Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Otsailak 25

Nafarroako Parlamentuak “Burkina Faso: ikusten (ez) den krisia” erakusketa inauguratuko du, Médicos del Mundo elkarteak antolatua

Erakusketa martxoaren 15era arte egonen da zabalik, eta azken urteetan herrialdeak bizi duen krisi humanitarioa ikusaraztea du xede

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek "Burkina Faso: ikusten (ez) den krisia" argazki-erakusketa inauguratu du gaur, Nafarroako Médicos del Mundo elkarteak antolatua.

 

Bere hitzartzean, Unai Hualdek eskerrak eman dizkio Médicos del Mundo elkarteari esparru horretan eta beste batzuetan egindako lan onagatik, eta nabarmendu du "Burkina Fasoko 3,5 milioi biztanle baino gehiagok, hau da, biztanleriaren % 15ek, ez dutela behar adinako elikadura izateko aukerarik, eta nazioarteko komunitateak ia ez diola arretarik jartzen horri".

 

"Nafarroatik gure harri-koskorra ekartzen ahal dugu, Afrikako herrialde horretan bizi den egoera bidegabeari ikusgarritasuna emanez eta hura salatuz gaur aurkezten ari garenaren moduko ekimenen bitartez", adierazi du lehendakariak.

 

Horri dagokionez, Médicos del Mundo elkarteko lehendakari Xandra Requizek honako hau nabarmendu du erakusketari buruz: "helburu argia du: komunikabideetan eta agenda politikoetan ahaztuta edo baztertuta dauden krisi humanitarioak ezagutzera ematea".

 

“Gaur egungoaren moduko mundu globalizatu batean, inoiz baino premiazkoagoa da munduko beste leku batzuetan gertatzen dena ezagutzea, ulertzea eta horrekiko erantzukidetzea", esan du.

 

Inaugurazio-ekitaldiaren ostean, parlamentariek bisita gidatua egin dute Médicos del Mundo elkarteko Komunikazio eta Proiektu Teknikaria den Jaione Euguiren eskutik; hain zuzen ere, erakusketako komisario gisa ere jardun du.

 

Erakusketak 3 totem interaktibo ditu, eta horien bidez, parte-hartzaileek krisi honen dimentsio desberdinak aztertzen dituzte: Burkina Fasoko testuinguru soziopolitikoa eta klimatikoa, hango osasun-sistemaren kolapsoa eta horren guztiaren ondorio suntsitzaileak arintzen ahalegintzen ari diren erantzun humanitarioak.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai martxoaren 15era arte, larunbatarekin, 9:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, itxita egonen baita Osoko Bilkuraren kariaz.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak bere ateak irekitzen baititu eta sostengua ematen baitie artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko askotarikoei.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Ainhora Unzu, lehen lehendakariordea; Juan Luis Sánchez de Muniain, bigarren lehendakariordea; Yolanda Ibáñez, lehen idazkaria; eta Mikel Zabeleta, bigarren idazkaria, bai eta talde parlamentarioetako ordezkariak ere: Isabel Olave (UPN), Maite Esporrín (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Daniel López (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa).