Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urriak 16

Nafarroako Parlamentuak harrera instituzionala egin dio Atzerriko Txiletar Folkloristen Konfederazioari eta Nafarroako Txile Etxeari

Ziotzat harturik Cofochilex (Atzerriko Txiletar Folkloristen Konfederazioa) deritzonaren nazioarteko batzarra Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren Aretoan egin dela, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera instituzionala eskaini die Nafarroako Txile Etxearen eta Txileko Kanpo Harremanetako Ministerioaren ordezkariei, bai eta Munduko XXI. Cueca Txapelketako ordezkaritzei ere.

 

Ekitaldi horrek asmotzat du ordezkaritza desberdinen artean esperientziak amankomunean jartzea eta cueca delakoa ezagutaraztea, zeina Txileko dantza tradizionala baita. Horren bidez, Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen esanetan, "txiletar herriaren tradizio eta ohiturak gehiago eta hobeto ezagutzeko modua izanen dugu", eta "Nafarroaren eta Txileren arteko lotura estutzeko" ere balio izanen du.

 

Ildo horretatik, lehendakariak erantsi du ezen Nafarroa, "Txileren aldean erkidego txikia" izan arren, aniztasunezko lurra dela, historia luzea duena, eta kultura, hizkuntza eta folklore propioaren jabea. Parte-hartzaileei "arrakasta eta gure erkidegoan barrena egun onak pasatzea" opa izan ondoren, gonbita luzatu die "gure kulturaz blaituz Nafarroaren enbaxadore bihur daitezen".

 

Gero, Txileko Kanpo Harremanetako Ministerioaren ordezkari Karen Larrahín Gahona andreak Parlamentuari eskerrak eman dizkio "ateak zabal-zabal ireki dizkigulako", eta nazioarteko cueca-ordezkaritzei mintzatu zaie, haiei eskerrak emateko "Txile eta cueca bihotzean eramateagatik, beste herrialde batean jaio izanda ere".

 

Nafarroako Txile Etxeko Evelyn Trujillo Vega lehendakariak, "adopziozko nafar bezala", bere harrotasuna azaldu du Parlamentuak eskaini duen ezaupideagatik, nafar agintariei aukera eman diena "gure dantza nazionala zeinen magikoa den eta zer aditzera ematen duen" hautemateko.

 

Opariak trukatu ondoren Parlamentuko lehendakariaren eta dantza tradizionalaren nazioarteko lehiaketan parte hartzen duten herrialdeetako taldeen artean, cueca-dantzaren erakustaldi bat egin da.

 

Harrera-ekitaldian egon dira, besteak beste, lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren idazkari Mikel Zabaleta, Ana Elizalde (UPN T.P.), Ibai Crespo (PSN T.P.) eta Carlos Guzmán (Contigo Zurekin T.P.).