Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunari atxikitzekoa
Unai Hualdek ohartarazi du desberdinkeriak Nafarroan izandako gorakadaz, berretsi du Legebiltzarrak inklusio-politikekin duen konpromisoa, eta Israelek Gazan eta Palestinan erakutsitako gizagabetasuna nabarmendu du
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunari atxikitzekoa. Egun horrek, Gizarte Entitateen Plataformarekin batera antolatua eta "Gizarteko eta erakundeetako tratu txarra amaitu" lelopean, balio izan du agerian jartzeko "pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako borrokarako konpromiso politiko eta instituzional irmoa".
Horrela mintzatu da Unai Hualde, plataforma horretan bildutako elkarte eta kolektiboen ordezkaritza zabal baten aurrean. Hain zuzen horiexei nahi izan die helarazi Nafarroan oraindik ere badirauten pobrezia- eta desberdinkeria-egoerak desagerraraztearen alde Nafarroako Parlamentuak daukan jarrera; izan ere, konparaziozko adierazleak onak izan arren, bertako egoerak okerrera egin du 2023koarekin alderatuta.
"Edozein gabezia, denik eta txikiena ere, borrokatu eta deserrotua izan behar da. Lanean segitu behar dugu, pobreziako eta/edo gizarte-bazterketako egoeran bizi diren pertsonen kopurua minimizatuko duten politika publikoak aplikatzen. Orain dugun erronka da biderik egokienak bilatzea, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Nafarroako Itunean 2030ari begira jasotako helburuak eta ekintzak ebaluatzearren NUPek taxuturiko tresnari eraginkortasuna emanen diotenak. Formularik onena aztertzeko zereginean dihardugu, Parlamentuaren Erregelamendu berriak ahalbidetzen duen mugartean betiere", zehaztu du Unai Hualdek.
Nafarroan gertatzen denaz landa, eta hilaren 14an, astelehenez, onetsitako adierazpen instituzionalaren eskutik, Parlamentuak hizpide izan ditu nazioartean sortu diren erronka global berriak, txirotzearen areagotzean nahiz gatazka armatuen ugaritzean mamituak, eta aipamen berezia egin du Israeli buruz, "zeinak Gazan eta Palestinan erabilitako indarkeriak legezko nahiz gizabidezko muga guztiak gainditu baititu. Ukraina, Afganistan, Sudan, Sahara edo Mediterraneoko heriotzak hainbeste eta hain gordin diren errealitateetako beste batzuk dira", baieztatu du.
Amaitzeko, Unai Hualdek azpimarratu du beharrezkoa dela "gizarte bidezkoago eta berdinzaleagoak eraikitzea, gerretatik eta pobreziatik ihesi datozen pertsonei harrera egin eta haien integrazioa lortzeko gai direnak. Nafarroa betidanik egon da solidaritatearen abangoardian. Gure kaleetan pobreziak eta desberdinkeriak dirauteino, beharrezkoa izanen da politika publikoak administratzen jarraitzea, pertsona guztientzako eskubide guztien alde". Eskerrik asko”.
Jarraian, Gizarte Entitateen Plataformaren ordezkari Javier Abad eta Andrea Corerak indar politikoen osotasunari dei egin diote "Nafarroako pobrezia eta desberdinkeria deserrotu" dezaten eta "herrialde txirotuekiko konpromisoa indartzera, erreferentziatzat harturik 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuei atxikitako 2021-30 Ituna.
Nafarroari dagokionez, Gizarte Entitateen Plataformaren eledunek adierazi dute biztanleriaren % 17,2 dagoela pobrezia eta/edo gizarte-bazterketako arriskuan. Azken horietatik, hirutik bat desgaitasuna duten pertsonak dira. Ez dugu zalantzan jartzen badagoela ez pobreziarik ez bazterketarik sorrarazten lagunduko duen eredu ekonomiko batekiko konpromisoa, aberastasun-banaketarentzat eta inklusioarentzat lagungarria; baina ezin izanen dugu aurrerapausorik eman ez badakigu zer moduz gauden eta zertan behar dugun hobetu; horrenbestez, Itunaren segimendurako tresna abiaraztea giltzarri da. Alde horretatik, 2024a geldialdi-urtea izan dugu".
Egokiera "ziurgabe eta konplexu" horretan, Gizarte Entitateen Plataformak aldarria egiten du halako eredu ekonomiko solidarioak indartzearen alde, zeinek "lehentasuna emanen baitiote toki-ekonomiari, enplegu duinak ziurtatuko baitituzte, ingurumen-konpromisoz blaiturik egonen baitira eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonei aukerak eskainiko baitizkiete". "Arretaren jomuga problemaren jatorrian jarri behar dugu: azken bosturtekoan, COVIDaren krisiaren lepotik, milamilioidunen kopuruak gora egin du. Aldi berean, are mila milioi pertsona ere, inoiz ez bezalako kopurua, elikagai-ziurgabetasuneko egoeran suerta daitezke".
Azkenik, eta hizpide harturik "gorrotozko diskurtsoek izandako gorakada, abian jarriak eta elikatuak sektore sozial batzuen haserrea gutxiengoak erruztatzerantz eraman ohi duten talde batzuen eskutik", Abad eta Corerak ohartarazi dute "ez direla hitz soilak indarkeriaren eta intolerantziaren piztaile, baizik eta ezaupide okerraraziak, faltsuak eta aurreiritziz beteak".
Nafarroako Parlamentuari dagokionez, olan bat jarri du berriro ere bere fatxadan, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren oroitzapenez.
Talde-argazki batekin amaitu den ekitaldi horretara bertaratu dira Ainhoa Unzu lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez lehen idazkaria, Mikel Zabaleta bigarren idazkaria, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Gizarte Entitateen Plataforma, zeinak 150 erakunde baino gehiago biltzen baititu, honako sare hauek osatuta dago: Nafarroako GGKE-en Koordinakundea, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sarea eta Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Nafarroako Batzordea (CERMIN).