Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzionala egin du Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekiko atxikimendua azaltzeko
Unai Hualdek azpimarratu du berebiziko garrantzia duela gaixotasuna goiz detektatzeak, eta berretsi egin du Parlamentuak osasun-sistema sendotzen jarraitzeko hartutako konpromisoa
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunari atxikitzeko. Eguna antolatu da, hain zuzen ere, gaiari buruz sentsibilizatzeko eta gaixotasunak ukitutako pertsona guztien arreta integrala, diziplina anitzekoa eta kalitatezkoa sustatzeko. Parlamentuko talde guztiek bat egin dute ekitaldiarekin, Sarayren lana eta aldarrikapenak ikusarazteko eta aitortzeko asmoz.
Eta hala adierazi du Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak, eta aste honetan bertan argitaratutako datuen balioa azpimarratu du: datuok adierazten dute bularreko minbiziaren baheketaren bidez 218 kasu detektatu zirela joan den urtean, % 75 hasierako fasean. “Datuek adierazten digute helburua lortzen ari garela, detekzio goiztiarra alegia, kasuen diagnostiko hobea egite aldera. Guztioi behar-beharrezkoa iruditzen zaigun prebentzio-lanarekin jarraitu behar dugu” baieztatu du.
“Urtero urrian gertatzen den eran, Nafarroako datorren urterako aurrekontu orokorrak izapidetu aurreko urratsetan gaude. Talde parlamentario guztiok dakigu oso garrantzitsua dela minbiziaren aurkako ikerketan inbertitzea, gure osasun-sistema sendotzen jarraitzeko. Ildo horretatik ari da lanean Departamentua, datorren asteetan Parlamentura etorriko den proiektuarekin, eta espero dugu Parlamentu honetan eta Gobernuan aplikatzen ari garen neurriak fruituak ematen hastea, Nafarroako eta bertako herritarren osasuna hobetzeko” azaldu du Lehendakariak.
Hori horrela, Saray zoriondu du, eta, erreferentziazko erakunde izanik, duela 28 urtetik hona egiten ari den emakumeentzako laguntza-lana eta Osasun Departamentuarekin gauzatzen duen lankidetza azpimarratu ditu. Horren ostean, Eledunen Batzarrak hilaren 14an onetsitako Adierazpen Instituzionala ekarri du gogora, eta Parlamentuak “minbiziaren aurkako ikerketa”-rekin duen konpromisoa berretsi du.
Jarraian, Yaki Hernández Sarayko zuzendari teknikoak azpimarratu du bularreko minbizia, Nafarroan urtean 410 diagnostiko berri eragiten dituena, tratatu behar dela “gaixotasuna duten pertsona guztiei arreta integrala, diziplina anitzekoa eta kalitatezkoa emanez, baliabide gehiago bideratuta prebentziora, detekzio goiztiarrera, tratamendura eta ikerketara”.
Ildo horretatik, eta gaixotasunak bizitzako esparru guztietan duen “eragin nabarmena” azaldu ostean, Hernandezek adierazi du kolektiboak atseginez hartu duela Osasun Sistema Nazionaleko minbiziaren estrategian zehaztasuneko medikuntza pertsonalizatua sartu izana; izan ere, esparru horretan “tratamendua egokitzen da tumore bakoitzaren ezaugarri genomiko eta molekularretara, eta, horrela, efikazia areagotzen da eta albo-ondorioak murrizten dira”.
Alabaina, azpimarratu ostean beharrezkoa dela “bularreko minbiziaren erregistro eguneratuak” edukitzea “sortuz doazen errealitateetara hobeki egokitzeko”, Hernandezek itxarote-zerrendetan jarri du berriz azpimarra, horiek elkartearen “kezka nagusietako bat” direnez gero; izan ere, itxarote-denborak “sufrimendua areagotzen du alferrik, eta, batzuetan, ziurgabetasunak eta antsietateak arriskuan jar dezakete gaixotasunaren pronostikoa”.
Behin eta berriz agertzen den beste aldarrikapenetako bat da “bularreko minbizia modu integralean eta diziplina anitzekoan lantzeko beharra, pisko-onkologia, errehabilitazio fisikoa eta abar barnean hartuta”, eta, orobat, “tratamenduetan egindako aurrerapenak baliatzeko aukera ekitatiboak, tratamendu eta medikamentu berriak bizkor eta modu erabilerrazean irits daitezen gaixotasunak ukitutako guztiengana”.
Eta hori guztia “minbizi metastasikoa duten pazienteak ahaztu gabe. Jakin badakigu bularreko minbizia duten pazienteetako batzuetan –% 20tik % 30era bitarte– metastasia garatuko dela gaixotasunaren uneren batean. Gaixo horiek arreta pertsonalizatua eta espezializatua behar dute, eta aurrerapen handiagoak egitea terapia zuzenduetan eta botika berritzaileak eskuratzeko aukeretan. Talde horri zuzendutako berariazko ikuspegia izatea eskatzen dugu, haien bizi-kalitatea bermatzeko” gehitu du.
Bukatzeko, Yaki Hernandezek herritarrei dei egin die ohiko lasterketa solidarioan parte har dezaten; gaixotasunaren aurkako borrokarako atxikipenak eta funtsak lortzea da lasterketaren xedea, eta urriaren 27an eginen da. “Guk jartzen dugun aletxoa da. Ikerketa-proiektuetara egiten dugun ekarpena 480.000 eurokoa da jada”.
Nafarroako Parlamentuak, bere aldetik, arrosaz argiztatuko du fatxada larunbat honetan (20:00-22:00).
Talde eta elkarte guztietako parlamentariek parte hartu dute ekitaldian, eta hari amaiera emateko, talde-argazki bat egin dute Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideek, ospakizunarekin lotutako xingola arrosa soinean zutela.
Saray - Nafarroako Bularreko Minbiziaren Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, zeinak laguntza psikosoziala, taldekoa, lan-esparrukoa eta estetikoa ematen baitien gaixotasun horrek ukitutako emakumeei eta haien senideei, bai eta prestakuntzaren, prebentzioaren eta garapen pertsonalaren alorretako aholkuak ere; suspertzen eta bizitza errealera eta sozialera itzultzen laguntzen die horrela. Gizarte osoa inplikatzea xede duten jarduerak sustatzen ditu, eta laguntza ekonomikoa ematen die bularreko minbiziari buruzko ikerketa-proiektuei.