Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten baititu Ospa Egunaren karietara prestatutako eta azkenean egindako ekitaldiak
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko irailaren 7an
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten baititu Ospa Egunaren karietara prestatutako eta azkenean egindako ekitaldiak. Navarra Suma eta PSN talde parlamentarioek aurkeztu dute.
Navarra Sumak eta PSNk alde bozkatu dute; EH Bilduk aurka; eta Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak 1. puntuaren aurka bozkatu dute eta 2. eta 3. puntuetan abstentzioa eman dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du:
1- Irmo gaitzestea Ospa Eguna deritzonaren karietara prestatutako eta azkenean egindako ekitaldiak, helburu dutenak Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, Foruzaingoko eta Udaltzaingoko kideak eta haien senitarteko eta lagunak xaxatzea eta iraintzea eta haienganako gorrotoa sentiaraztea.
2.- Ospa Eguneko ekitaldiak bizikidetasunaren eta printzipio eta balio demokratikoen aurkakoak direla deklaratzea, errespetu osoa merezi duten pertsona eta talde batzuk herritarren bizitzatik baztertu nahi dituztelako, jazarpenaren eta irainaren bidez.
3.- Parlamentuaren babesa adieraztea Altsasun nahiz Nafarroako gainontzeko herrietan lan egiten duten Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, Foruzaingoko eta Udaltzaingoko kideei eta haien senitarteko eta lagunei”.