Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Nazioarteko Zuzenbidea baliatu dadin Ekialde Hurbileko egoera larria bideratzeko
Ganberak elkartasuna adierazten die errefuxiatu sahararren kanpalekuetako Wilaya Dajlako herritarrei, uholde larriak pairatu baitituzte
- Parlamentuko Mahaiak aho batez onartu du erabaki bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak eskatzen baitu Nazioarteko Zuzenbidea baliatu dadin Ekialde Hurbileko egoera larria bideratzeko. Lehendakaritzak aurkeztu du.
Hona erabakiaren testua:
1. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Nazioarteko Zuzenbidea eta bide diplomatikoak balia daitezen Ekialde Hurbileko estatuetan bizi den egoera larria bideratzeko eta aurreikusi ezinezko eta izugarrizko ondorioak ekarriko lituzkeen gerra-eskalada saihesteko.
2. Nafarroako Parlamentuak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta NBEren ebazpenak bete ditzan exijitzen dio Israeli.
3. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuna eta herrialde kideak premiatzen ditu prozesu diplomatiko bat gidatu dezaten, eskualde horretan bake justu eta iraunkorra lortzeko eta kaltetutako lurraldeen leheneratze eta berreraikitze plan bat ezartzeko.
UPN talde parlamentarioak laugarren puntu bat gehitzea proposatu du, 2023ko urriaren 7an Hamasek Israelen aurka eginiko erasoa gaitzesteko, baina proposamena baztertu egin da PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die errefuxiatu sahararren kanpalekuetako Wilaya Dajlako herritarrei, uholde larriak pairatu baitituzte. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Vox talde parlamentarioek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die errefuxiatu sahararren kanpalekuetako Wilaya Dajlako herritarrei, pasa den irailaren 22an eta 23an bertan izandako eurite gogorrek uholde larriak eragin baitituzte.
2.- Nafarroako Parlamentuak bere egiten du Saharako Ilargi-erdi Gorriak eginiko deia, eta dei egiten die Nafarroako Foru Komunitateko eta Espainiako Estatuko gainerako erakundeei premiazko eta larrialdiko laguntza eman diezaieten Dajlan errefuxiaturiko sahararrei.