Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Urtarrilak 27

Nafarroako Parlamentuak 'Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna' ospatu du

Lehenengo aldiz Legebiltzarrak gorazarre egin die Frantziako kontzentrazio esparruetan armada naziaren kontrolpean deportatuta egon ziren errepublikano nafarrei

Nafarroako Parlamentuak Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna ospatu du gaur, Legebiltzarraren egoitzako atarian egindako muntaketa xume baten bidez, eta berariaz oroitu ditu, lehenengo aldiz, Frantziako errefuxiatu esparruetan armada naziaren kontrolpean deportatuta egon ziren errepublikano nafarrak.

 

2005eko urtarrilaren 27an Europako Parlamentuak erabaki zuen Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna izendatzea urtarrilaren 27a, egun horretan eman zitzaielako amaiera Auschwitzeko deuseztatze esparruari eta milioika pertsonak jasan zuten Holokaustoari.

 

Nafarroako Parlamentuak biktima horien oroimenezko ekitaldiak antolatu izan ditu, Europar Batasuneko herrialdeetako beste hainbat gobernu eta parlamentu nazional nahiz erregionalekin bat eginez.

 

Legebiltzarraren ustez, honako hau aukera handia da Nafarroako herritarrek Holokaustoaren izugarrikeria eta tragedia oroitu eta gaitzets dezaten. Baita antisemitismoaren hazkunde kezkagarriari (batez ere Internetekoari) aurre egiteko ere, eta beste behin ikasteko zer nolako arriskuak sortzen diren pertsonak pertsegitzen direnean beren arraza, jatorri etnikoa, erlijioa, gizarte maila, iritzi politikoak edo sexu joera direla eta.

 

Horri dagokionez, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárezek nabarmendu du oso garrantzitsua dela beti gogoan izatea Holokaustoa eta "giza eskubideen urratze guztiak, pertsonen duintasunari erasotzen diotenak, munduko edozein bazterretan herritar guztiek dituzten edo izan behar lituzketen oinarrizko eskubideak eta askatasunak deuseztatuz edo murriztuz”.

 

Testuinguru horretan, Parlamentuak aurten berariaz omenaldia eginen die Mauthausen, Gusen, Dachau edo Buchenwald bezalako kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten 44 errepublikano nafarrei. Haietatik 24 esparruetan hil ziren, batek ihes egitea lortu zuen eta 13 askatu egin zituzten 1945eko maiatzaren 5ean. Gainerako seiei ez dakigu zer gertatu zitzaien.

 

“Horregatik, sekula ahaztu ez ditzagun eta historia ezagutzeko pizgarri eta eredu izan daitezen, Nafarroako Parlamentuak gogoratu egin nahi ditu askatasunak eta Europa demokratikoa defendatzeko hainbeste borrokatu eta sufritu zutenak. Kasu honetan 44 nafarren destinoa geratu zen Holokaustoaren milioika biktimen destinoarekin bat eginda”, adierazi du Ainhoa Aznárezek.

 

Dokumentuetan jasorik dagoenez, 9.328 espainiar izan ziren nazien kontzentrazio esparruetan, gehienak (7.532) Mauthausenen eta horren mendeko beste esparru batzuetan. Haietatik 5.185 hil egin ziren, 3.809k bizirik iraun zuten, eta 334 desagertu egin ziren. Guztiak ageri ziren aberrigabe gisa, eta horrek esan nahi du Francoren erregimenak ez zituela bere herritar gisa aitortu nahi izan.

 

Bizirik iraun zutenetatik askok lau urte baino gehiago zeramatzaten giltzapean. Atxilotu zituztenean armada frantziarreko soldaduak ziren (gehienak), edo Erresistentziako kideak, edo zibilak. Hil zirenek, imajina daitezkeen heriotza mota guztiak izan zituzten (fusilatuta, jipoituta, gasez itota, urkatuta), baina, batez ere, gosearen, esklabo lanaren eta osasun egoera negargarriaren konbinazioak hil zituen.

 

“Bidezkoa da Parlamentu honek gogoan edukitzea Holokaustoaren biktima guztiak eta oso bereziki armada naziaren zapalkuntzapean bizia galdu zuten nafarrak”, baieztatu du lehendakariak.

 

Frantziako kontzentrazio esparruetan armada naziaren kontrolpean deportatuta egon ziren errepublikano nafarren zerrenda honako hau da:

Tomás Urzainqui, Valeriano Albiztur Mazquarn, Víctor Andueza Restitutoranedo, Miguel Uriarte Uribe, Máximo Cartucho Cordón, Eladio Sáez Urzay, Ignacio Astiasuain Zarra, Alejandro Elezalde Iribarren, Gia Lazcano, Eugenio Alli, Antonio Clemente, José Rubio Delgado, Francisca Usandizaga, José Navarro Blasco, Justo Domínguez Pascualena, Daimatio Lacasta, Pablo Martín Francés, Cecilio Martínez Pérez, Higinia Luz Goñi Ayestarán (Lucía Martos), Felipe Sansiñena Iribarren, Jesusa Lesbur Geres, Antonio Odria López, Guillermo Alzuri, Valentín Arece, Felipe Eguillor Areso, Ángel Alegría Mateo, Teófilo Elvira, Félix Gonzalo Sáinz, Lucio Gabari, Luis Dollat, Fermín Goñi Otamendi, Lorenzo Ibáñez Izco, Hugo Paradella, Baltasar Ferruz Insa, Julián Beltrán Urrutia, Rufino Castillo Castro, José Telechea Sandorana, Fructuoso López Urquiola, Bernardo Zamora, Basilio Ibáñez Vizcay, Marcelino Larrea Vertis, Eustaquio Pérez Orduña, Jesús Nicolás Miruri, Ignacio Cruchaga Napal (Anaia Miguel).