Nafarroako Parlamentuak Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen (CEAR) Urteko Txostena aurkeztu du
Unai Hualdek immigrazio politikak “humanizatzearen” alde egin du, jatorrizko herrialdeetan benetako integrazioaren eta garapenerako benetako lankidetzaren konbinazio eraginkorraren bidez
Nafarroako Parlamentuak Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen Urteko Txostena aurkeztu du gaur, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren bezperan. Dokumentu horrek, CEARek azaldu duenez, Espainia Europar Batasunaren azken postuan jartzen du asilo aitorpenaren tasari dagokionez.
Mundu osoan babes premiek gora egiten jarraitzen duten urtean, Espainiak lau puntu egin du atzera, eta eskaeren % 12 baino ez ziren alde ebatzi, Europako batezbestekoa (% 42) baino 30 puntu gutxiago. Izan ere, Europako batezbestekoaren ebazpen tasa hiru puntu hobetu da, CEARen txostenak adierazten duen bezala.
ACNURen azken datuen arabera, atzerakada hori ez dator bat gaur egungo nazioarteko testuinguruarekin; izan ere, gerrek, indarkeriak eta mehatxuek marka berri bat eragin dute: 120 milioi pertsona desplazatu behar izan dira munduan.
Ukraina, Siria, Afganistan edo Sudaneko gatazka enkistatuez gain, beste bi larrialdi humanitario handi daude, Gazako genozidioa eta Senegalen eta Saheleko herrialdeetan gero eta ezegonkortasun soziopolitiko handiagoa, Kanariar Uharteetara iristen direnen kopurua nabarmen handitzen ari baita.
Tentsio geopolitikoen eta segurtasun falta globalaren egoeran, Unai Hualdek Migrazioari eta Asiloari buruzko ituna izan du hizpide; izan ere, etorkin gehien jasotzen dituzten Europako herrialdeen zama arintzeko, EBko Kontseiluak onetsi berri du itun hori, eta “immigrazio politikak humanizatzea” eskatu du, "Nafarroako Gobernua horretan lanean ari baita azken urteotan".
“Iristen direnekiko mesfidantzarekin amaitu behar da. Integrazio eraginkor baten aldeko apustua egin behar da, eta, modu osagarrian, jatorrizko herrialdeetan benetako garapenerako lankidetzaren aldekoa. Aintzatespen handiagoa eman behar zaio hirien eta eskualdeen zereginari”, adierazi du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak.
Adierazitakoaren harira, eta Migrazio eta Asilo itunaren erreformaren helburuetan oinarrituta, Unai Hualdek azpimarratu du “aldebakarreko konponbideak saihesteko” asmoa dagoela, “larrialdiei aurre egiteko elkartasun mekanismoak txertatuta, harreraren arloko erantzunkidetasunerantz aurrera egiteko. Ezin diegu pertsonei gizatasuna kendu, edonongoak direla ere”.
Amaitzeko, lehendakariak eskerrak eman dizkio CEARi “errefuxiatuaren errealitatea erakusteko” ahaleginean egindako lanagatik, eta azpimarratu du beharrezkoa dela “Ukrainaren inbasioarekin amaitzea, palestinar herriari laguntzea eta Israelgo Gobernua Palestinan egiten ari den basakeriarekin amaitzea. Guztia giza eskubideen defentsan laburbiltzen da, Tindoufeko kanpalekuetan zuzenean egiaztatu ahal izan dugun bezala, eta Whipala bezalako ekimen eta erakusketen bidez, Ganberaren egoitzan egiten direnak”
Gazako egoerari dagokionez, Idoya Oneca CEAReko koordinatzaileak gogoratu du egunera arte 1,7 milioi pertsona baino gehiagok utzi behar izan dutela etxea, eta gehienak aurretik ere errefuxiatuta zeuden. Nazioarteko zuzenbidearen lerro gorri guztiak gainditu dira. Bake justu eta iraunkor bat lortu behar da, bueltatzeko eskubidea bermatzen duena”.
Hori horrela, Onecak egiaztatu du Espainiara etorritako % 70 Kanariar Uharteetara iritsi zirela (guztira 39.910 pertsona). Migrazioaren gorakada zorrotz horrek inoiz ez bezalako larrialdi humanitarioko egoera eragin zuen 2006ko ‘crisis de los cayucos’ deiturikoaz geroztik. Urte honetako lehen bost hilabeteetan iristeen erritmoa mantendu da, bereziki Senegaletik datozenena”.
Gainera, Onecak nabarmendu du gero eta emakume eta haur gehiago daudela familia erreferenterik gabe, eta, horretarako, “Kanariar Uharteen babesteko sistema ez dagoela prestatuta”. Horri erantzunez, Kanarietako Gobernuak akordio bat lortu du berriki Gobernu zentralarekin, atzerritarrei buruzko Legearen aldaketa izapidetzeko eta adingabeen harrera banatzeko sistema bat antolatzeko.
CEARek nabarmendu du Estatuak azkar erantzun ziola egoera humanitarioari. Ezohiko neurriak aktibatu ziren, hala nola larrialdi adierazpena eta penintsulan harrera toki berriak irekitzea, Larrialdiko Harrera Zentro (CAED) handien ezarpenarekin.
Erantzun horri esker, pilaketa egoerak berriro egotea ekidin zen, Arguinegineko kaian 2021ean gertatu zen legez. “Gero eta ohikoagoak dira etorrera handiko egoera horiek, eta beharrezkoa da harrera egitura egonkor bat izatea, bai uharteetan, bai penintsulan, gero eta ohikoagoak diren etorrera handien egoerei erantzuteko”, berretsi du Idoya Onecak.
Hala ere, Onecak salatu du, harrerari dagokionez, emandako erantzuna ez zela izan Ukrainari emandakoarekin parekagarria. “Babes prozedura hasteko hitzorduak lortzeko zailtasunek eta arreta humanitarioko plazetan emandako denboren mugek babesgabetasun egoeran eta gizarte bazterketako arriskuan uzten dituzte pertsona batzuk”.
Txostenean, era berean, CEARek aztertu ditu Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itunak asilo eskubidean, giza eskubide guztietan eta pertsonen bizitzan izanen dituen ondorio “suntsitzaileak”. Akordio horrek “mugen kontrola indartzen du eta pertsonak iristea eragozten du, ahalik eta azkarren kanporatuz eta bide legal eta seguruen aldeko apusturik egin gabe”.
Gauzak horrela, CEARek herritarrei eta gizarte zibileko erakundeei dei egiten die “Espainiako Gobernuari eska diezaioten Ituna modu bermatzailean ezar dezala, arriskuak minimizatzeko eta babes estandar maximoak bermatzeko”. Ildo horretatik, adierazi da Europako hauteskundeen emaitza “kezkagarria dela, asilo eskubidearen alde ez dauden alderdiak indartzen direlako”.
2023an, % 37 igo dira Espainian Nazioarteko Babeserako eskaerak, 2022arekin alderatuta. Nafarroan, joan den urtean 900 ziren eta orain 2171.
CEARek asiloa eskatzeko aurretiko hitzorduekin izandako “arazo kronikoen iraunkortasuna” ere aipatu du. Horren ondorioz, pertsonak “erabateko babesgabetasun egoeran eta legezko linbo batean” geratzen dira. Nafarroan hitzorduak webgunetik eskatzen dira eta ausaz lortzen dira. Batzuek bi hilabete itxaroten dituzte lortzeko. Hitzordu hori gabe ezin dira sartu Nazioarteko Babesa eskatzen duten pertsonentzako Harrera Programan”. Nafarroan 424 plaza daude eta horietako 122 CEARek kudeatzen ditu.
Azkenik, Ainara Iribarren CEAReko harrera arduradunak azaldu du zeintzuk diren migratzaileek eta errefuxiatuek dituzten zailtasunak oinarrizko eskubideak eskuratzeko, hots, erroldatzea, etxebizitza eta enplegua. Egoera hori larriagoa da “arraza diskriminazioaren gorakadagatik, asilo eskatzaileen dokumentazioa aintzat ez hartzeagatik eta nazioarteko babesa aitortzeko tasa txikiagatik”.
Besteak beste, hauek bertaratu dira ekitaldira: Iñaki Iriarte (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin), eta Begoña Alfaro, hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria.