Nafarroako Parlamentuak eta NUPek hitzarmena egin dute, 2025ean Memoria Historikoaren Dokumentu-funtsaren garapenarekin jarraitzeko
Ikerketa-jarduerak eta proiekzio publikoa dira Lan Planaren jarduera-lerro nagusietako bi
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok Nafarroako Parlamentuaren eta NUPen arteko Lankidetzarako Esparru Akordioaren Eranskina sinatu dute gaur, 2024-2027 tartean Memoria Historikoaren Dokumentu-funtsaren garapenarekin jarraitze aldera. Horren bidez, esparru egonkor bat eman nahi zaie 2025. urterako programatutako jarduerei.
Gogoan hartu behar da aipatutako hitzarmena bi erakunde horiek 2011ko azaroaren 30ean sinaturiko akordioaren luzapena dela; azken hori "Memoria Historikoaren Dokumentu-funts" deituriko lan-, azterketa- eta ikerketa-egitarau bat "ezartzeko” sinatu zen bere garaian.
Zehazki, 2025erako sinatutako Eranskinean 75.000 euroko zuzkidura bat jaso da, eta Lan Plan bat ere jaso da, honako hiru lan-ildo nagusi hauekin: datu-basearen egitura mantentzea, kudeatzea eta garatzea; ikerketa-jarduerak, eta ikerketa-proiektu horren jardueraren proiekzio publikoa.
Proposatutako ekintza ugarien artean, azpimarratzekoak dira honako hauek: Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekiko lankidetza, esparru horretan bi lankidetza-beka abiaraztea eta Tuterako barruti judizialeko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiaren dokumentazioaren hustuketa 1936.-1939. urteetarako.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen iritziz, hitzarmen hau “garrantzitsua da, Dokumentu-funtsaren lanekin jarraitzeko eta gure komunitatean ikerketarekin eta memoria historikoko lanarekin jarraitu ahal izateko. Azpimarratu behar da Parlamentuak bide bati ekin ziola 2011n, NUPekin batera, memoria historikoaren alde, eta gerora beste erakunde batzuk bildu direla bide horretara”.
Hualdek azpimarratu egin du “NUPeko ikerketa-taldeek egindako eta egiten duten lan ona, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara ere hedatzen dena, eta horrela, memoria gazteei hurbiltzen laguntzen duena”.