Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Azaroak 16

Nafarroako Parlamentuak beste behin adierazten du indarkeria matxista oro errefusatzen duela

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko azaroaren 16an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beste behin adierazten baitu indarkeria matxista oro errefusatzen duela. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak berriro ere bere arbuioa adierazten du emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du, lanean tinko jarraitzekoa emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak emakume eta neskato erasotu edo/eta erailenganako elkartasuna adierazten du, indarkeria sexista muturrekoenaren biktima diren aldetik, eta bere laguntza osoa eskaintzen die haiei eta haien familiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela adin guztietako gizonezko guztiek konpromisoak eta posizio aktiboak har ditzaten emakumeenganako edonolako indarkeriaren aurka.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritar guztiak gonbidatzen ditu jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen oro eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Deuseztatzearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin; horretarako, elkarretaratze bat eginen da Parlamentuko atalondoan, non adierazpen hau irakurriko baita. Halaber, begizta bioletadun olana bat ipiniko da Parlamentuaren fatxadan.

 

Gainera, eta sinbolikoki, Parlamentuko atalondoan aulki huts bana paratuko da genero-indarkeriaren biktima izandako emakume bakoitzeko, 2020an guztira izandako biktima-kopurura iritsi eta kopuru hori irudikatu arte (azaroaren 12ra arte, berrogei)".