Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat izan du Haurraren Eskubideen Konbentzioaren 35. urteurrena dela-eta
Unai Hualdek azpimarratu du Parlamentuak lan egiteko “konpromisoa” duela pobrezia desagerrarazteko eta haurren funtsezko eskubideak zaintzeko, haien ongizatea Nafarroaren etorkizunari baitago lotuta
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat izan du gaur UNICEFekin batera Haurraren Mundu Egunari atxikitzeko eta, Nazio Batzuen Batzar Orokorrak Haurraren Eskubideen Konbentzioa onetsi zueneko 35. urteurrena aprobetxatuta (20-N), Legebiltzarrak mundu osoko adingabeek ongizatea babesteko duen konpromisoa berretsi dute.
Hori berretsi du Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Legebiltzarrak pobreziaren aurka eta haurren alde egindako lana nabarmendu baitu: “Aurreko legegintzaldian, Gobernuarekin eta Toki Entitateen Plataformarekin batera, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna sinatu genuen. Itun horrek, besteak beste, haurren eskubideak ere jasotzen ditu. Era berean, areto honetan bertan, aurreko legegintzaldian, gehiengo zabal batekin, Nafarroako Haurrak eta Nerabeak Babesteko Foru Legea onetsi zela ikusi zen. Lege horren eztabaidaren aurretik, haurrei buruzko osoko bilkura monografiko bat egin zen".
Legebiltzarreko lehendakariak aitortu du UNICEFek ekarpen handia egin duela lorpen garrantzitsuak eskuratzeko, baina, hala ere, horrek ez du eragin behar konpondu gabeko gaiez ahaztea: "Jakin badakigu munduko leku askotan oinarrizko eskubide batzuk ez direla betetzen. Agerikoena eta larriena da Israel Palestinako eta orain Libanoko biztanleen aurka genozidio oso bat gauzatzen ari dela, zigor barik. Ondorio basati eta dramatikoak izaten ari da, besteak beste, haur askoren erailketa.
Nafarroan ere lanean jarraitu behar dugu gure kaleetan giza eskubide guztiak eta oinarrizko eskubide guztiak errespeta daitezen. Eta, jakina, haurren eskubideak, gure haurren eskubideak. Eskubide horiek zaintzea oraina zaintzea da, baina baita gure Komunitatearen etorkizuna ere".
Amaitzeko, Hualdek eskerrak eman dizkio UNICEFi “urtero horrelako ekimenak egiteagatik, aukera ematen baitigu guztion etxe honetan haurren begiradatik lanak zuzenean ezagutzeko. Espero dut gaur ekarri dizkiguten betaurreko urdin horiek baliagarri izatea gure ordezkariek urte osoan kontuan har ditzaten, eta ez Legebiltzar honetan bakarrik". Eskerrak ere eman zaizkie irakasleei eta zenbait elkarteari: MAGALE, Haziak eta CERMIN, besteak beste.
Ondoren, Nafarroako Unicefeko presidente Joaquín Mencosek adierazi du Haurren Eskubideei buruzko Ituna dela NBEren historian gehien berretsi dena. "Eta gaur Haurren Eguna den arren, beti da unea lortutako aurrerapenak ospatzeko eta egoera ahulenean daudenak gogora ekartzeko. Eskubide horiek erabaki guztietan agertzea nahi dugu: arauetan, legeetan, politikan. Haurren errealitatea ulertzeko, garrantzitsua da neska-mutilen begiekin begiratzea. Begira dezagun errealitatea haurren eskubideen iragazkiarekin".
Horretarako, bertaratutako heldu guztien artean betaurreko urdin batzuk banatu dituzte, "errealitatea haurren begiekin begiratzeko", azaldu dutenez.
Jarraian, Claudiak eta Noelek, Mendabiako San Francisco Javier ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi ikaslek, adierazteko askatasunari buruzko artikulua irakurri dute; izan ere, "haur guztiek aukera izan behar dute beren ideiak adierazteko epaituak izan gabe; hain zuzen, adierazten dituztenean, mundu hobea eratzen laguntzen ahal dute eta eragiten dieten erabakien parte ere izaten ahal dira".
Ondoren, haurrekin lotutako erakunde gonbidatuen ordezkariek aukeratu dituzten artikuluak irakurri dituzte. Bertan izan dira Haziak (Nafarroako tutoretzapeko pertsonak eta tutoretzapean izandakoak), MAGALE (Harrera Familien Elkartea) eta CERMIN (Nafarroako Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Batzordea).
Haur eta gazteek parte hartzeko atala Iruñeko Jesuiten Batxilergoko hiru ikaslek itxi dute: Goran, Adriel Álvaro eta Iñakik UNICEFen eta haurtzaroan inspiratutako bideo bat aurkeztu dute, "denok berriz bizi nahi dugun bizitzaren etapa” baita.
Ekitaldia amaitzeko, talde parlamentario guztiek hitz egin dute, eta Haurren Eskubideen Konbentzioaren artikulua irakurri dute, nabarmendu nahi izan baitute, eta azaldu dute zergatik egin duten aukera hori.
Eledunen Batzarreko eta Mahaiko kideez gain, honako parlamentari hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox). Nafarroako Ararteko Patxi Vera, Mendabiako alkate María José Verano eta Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztu ere izan dira bertan.
1946an sortu zenetik, UNICEF haurren eskubideak defendatzen dituen erakunde nagusia da, eta 190 herrialdetan eta lurraldetan ditu lan ordezkaritzak. Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak Espainian duen ordezkaritza da. Nazioarteko erakunde hori haur guztiekin konprometituta dago, planetako bazter guztietan. Azken xedetzat dute Haurraren Eskubideen Konbentzioan errekonozitutako eskubide guztiak zaintzea.
Agindu horri jarraikiz, Nafarroako Batzordeak ere laguntzen du haur orok osasuna, hezkuntza eta ur eta saneamendu egokiak izateko aukera izan dezaten eta indarkeriatik eta esplotaziotik babestuta bizi daitezen.