Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urriak 19

Nafarroako Parlamentuak Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi bat egin du

Unai Hualdek ziurtatu du legegintzaldi honetako lehentasuna itxaron-zerrendak murriztea eta osasun sistema indartzea dela

Nafarroako Parlamentuak Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko ekitaldi instituzionala egin du gaur, eta, diagnostiko goiztiarra sustatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko antolatu duen ekitaldian talde parlamentario guztiak batu dira Sarayren lanari eta aldarrikapenei ikusgarritasuna eta aintzatespena emateko.

 

Hala berretsi du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak. Izan ere, “ezinbestekoa da emakumeek gaixotasun horri aurre egiteko beharrezko kontrol eta tratamenduak eskuratzeko aukerak areagotzea, beste gaitz askok bezala, osasun-sistema indartsu baten esparruan ikertzea eskatzen baitu”.

 

"Itxaron-zerrendak murrizteko lanean ari gara; izan ere, legegintzaldi hasierako jarduera parlamentarioan lantzen ari garen gai nagusietako bat da. Espero dezagun datozen hilabete eta urteetako aurrekontuek gai hori bideratzen laguntzea, ikerketan inbertitzen jarraitu beharra ahaztu gabe, funtsezkoa baita bularreko minbizirik gabeko etorkizun baterako. Parlamentuaren izenean, bat egingo dut Sarayk larunbat honetan Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Zerbitzuko Bularreko Minbiziaren Unitateari egingo dion aitorpenarekin", berretsi du Hualdek.

 

Horrela, Saray zoriondu eta azken 27 urteetan, erreferentziazko erakunde gisa, pazientearengan oinarritutako arreta-eredu bat ezartzen laguntzeko eta pazienteak babestu eta laguntzeko egiten ari den lana nabarmendu ondoren, presidenteak Eledunen batzarrak hilaren 17an onartutako Adierazpen Instituzionala irakurri du, Legebiltzarrak osasun publikoko sistema indartsu baten defentsarekin duen konpromisoa berresteko.

 

Ondoren, María José Oraá Saray elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, bularreko minbizia "arreta integralarekin eta diziplina anitzeko irizpide batekin jorratu behar da, prebentzioa, detekzio goiztiarra, erantzun asistentziala, ikerketa eta berrikuntza konbinatuz. Administrazioaren baliabide gehiago behar dituen osasun mentaleko arazo larri baten aurrean gaude".

 

Ildo horretan, eta gaixotasunak bizitzako esparru guztietan duen "inpaktu esanguratsuaren" berri eman ondoren, Oraák adierazi du kolektiboa pozik dagoela doitasunezko medikuntza Osasun Sistema Nazionalaren Estrategia berrian sartzeagatik, "ez bakarrik diagnostikoari eta tratamenduari ekiteko moduagatik, baita gaixotasuna, pronostikoa eta tratamenduaren erantzuna hobeto estratifikatzeko aukeragatik ere".

 

Gauzak horrela, eta "pazientearengan oinarritutako osasun-eredu" bat sortzeko beharra azpimarratu ondoren, Oraák itxaron-zerrendetan jarri du arreta, "arazo kroniko bat", "deshumanizazioa eta sistemaren utzikeria" adierazten duena, eta hainbat aldaketa eskatu ditu, besteak beste, medikuekin zuzenean egoteko aukera ematea, asistentzia-jardueraren ordutegia arratsaldez luzatzea, formazio eta arreta-protokolo bateratuak ezartzea, eta Erradiodiagnostikoko zerbitzua bateratzea”.

 

Indarrean dauden beste aldarrikapen batzuk honako hauek dira: "paziente oligometastasikoentzako zerbitzu-zorro bat ahalbidetzea, minbiziaren erregistro homogeneo, egituratu eta eguneratuak ezartzea, eta pandemiak aldatu eta zaildu zuen detekzio goiztiarreko programa berrezartzea, denbora nahikoa igaro baita".

 

Hori guztia "sentimenduak eta emozioak ahaztu gabe, gaixotasunaren trataera sintoma eta tratamenduetan oinarritzea ez baita nahikoa. Nafarroan bularreko minbiziari aurre egiteko modu berri honetan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak dira".

 

Oraák, amaitzeko, lasterketa solidarioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Lasterketa hori urriaren 29an, igandearekin, izango da, dirua biltzeko eta gaixotasun honen aurkako borrokarekin bat egiteko. "Gure aletxoa da. Ikerketa-proiektuetarako ekarpena 405.252 eurokoa da dagoeneko".

 

Nafarroako Parlamentuak, bestalde, bere egoitzaren aurrealdea arrosa kolorez argiztatuko du gaur iluntzean (19:30-22:00).

 

Ekitaldian talde guztietako parlamentariak izan dira eta amaieran kanpainaren laz arrosa zeraman kartel batekin talde-argazkia atera dute.

 

Nafarroako Bularreko Minbiziaren Elkartea (Saray) irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta laguntza psikosoziala, taldekoa, enplegu arlokoa, estetikoa eta aholkularitzakoa ematen die gaixotasun hori duten emakumeei eta haien senideei, prestakuntza, prebentzio eta garapen pertsonalean, bizitza errealean eta sozialean sartzen lagunduz. Gizarte osoa inplikatzeko jarduerak sustatzen ditu, eta bularreko minbizia ikertzeko proiektuak ekonomikoki laguntzen ditu.