Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 23

Nafarroako Parlamentuak Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunari atxikitzeko ekitaldia egin du

Ganberak adierazi du emakumeen kontrako indarkeriaren forma guztien aurka dagoela, eta azpimarratu du konpromisoa duela sentsibilizazio, prebentzio eta jarduketa zereginak gauzatzeko

Larunbat honetan, azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur “sentsibilizazioaren, prebentzioaren, arretaren, esku hartzearen eta erreparazioaren esparruetan” lan egiteko asmoa erakusteko. Parlamentu-arku ia osoak bat egin du Foru Exekutiboari, toki-erakundeei, emakume eta feministen kolektiboei eta, oro har, herritarrei zabaldutako erabakiak.

 

Hala berretsi du Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, eta berak irakurri du Legebiltzarraren gehiengoaren borondatearekin bat etorriz atzo Foru Legegilearen gobernu-organoak onartu zuen erabakia, adierazpen instituzional bat adosteko hiru saiakerek huts egin ondoren.

 

Unai Hualdek emakumeen aurkako indarkeria "egiturazkoa" dela azpimarratu du, eta “desberdintasunak, jarrera matxistak, diskurtso ukatzaileak eta gizonen arteko konplizitatea edo axolagabekeria sostengatzen, normalizatzen eta betikotzen” duen "sistema patriarkala" desegiteko deia egin du. “Guztion lana da matxismoa betikotzen duten norberaren eta gainerakoen jokabide horiek guztiak identifikatzeko eta desagerrarazteko konpromiso aktiboa hartzea, giza eskubideen urraketa argia baita", berretsi du.

 

Horrela, 2003az geroztik eraildako 1.236 emakumeak gogoratu eta Nafarroan ere sexu-askatasunaren aurkako joerak ugaritu direla ohartarazi ondoren, lehendakariak asteazken honetan Mahaiak onartutako erabakia gogora ekarri du, Vox foru parlamentari elkartearen babesik gabe, "Parlamentuak emakumeek eta neskek indarkeriarik gabeko bizitza izateko duten eskubidea bermatuko duten neurriak agenda politikoan txertatzeko konpromisoa" berresteko.

 

Ekitaldia Ganberaren egoitzaren atalondoan izan da, eta, besteak beste, María Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea, Mahaiko kideak, parlamentariak, NABIko ordezkariak eta NUPeko ikasleak izan dira bertan.