Noiz argitaratua Asteazkena, 2025.eko Urtarrilak 22

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du berehalako su-eten iraunkorra exiji dezan Gazako zerrendan

Halaber, Legebiltzarrak Foru Gobernua premiatzen du Hagako Nazioarteko Auzitegia babestu dezan eta auzitegi horrek emandako irizpenak aldeztu ditzan

Nafarroako Parlamentuko Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “nazioarteko legedi indarduna betetzeko eta betearazteko betebeharraren arabera jardutera, berehalako su-eten iraunkorra exiji diezaien gatazkaren parte direnei eta Hagako Nazioarteko Auzitegiaren exijentziak eta Nazio Batzuen ebazpenak bete ditzan”.

 

Horrekin lotuta, PSN, EH Bildu, Geroa Bai y Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioek sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean adierazten da 2025eko urtarrilaren 26an urte bat beteko dela Hagako Nazioarteko Auzitegiak irizpena bat eman zuela, zeinaren arabera litekeena baitzen Israelek genozidioaren krimen gaitzesgarria egin izana, eta agintzen baitzion berehala har zitzan neurriak, bere armadak Genozidioari buruzko Konbentzioa urratzen ez duela bermatzeko.

 

Gainera, onetsitako testuak Nafarroako Gobernuarendako eskari bat ere jasotzen du, Hagako Nazioarteko Auzitegia babestu dezan eta aldeztu ditzan auzitegi horrek emandako irizpenak, zeinetan ondorioztatzen baita Israel apartheid-krimenaren erantzulea dela.

 

Azkenik, testuaren hirugarren eta laugarren puntuetan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio arrakalarik gabeko babesa eman diezaien Nazio Batuen Erakundeari eta haren agentziei –bereziki UNRWAri– eta, era berean, Nazio Batuen ebazpenak betetzeko konpromisoa berrets dezan eta ebazpen horiek betetzeko behar diren urratsak egin ditzan.

 

Honako hauek parte hartu dute Carlos Mena (PSN) buru izan duen bilkuran: Pedro González, Yolanda Ibañez, Félix Zapatero, Ángel Ansa (UPN TP), Olga Chueca, Ibai Crespo (PSN TP), Javier Arza, Irati Jiménez (EH Bildu TP), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin TP). Vox foru parlamentarien elkartea ez da bilkuran izan.