Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Urriak 18

Nafarroako Parlamentuak "San Juan de Dios ospitalea: gure historia, zure historia" erakusketa inauguratu du

Azaroaren 12ra arte egonen da jendearentzat ikusgai, eta horren bidez ospitalearen laurogeigarren urteurrena ospatu nahi da, daukan argazki-funtsaz baliaturik

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian inauguratu du San Juan de Dios ospitalea: gure historia, zure historia erakusketa, zeinaren bidez ibilbide fotografiko bat egiten baita, Iruñeko San Juan de Dios ospitalearen 80 urteko historiaren oroigarri.

 

Bere inaugurazio-hitzaldian, Unai Hualdek goraipatu egin du San Juan de Dios ospitaleak 80 urte honetan Nafarroako osasungintzari eskaini dion eta eskaintzen dion "funtsezko" zerbitzua, eta oroitarazi du ezen, 1990ean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak "erreferentzia-zentro" hau erabilera publikoko zentro pribatu irabazi-asmogabetzat integratu zuela Nafarroako osasungintza-sare publikoan. Harrezkero, jarraitu du, San Juan de Dios "aitzindari izan da Zainketa Aringarrietako Unitatea sortuz, eta erreferente da, milaka paziente artatuta".

 

Ospitalean jardun diren pertsona guztien lanarengatik eskerrak eman ondoren, Hualdek nabarmendu du beharrezkoa dela zerbitzu publiko "sendoagoak" eta osasun-ekosistema "mardulagoa" eskaintzea, beharrizan hori pandemiak "are nabariago" utzi duelarik, eta amaitu du esanez: "Parlamentutik lanean arituko gara Gobernuarekin eta ospitale nahiz osasun-etxeetako langileekin batera, gure zainketak, gure osasungintza eta gure gizartea hobetzen segitzeko".

 

Jarraian, San Juan de Dios ospitaleko zuzendari gerente Patricia Segura andreak bere esker ona adierazi dio Legebiltzarrari, aukera emateagatik "Nafarroako gizartearekin partekatzeko, haren ordezkaritasun handieneko erakundearen egoitzan, ospitalearen 80 urteko historia, zeina nafar guztien historiaren parte bat ere bai baita".

 

Segurak azaldu du erakusketa hau ibilbide fotografiko bat dela, non ospitalearen historiako une gogoangarriak agertzen baitira, hala nola lehenbiziko harriaren ezarpena, 1935ean gauzatua, 1943ko inaugurazioa, edo instalazioen eraberritze eta zabalpena, zeinen emaitza 2016an inauguratu baitzen. Adierazi duenez, ibilbidearen bitartez "ohargarri egiten da erakunde horrek garai berrietara egokitzeko egin duen etengabeko ahalegina. Eraldaketa hori nafar gizartearen bilakaerari loturik ehundu du, zerbitzu publiko izateaz ongi jabeturik betiere, eta biztanleriaren osasungintza-beharretara moldatuz".

 

Bukatzeko, ospitaleko zuzendari gerenteak aldarrikatu du "zerbitzu-bokazioak bere horrexetan dirauela, Nafarroako gizartearen osasun eta ongizatearentzat lagungarri izateko daukagun irrikari helduta. Horretara bideratzen dugu gure ahalegina, egunero bikaintasunera iritsi nahian, erakundearen ezaugarri diren balioak gidari ditugula: abegikortasuna, kalitatea, errespetua, ardura eta espiritualtasuna".

 

Inaugurazioa amaitzeko, ibilbide gidatua egin da erakusketan barrena, bertako komisario eta ospitaleko komunikazio-arduradun den Mónica Ruiz de la Cuestaren eskutik.

 

San Juan de Dios ospitalea: gure historia, zure historia erakusketa 55 argazkiz osaturik dago, zeinak kartoi lumazko taula etzanetan paratuta baitaude. Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, azaroaren 12ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak sustatua bere ateak askotariko adierazpen artistiko eta dibulgaziozkoei irekitzeko eta haiei babesa emateko.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, Bigarren Lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, Mikel Zabaleta Bigarren Idazkaria, Leticia San Martín (UPN), Maite Esporrín (PSN), Txomin González (EH Bildu), Blanca Regúlez (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).