Nafarroako Parlamentuak Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzen du eta elkartasuna adierazten dio palestinar herriari
Eledunen Batzarrak apirilaren 29an baztertu zuen adierazpen instituzionalaren erreplika onetsi da oraingoan, PSNk Hamasi buruz planteatutakoa gehituta
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren eta Voxen aurkako botoekin. Iñaki Iriartek gai honetan boto askatasuna du bere alderdiaren aldetik, eta alde bozkatu du. Onetsitako ebazpenaren bidez Nafarroako Parlamentuak “Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzen du, eta elkartasuna adierazten dio palestinar herriari”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean honako hau dio: “Nafarroako Parlamentuak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta NBEren ebazpenak bete ditzan exijitzen dio Israeli”. Voxek aurkako botoa eman du.
Era berean, eta Voxen aurkako botoarekin, Israel premiatzen da “korridore humanitarioak irekitzea onar dezan eta berehalako su-eten iraunkorra dekreta dezan Gazan eta Zisjordanian”.
Bestalde, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “Palestina eskubide osoko estatu gisa aitor dezan eta palestinar herriari ematen zaion laguntza humanitarioa handitu dezan”. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta Voxek aurka bozkatu du.
Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio “Nazio Batuen Erakundearen UNRWA Agentziari, ezinbesteko lana egiten duela aitortzea, eta haren funtzionario erailengatiko dolumina adieraztea”. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta Voxek aurkako botoa eman dute. Iñaki Iriartek alde bozkatu du.
Halaber, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Estatuko Gobernuari eta gainerako nazioarteko eragileei eskatzen zien “manten ditzaten Palestinarekiko jadaneko lankidetza proiektuak, eta babes ditzaten alor horretan lan egiten duten entitateak, hala nola UNRWA”. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta Voxek aurkako botoa eman dute. Iñaki Iriartek alde bozkatu du.
Gainera, Estatuko Gobernua eta nazioartea premiatzen dira “areagotu ditzaten gerra-egoera baretzera eta bake iraunkorra lortzera bideratutako urrats diplomatikoei bultzada emateko ahaleginak”. Aho batez onetsi da.
Ebazpenaren zortzigarren atalean zehazten denez, Nafarroako Parlamentuak “aldeko jarrera adieraztea “Yala Nafarroa Palestinarekin” elkarteari, eta aldeztea giza eskubideen eta Palestinan bake justu eta iraunkorra lortzearen alde egiten ari den lana”. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta Voxek aurkako botoa eman dute. Iñaki Iriartek alde bozkatu du.
Parlamentuak babesa adierazten dio "Askatasunaren Flotilla"ri, eta Israel premiatzen du “ez dezan eragotz laguntza humanitarioa Gazako zerrendako herritarrengana helaraztea”. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta Voxek aurkako botoa eman du.
Foru Legebiltzarrak, aldi berean, bere babesa adierazten dio “palestinar herriarekiko elkartasuna eta babesa adierazteko ekimenak egiten ari den ikasle-mugimenduari”. UPNk, PPNk eta Voxek aurkako botoa eman dute.
Amaitzeko, Nafarroako Parlamentuak “gaitzetsi egiten ditu Hamas talde terroristak Israelgo Estatuaren aurka egindako eraso terroristak, ehunka hildako eta zauritu eragin dituztenak, eta exijitu egiten du bahituak berehala askatzea”. UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek abstentzioa eta Voxek aurkako botoa.
Azken atal hau PSNk aurkeztu duen eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzeketa baten emaitza da.
UPNk aurkeztu duen zuzenketa, ordea, PSN ekimenaren titularrak ez du onartu. Exijitzen zuen “urriaren 7ko eraso terroristetan Hamas eta gainerako fakzio armatu palestinarrek bahitutako herritar israeldar guztiak baldintzarik gabe aske uztea, bai eta data horretatik aurrera Israelek bereizkuntzarik gabe atxilotutako zibil palestinarrak aske uztea ere”.
Gainera, proposatzen zuen gaitzestea “Israelgo Estatuan, Zisjordanian, Gazan eta Libanoko hegoaldean armadun militarrek edo zibilek egindako eraso terrorista, judizioz kanpoko exekuzio eta era guztietako abusu oro, eta gogorarazten du gizateriaren aurkako krimenak direla biztanleria zibilaren eta azpiegituren eta populazio zibilen aurkako erasoak”, baita “gosea gerra-arma gisa erabiltzea”.
Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatzen zion “eginbideak ireki ditzala Palestinan, Israelen eta Libanoko hegoaldean egindako gerra-krimen guztiak ikertzeko eta haien arduradunak epaitzeko”.
Amaitzeko, gaitzetsi nahi zuen “judaismoa, islama, kristautasuna edo beste edozein erlijio-sinesmen praktikatzen dutenen aurkako gorroto-adierazpen oro, bai eta palestinarren edo israeldarren aurkakoak ere”.
Zioen azalpenean, EH Bilduren mozioak Eledunen Batzarrak apirilaren 29an atzera botatako adierazpen instituzionala errepikatzen duu, oraingo honetan, ikasleen mugimendua ere babestuz.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioaren argitalpena (69. NPAO, 2025-05-14koa)