Noiz argitaratua Astelehena, 2025.eko Urtarrilak 27

Nafarroako Parlamentuak “Holokaustoaren biktimen gomutaz” erakusketa inauguratu du, Nafarroan Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatua

Urtarrilaren 31ra arte egonen da jendearentzat ikusgai, eta Holokaustoaren Biktimen Oroitzapenerako Nazioarteko Egunaren ospakizunaren testuinguruan kokatzen da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur inauguratu du “Holokaustoaren biktimen gomutaz” argazki erakusketa, Nafarroan Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eta Amical Mauthausen-en Euskadiko eta Nafarroako ordezkaritzak antolatua.

 

Bere mintzaldian Ibai Hualdek nabarmendu du “Nafarroako erakundeok jadanik urte asko daramatzagula gure komunitateko elkarte-ehundurarekin batera memoriaren arloa lantzen, eta oinarrizkoa dela hori halaber egitea gertatu zenari buruzko dibulgazioa eta salaketa egiten duen erakusketa hau bezalako jardueren bitartez ere”.

 

“Gaur bezalako egun honetan, Holokaustoaren Biktimen Oroitzapenerako Nazioarteko Eguna ospatzean, erreibindikatu behar ditugu Nafarroan erakundeok aplikatu eta aplikatzen ditugun memoriaren eta bizikidetasunaren arloko politika publikoak”, adierazi du lehendakariak.

 

Hori dela-eta, Nafarroan Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko lehendakari Amaia Lergak azpimarratu du “nazien basakeria deslegitimatu behar dela, baina ahaztu gabe biktimen zati bat: errepublikarrak”.

 

“Hau bada ere omenaldi konkretu bat, nazien deportazioa eta sarraskia jasandako ia 60 nafarrendako; izan ere, haietatik hogeita hamabosten bat ez ziren bizirik atera bertatik. Genozidio batetik beste batera iragan zirenendako” adierazi du.

 

Beste alde batetik, Amical Mauthausen-ek Euskadi eta Nafarroarako duen ordezkari Juan Francisco Murillok azpimarratu du “gaur egun historia errepikatzen ari dela”. “Zalantzarik gabe eremu hau ez da joan den mendeko hogeita hamarreko edo berrogeiko hamarkadetako bera, baina gaur inoiz baino beharrezkoagoa da historia irakastea oroimenarekin, belaunaldi berriek jakin dezaten zer gertatu zen, eta zer gertatzen ari den munduko hainbat herrialdetan”, nabarmendu du.

 

Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute, erakusketako komisario gisa aritu den Juan Francisco Murilloren beraren eskutik.

 

Erakusketan 15 roll-up eta 20 argazki daude, testu elebidunekin, zeinen bidez gogorarazten baitira Holokaustoarekin lotutako alderdiak, esate baterako, 30eko hamarkadan izandako Frantziarako erbesteratzeak, Frantziako barneratze-esparruak, Nafarroatik deportaturiko pertsonak, erailtze-modu ankerrak, edo emakumeen eta heroi anonimoen borroka.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, urtarrilaren 31ra arte, ostiralarekin, 9:00etatik 20:00etara, salbu eta ostegunean, hilak 30, Osoko Bilkuraren kariaz itxita egonen delako.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko askotarikoei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, Bigarren Lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, Ángel Ansa (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin).