Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Urtarrilak 21

Nafarroako Parlamentuak errefusatzen du Mercosur-en eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko tratatua eta Espainiako Gobernua premiatzen du hura geldiaraz dezan

Halaber, Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztutako mozio baten bidez, nazioko gobernuari eskatzen zaio ez gehiago amore emateko nekazaritza gaietan

Nafarroako Parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, EH Bildu, PPN eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioen eta Vox foru parlamentarien elkartearen aldeko botoekin eta PSN eta geroa bai talde parlamentarioen aurkako botoekin. Horren bidez, Mercosur-en eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko tratatua errefusatzen da eta Estatuko Gobernua premiatzen da hura geldiaraz dezan eta ez dezan  amore eman nekazaritzaren esparruan ezertan ere gehiago.

 

Zioen azalpenean, Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztuta mozioan azaltzen da tratatu horrek berekin ekarriko lukeela muga-zergak deuseztatzea; izan ere, Mercosur-ek eta EBk beren inportazioen % 91 eta % 92 liberalizatuko dituzte, hurrenez hurren eta horrek eragina izanen du nekazaritzako elikagaietan, industria-sektorean (ibilgailuak, ekipamendu-ondasunak, produktu kimikoak, farmazia, ehungintza edo zapatagintza) nahiz zerbitzuen sektorean (finantzarioak, telekomunikazioak eta itsas garraioa).

 

Horrekin lotuta, mozioaren sustatzaileek diote EBk Mercosur-ekiko merkataritza askeko tratatutzarra ezarri nahi dutela, zaldien hankapean jarriko duena Europako nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea (eta, hortaz, Nafarroakoa); zehazki, gizarte- eta familia-eredua.

 

Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioaren iritzian, “hori horrela da merkataritza askeko tratatuek ezartzen dituzten joko-arauek soilik egiten diotelako mesede multinazionalen eta inbertsio-funtsen esku dagoen nekazaritza-industriari, lurraldeari atxikitako nekazaritzaren kaltetan, nekazari profesionalek osatua”.

 

Mozioan hasiera batean jasotako puntuei UPN talde parlamentarioak, zuzenketa baten bidez, Espainiako Erreinuko Gobernuarendako eskakizun bat gehitu du, ez dezan ez sinatu ez berretsi merkataritza askeko tratatu hori, eta halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen du berehala has ditzan gobernu zentralaren aurrean egin beharreko zuzemenak, Europako erakundeekin berrazter daitezen Europar Batasunaren eta hirugarren herrialdeen arteko merkataritza akordio ororen baldintzak, “ispilu-klausulak” ezarri eta ekoizle europarren eta munduko gainerakoen artean lehia bidezko eta leiala bermatzeko.

 

Halaber, bilkuran parte hartu duten talde parlamentarioek aho batez onetsi dute UPNren zuzenketan jasotako beste hiru puntu gehitzea mozioari. Horien bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuari eska diezaion Nafarroako lehen sektorearen interesak defenda ditzan EBren barruan eta,  tratatua azkenik berretsi eta onetsiz gero, horrek izan ditzakeen ondorio kaltegarrietatik ekoizle nafarrak babesteko neurriak hartzea exiji dezan.

 

Era berean, aho batez onetsi da Foru Gobernuari eskatzea txosten bat egin dezan elkartze akordioak lehen sektorean eta nekazaritzako industrian izanen duen egiazko inpaktua eta onetsiz gero horren ondorio kaltegarriak arintzeko konpentsazio-neurriak aztertzeko, bai eta, azkenik, Parlamentuak adierazpen bat egitea Europako Batzordeari dei eginez Nekazaritza Politika Erkide bat abian jar dezan Europako nekazaritza eta abeltzaintza babesteko eta Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza sektoreen jasangarritasuna bermatzeko.

 

Bilkurako buru Blanca Regúlez (Geroa Bai) izan da eta hauek guztiak joan dira: Miguel Bujanda, Yolanda Ibáñez, Félix Zapatero, Isabel Olave (UPN), Carlos Mena, Maite Esporrín, Javier Lecumberri (PSN), Adolfo Araiz, Oihan Mendo (EH Bildu), Javier Ollo (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).