Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du datorren uztailaren 1ean Israelek egin nahi duen Zisjordaniaren anexioa, Jordango Harana barne, eta arbuiatu egiten baititu eskualde horretan eta Jerusalem Ekialdean garbiketa etnikoa egiteko saiakerak
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko ekainaren 8an
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu datorren uztailaren 1ean Israelek egin nahi duen Zisjordaniaren anexioa, Jordango Harana barne, eta arbuiatu egiten baititu eskualde horretan eta Jerusalem Ekialdean garbiketa etnikoa egiteko saiakerak. EH Bildu talde parlamentarioak, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde mistoak aurkeztu dute.
Geroa Bai, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Navarra Suma abstenitu egin da 1. puntuan eta aurkako botoa eman du gainerakoan; eta PSN abstenitu egin da 1. puntuan eta gainerakoaren alde bozkatu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Zisjordaniaren anexioa, Jordango Harana barne, Israelek heldu den uztailaren 1ean egin nahi duena, eta arbuiatu egiten ditu eremu horretan eta 1967tik formalki anexionatuta dagoen Jerusalem Ekialdean garbiketa etnikoa egiteko saiakerak.
2. Nafarroako Parlamentuak aldeztu eta babestu egiten ditu Palestinako herriak bere autodeterminazioaren eta burujabetzaren defentsan gehiengoz hartzen dituen erabakiak, eta haren borrokarekin bat eginen du bere esku dauden elkartasun-ekintza guztiekin.
3. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari exigitzen dio arma-salerosketa oro debekatu dezan, Israelen dron militarren erosketa barne, arma kriminal gisa erabili baitira palestinarren aurka eta, orain, EBren kanpo-mugak zaintzeko ere erabiltzen ari baitira.
4. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuna eta bere estatu kide guztiak premiatzen ditu Palestinako Estatua, Jerusalem hiriburu duela, aintzatets dezaten, eta EBren merkatu bakarrean debekatu daitezen Israelgo kokagune ilegaletako produktu guztiak, legez kanpoko egoera ez onartzeko EBk duen betekizunean oinarrituta; izan ere, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Palestinako auzirako duen errelatore berezi Michael Lynk-ek adierazi bezala, hori da kokaguneak etengabe hedatzea ekiditeko modu bakarra.
5. Parlamentuak errefusatu egiten du Palestinako lurralde okupatuetan erabili diren dronak erostea Israeli Europar Batasunak, bai eta Mediterraneoan erreskateko ontziak ordezkatzen ahal dituzten dronak erabiltzea ere, horrela erreskatatzeko betebeharrari muzin egiten baitzaio.