistaren laguntzeko nahiari bidea emateko prest egon behar baita”, gehitu du Hualdek.

 

Bukatzeko, Unai Hualdek eskerrak eman ditu berriz “milaka eta milaka nafarrek egiten duten boluntariotza-lanagatik”, eta animatu ditu jarraitu dezaten errealitate egiten “Eduardo Galeanok esana: Jende txiki askok, leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua alda dezake. Eta nik gehitzen dut, gauza txiki horiek, oso handiak direla egiaz. Mila esker”.

 

Jarraian, Yolanda Ibáñez Mahaiaren lehen idazkariak, eta Mikel Zabaleta bigarren idazkariak Adierazpen Instituzionala irakurri dute, Eledunen Batzarrak azaroaren 21ean onetsia Nafarroako boluntariotza osatzen duten kolektibo, entitate eta pertsona guztiei aitortza adierazteko eta eskerrak emateko.

 

Era berean, Legebiltzarreko gobernu-organoaren Erabakia irakurri dute, zeinen bidez, baiespenez orain ere, xedatu baita Nafarroako Parlamentuaren domina ematea Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluari.

 

Horren jarraian, Unai Hualdek domina bera eta Erabakiaren eta Adierazpen Instituzionalaren testuak eman dizkie Nataliar Herce Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren lehendakariordeari eta Almudena López Valentziako Erkidegoaren Etxearen Nafarroako egoitzako lehendakariari (Erabakia soilik).

 

Domina jaso ostean, Hercek eta Lópezek eskerrak eman dituzte sariagatik, eta aldarrikatu dute beharrezkoa dela erabaki- eta kudeaketa-esparruak “antolatuta dagoen eta parte hartzeko gogoz, topaketarako eta lankidetza eraldatzailerako espazioak sortzeko gogoz dagoen” gizarte baten parametro logikoetara egokitzea. Hori guztia ingurune “bidezkoago eta oparoago” bat lortze aldera, eta azpimarratu dute boluntariotzak ekarpen garrantzitsua egiten duela lan horretan.

 

“Boluntariotza Kontseiluak ordezkatzen duen Nafarroako boluntariotza-ekosistemaren atzean milaka herritar eta entitate daude, horiei harrera eta lagun egiten dietenak, kudeaketa hori bideratzen duten pertsonez eta administrazio publikoez gainera. Nafarroako herritarren % 44, emakumeak asko, boluntario gisa aritu dira bizitzako uneren batean. Orain, erronka da Boluntariotzaren Foru Legea eguneratzea –1998koa da–, eta norbanakoen solidaritatea bideratzen duten entitate sozialak sendotzea. Sendotu egin behar dira, orobat, enpresa publikoen eta pribatuen inplikazioa eta itunak (boluntariotza korporatiboa). Eta boluntariotza eraldatzaile baten aldeko apustua egin behar da, zeinek egiturazko kausetan jarri beharko baitu arreta. Horrek guztiak babes ekonomikoa eskatzen du. Domina hau ohore handia da, baina ez da nahikoa. Erakundeak eta alderdi politikoak premiatzen ditugu ekintzen bidez erakuts dezaten boluntariotzarekin duten konpromisoa. Laster, aurrekontuak onetsiko dira, eta hor edukiko duzue aukera erakusteko ea Nafar gizartearen mailan zaudeten”, adierazi du Natalia Hercek, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren lehendakariordeak.

 

Almudena Lópezek, Valentziako Erkidegoaren Etxearen Nafarroako egoitzaren lehendakariak, eskerrak eman dizkie “Nafarroako boluntario eta herritar guztiei, lehen unetik dena emanda egon baitira herrialde honetako historia osoko hondamendi natural handiena izan den honetan. Eskerrik asko, baita ere, Nafarroako erakundeei, materiala, ibilgailuak eta langileak eskaini baitzituzten zalantza egin gabe. Eta, nola ez, Legebiltzar honi, boluntariotzak bere lan guztietan eta bakoitzean egiten duen lanari aitortza adieraztegatik, eta bereziki Valentziarekin lotutakoei dagokienez. 200 bizitzatik gora eraman ditu hondamendiak, eta 300.000 pertsonari baino gehiagori eragin die. Ez gaitzazue ahaztu; hilabete asko falta dira aurreko ongizate-egoera berreskuratzeko. Valentziar herri osoaren izenean, eskerrak bihotz-bihotzez. Solidaritate-olatuak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Bihotz erraldoia duzue. El Poble salva al Poble”, esan du bukatzeko.

 

Nafarroako Gobernuko Tronpeta eta Tinbal Bandak egin du ekitaldiaren musika-akonpainamendua; Nafarroako ereserkia jo dute hasieran, eta Haritza pieza bukaeran. Parte hartu du, baita ere, “Spem in alium” ganbera-koruak; Ací vaig nàixer pieza interpretatu dute.

 

Ekitaldia 2024ko Nafarroaren Egunaren ospakizunaren esparruan antolatu da. Bertan izan dira, besteak beste: María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Félix Taberna lehen lehendakariordea, Ana Ollo bigarren lehendakariordea, Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakaria, Patxi Donazar Arartekoa, Xabier Alcuaz FNMCren lehendakaria, Fernando Belzunce (ASPACE), Jose Luis Herrera (ADACEN), Cristina Mondragón (CERMIN), Roberto Pérez (ANFAS), Idoia Oneca (CEAR), Txaro Pardo (ANARADS), Blanca Alfaro (Elikagaien Bankua), Isabel Cadena (Gurutze Gorria), Marisa Aristu (Proyecto Hombre), Mahaia eta Eledunen Batzarra, eta ganberan eserlekua duten talde eta elkarte guztietako parlamentariak.

 

Hona hemen aurrez Nafarroako Parlamentuaren domina jaso dutenen zerrenda:

Juan Carlos I.a, Espainiako Erregea (1988); Víctor Manuel Arbeloa, Foru Parlamentuaren lehendakaria (1989); Balbino Bados, Nafarroako Parlamentuaren lehendakaria I. Legegintzaldian (1989); Javier Gómara, Nafarroako Parlamentuaren lehendakaria II. Legegintzaldian (1991); Javier Otano, Nafarroako Parlamentuaren lehendaria III. Legegintzaldian (1995); María Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuaren lehendaria IV. Legegintzaldian (1999); José Luis Castejón, Nafarroako Parlamentuaren lehendaria V. Legegintzaldian (2003); Rafael Gurrea, Nafarroako Parlamentuaren lehendaria VI. Legegintzaldian (2008); Euskaltzaindia (2019); C.A. Osasuna (2020); Gizarte Entitateen Plataforma  (2021); Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Lehen Sektorea (2022); Foru Komunitateko kirol-federazioak, ATEDENA-NAKITEL, Nafarroako kirol-entitateak eta -kolektiboak (2023).