Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Martxoak 21

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2023 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela eta komunikazio jarduerak mantentzen dira, horien artean jardunaldiak, hitzaldiak, bisitak eta ikasleen eta parlamentarien arteko topaketak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitateko errektore María Iraburuk gaur sinatu dute bi erakundeek 2023an hainbat jarduera batera egiteko hitzarmena.

 

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2001eko maiatzaren 15ean sinatu zuten lankidetzarako akordioaren baitan sartzen da hitzarmena, bi erakundeen helburuak lortzen lagun dezaketen ekintzak abian jartzea ahalbidetzeko.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, “izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlan, proiektu edo programak egitea” eta “ikastaro, hitzaldi eta jardunaldiak antolatzea”.

 

2023ko Hitzarmenak jarraipena ematen die Komunikazio Fakultatearen berezko jarduerei, baita Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelari dagozkion jarduerei ere, besteak beste, “maila akademiko altuko” jardunaldi bat eginen da, hitzaldiak, ikasleen bisitak eta unibertsitateko ikasleen eta Parlamentarien arteko topaketak.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela parlamentua eta honen eginkizuna ikasleen artean zabaltzea ahalbidetzen duen programa da, eta honen barnean “maila akademiko altuko” jardunaldi bat antolatzea aurreikusten da, “gaurkotasuneko gai politiko bati buruz, ziur aski erakunde instituzionalak babesteko garrantziari buruz”. Horrez gain, bi edo hiru hitzaldi eskainiko dira, interes orokorreko gai juridiko-konstituzionalei eta parlamentuzkoei buruzkoak, ahal bada bat nazioarteko hizlari batekin.

 

Horri dagokionez, Giménez Abad Fundazioa amaitzen ari den El Parlamento a debate en un tiempo nuevo liburua Legebiltzarrean edo Unibertsitatean aurkezteko aukera jasotzen da, daten arabera, hauteskunde-urtea delako.

 

Era berean, ikasleen prestakuntzara bideratutako lehentasunezko jarduera denez, gradu eta graduondoko ikasleentzako bisitaren bat antolatzen jarraitzeko ahalegina egingo da, Legebiltzarraren osaera, antolaketa, funtzioak eta jarduteko prozedurak bertatik bertara ezagutu ditzaten.

 

Unibertsitateko ikasleen eta parlamentarien arteko topaketei dagokienez, azken urteotako formatu malgua mantentzearen aldeko apustua egin da, hau da, ikasleen eta parlamentarien arteko zuzeneko topaketa, forudunen eta haien lanaren ikuspegi osoagoa ahalbidetzeko. Nolanahi ere, helburua da funtzio politikoarekin eta parlamentariaren zerbitzari publikoaren eginkizunarekin zerikusia duten gaien inguruan ideiak trukatzea.

 

Komunikazio fakultateari dagokionez, hitzaldi bat burutzea aurreikusten da, zehazteke dagoen gai baten inguruan.

 

Eta Kazetaritzako Graduko prestakuntza-jardueren barruan, ikasle talde bat Legebiltzarreko saioren batera joatea antolatuko da, informazio-ikuspegitik jarraipena egin dezaten.

 

Hitzarmena sinatu ondoren (gehienezko aurrekontua 15.750 eurokoa da), Unai Hualdek eta María Irbauruk beren “poza” adierazi dute; “edukiak eguneratuz probetxuzko harremanari jarraipena ematen” zaiolako, eta “urte askoan” iraungo duela espero baita.