Nafarroako Parlamentuak Saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea berresten du
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko azaroaren 16an
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea berresten baitu. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak berresten du Saharako herriak autodeterminazio-eskubidea daukala, Nazio Batuek emandako ebazpenekin bat.
2. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du ezen Espainiak, Lurraldeko potentzia administratzaile gisa, orain de iure, bere gain hartu zuela Nazioarteko Komunitatearen aurrean "saharar populazioaren interesak babestea eta haren erakunde politikoak garatzea, Gobernu propioaren osotasunera eramateko".
3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu Saharako herriaren askatasunaren alde eta haren eskubide legitimoak berreskuratzearen alde onetsi diren adierazpen instituzional eta gainerako erabaki guztiak.
4. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok legez kanpo okupatzen duela Mendebaldeko Sahara, eta ez zaiola lurraldearen gaineko inolako subiranotasunik aitortzen.
5. Nafarroako Parlamentuak funtsezko deritzo Mendebaldeko Sahararen lurralde-batasuna eta nazioartean aitortuta dituen mugak errespetatzeari.
6. Nafarroako Parlamentuak uste osoa du Saharar Estatu Independente bat oreka- eta egonkortasun-faktorea dela erregioan.
7. Nafarroako Parlamentuak erabateko konbentzimendua dauka Mendebaldeko Saharako problemak bere horretan dirauela sahararrei beren askatasun eta autodeterminaziorako eskubide zilegiak ukatzen zaizkielako.
8. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean Nazio Batuen babesarekin adosturiko Mendebaldeko Saharako su-etena Marokok hautsi izana, eta sakon deitoratzen du saharar herriari inposaturiko gerra.
9. Nafarroako Parlamentuak Nazio Batuei eskatzen die bere erantzukizunaren arabera joka dezatela eta aplika ditzatela Mendebaldeko Saharari buruzko kasuko ebazpenak, zeinak Marokok etengabe urratzen baititu, men egiteari uko eginik.
10. Nafarroako Parlamentuak bipil sinesten du Mendebaldeko Sahararen arazorako soluzio egokiena Nazio Batuek 1991n taxuturiko irtenbide-plana zorrozki aplikatzean datzala. Plan hori Segurtasun Kontseiluak 690/S/RES/(1991) ebazpenaren bidez onetsia da, eta Marokok eta Fronte Polisarioak onartu zuten. Eta beharrezkoa da egun bat erabakitzea erreferenduma egiteko, hainbat aldiz Marokok ipinitako oztopoengatik atzeraturikoa.
11. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Mendebaldeko Saharako egoera gertutik jarraitzeko”.