Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Apirilak 30

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2024 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela eta komunikazio jarduerak mantentzen dira, horien artean jardunaldiak, hitzaldiak, bisitak eta ikasleen eta parlamentarien arteko topaketak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitateko errektore María Iraburuk gaur sinatu dute bi erakundeek 2024an hainbat jarduera batera egiteko hitzarmena.

 

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2001eko maiatzaren 15ean sinatu zuten lankidetzarako akordioaren baitan sartzen da hitzarmena, bi erakundeen helburuak lortzen lagun dezaketen ekintzak abian jartzea ahalbidetzeko.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, “izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlan, proiektu edo programak egitea” eta “ikastaro, hitzaldi eta jardunaldiak antolatzea”.

 

2024ko Hitzarmenak jarraipena ematen die Komunikazio Fakultatearen berezko jarduerei, baita Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelari dagozkion jarduerei ere, besteak beste, “maila akademiko altuko” bi jardunaldi eginen dira, hitzaldiak, ikasleen bisitak eta unibertsitateko ikasleen eta Parlamentarien arteko topaketak.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela parlamentua eta honen eginkizuna ikasleen artean zabaltzea ahalbidetzen duen programa da, eta honen barnean “maila akademiko altuko” bi jardunaldi antolatzea aurreikusten da, bata “gaurkotasuneko gai politiko edo nazioarteko bati buruzkoa, eta bestea teoria konstituzionalaren arloko gai bati buruzkoa”. Horrez gain, bi edo hiru hitzaldi eskainiko dira, interes orokorreko gai juridiko-konstituzionalei eta parlamentuzkoei buruzkoak, bat behintzat nazioarteko hizlari batekin.

 

Era berean, ikasleen prestakuntzara bideratutako lehentasunezko jarduera denez, gradu eta graduondoko ikasleentzako bisitaren bat antolatzen jarraitzeko ahalegina egingo da, Legebiltzarraren osaera, antolaketa, funtzioak eta jarduteko prozedurak bertatik bertara ezagutu ditzaten.

 

Unibertsitateko ikasleen eta parlamentarien arteko topaketei dagokienez, azken urteotako formatu malgua mantentzearen aldeko apustua egin da, hau da, ikasleen eta parlamentarien arteko zuzeneko topaketa, forudunen eta haien lanaren ikuspegi osoagoa ahalbidetzeko. Nolanahi ere, helburua da funtzio politikoarekin eta parlamentariaren zerbitzari publikoaren eginkizunarekin zerikusia duten gaien inguruan ideiak trukatzea.

 

Komunikazio fakultateari dagokionez, Parlamentuaren egoitzan hitzaldi bat burutzea aurreikusten da, zehazteke dagoen gai baten inguruan.

 

Eta Kazetaritzako Graduko prestakuntza-jardueren barruan, ikasle talde bat Legebiltzarreko saioren batera joatea antolatuko da, informazio-ikuspegitik jarraipena egin dezaten.

 

Hitzarmena sinatu ondoren (gehienezko aurrekontua 15.750 eurokoa da), Unai Hualdek eta María Iraburuk beren “poza” adierazi dute; “edukiak eguneratuz probetxuzko harremanari jarraipena ematen” zaiolako, eta “urte askoan” iraungo duela espero baita.

 

Bestalde, duela gutxi unibertsitateko ikasle batzuek Parlamentura egindako bisita batean jazotako gertaeraren (irainak eta lekuz kanpoko adierazpenak atalondoko erakusketa liburuan) ondotik Nafarroako Unibertsitateak hartutako barne-neurriei dagokienez, Unai Hualdek adierazi du "bizitzen ari garen guztia kontuan hartuta”, inoiz baino “beharrezkoagoa” dela Parlamentuak eta Unibertsitateak konpromiso bat berrestea, “ikasleen artean elkarrizketa eta ideia eta balio demokratikoen eztabaida sustatzeko eta gizartearen arazoei irtenbideak bilatzeko, hori guztia iraina baztertuz. Hitzarmen honen moduko ekimenek horretan lagun dezakete".