Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 27

Nafarroako Parlamentuan ekitaldi bat egin da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 49. urteurrena ospatzeko

 Hualdek azpimarratu du Ganberak Saharako kausaren defentsarekiko duen konpromiso solidario eta nabarmena

Gaur arratsaldean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 49. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egin da Nafarroako Parlamentuan, Sahararen Nafarroarako ordezkaritzaren eskariari jarraituz antolatuta.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera topaketari, eta gogora ekarri du “Parlamentu honek, giza eskubideen urraketa ororen aurrean egiten duen moduan, irmoki salatu behar du, indar handiagoz, posible bada, Saharako herritarren egoera, ikusezin bihurtutako gerra gogor baten ondorioz okerrera egin duena.

 

Horrekin lotuta, Hualdek “Saharako herriaren indarra” aldarrikatu du, eta, era berean, aukera baliatu du “Saharak Nafarroan duen ordezkaritzaren lana eskertzeko, bai eta Saharako herriarekin lan egiten duten Nafarroako elkarteena ere, ezinbestekoa baita”. 

 

Ondoren, SEADek Nafarroan duen ordezkari Hamdi Ahmed Omarrek hartu du hitza eta gogora ekarri du “gaur ospatzen dugu duela 49 urte herri ausart eta batu bat, askatasunaren eta demokraziaren balioak gidari, Saharako Arabiar Errepublika Demokratiko gisa eratu zela”.

 

“Ia mende erdi geroago, gaur egun Saharako kausak zenbait garaipen lortu ditu, bai eta zenbait nazioarteko epai ere, Saharako herriaren eskubideak babesten dituztenak”, nabarmendu du.

 

Ondoren hitza hartu dute Nafarroako Gobernuko Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusi Inés Jiménezek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazek, Iruñeko Udaleko zinegotzi Maider Beloki eta Saharako herriarekin harremana duten Nafarroako elkarteetako ordezkariek.

 

Hala, Eduardo Irigoyenek Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartearen izenean esan duenez, “igarotzen den egun bakoitzean areagotu egiten da zuekin egiten den bidegabekeria, eta, aldi berean, hazi egiten da zuen duintasuna eta guk guztiok borroka horretan laguntzeko dugun konpromisoa”.

 

Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearen izenean, Charo Pardok nabarmendu du “gaur Saharako herriaren ausardiaz hitz egitea dagokigu, bai eta beren lurraldearen okupazioaren eta Espainiaren abandonuaren aurrean SEAD aldarrikatu izanaz ere. 50 urteko borroka eta erresistentzia, indartsuago egin zaituzten askatasunerako bide horretan”.

 

Azkenik, Saharako Kabiaken izenean, Iosu Jimenezek gogora ekarri du nola “Saharako Estatua urte hauetan guztietan eraiki den herritarren parte-hartze zuzenarekin eta elkartasunaren –ez karitatea– bidez, eta gu ere horren parte sentitu gara”.

 

Jardunaldia ixteko, Bakea eta Askatasuna Sahara Mendebaldean taldeartekoaren koordinatzaile Carlos Guzmánek esan du “Sahararen kausa ez dela soilik Saharako herriaren kausa, bakea, askatasuna eta giza eskubideak herri guztietarako defendatzen ditugun gizon eta emakume guztion kausa baizik”.

 

“Espainiako Estatuak zor historiko eta politikoa dauka Saharako herriarekin, eta hori ezin dugu saihestu eta are gutxiago ahaztu”, adierazi du.