Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Moriako kanpalekuan izandako suteak kaltetutako pertsona migratzaile eta errefuxiatuei
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko irailaren 14an
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Moriako kanpalekuan izandako suteak kaltetutako pertsona migratzaile eta errefuxiatuei. PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Navarra Sumak 1. eta 2. puntuen alde eta 3., 4. eta 5. puntuen aurka bozkatu du; PSNk 1., 2. eta 3. puntuen alde eta 4. eta 5. puntuen aurka bozkatu du; Geroa Baik 1., 2. eta 3. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 4. eta 5. puntuetan; EH Bilduk 1., 2., 4. eta 5. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 3. puntuan. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek bost puntuen alde bozkatu dute. Adierazpenaren azken bi puntuak EH Bilduren eskariz gehitu dira.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Moriako pertsona errefuxiatuentzako kanpalekuan izandako suteak kaltetutako milaka pertsona migratzaile eta errefuxiatuei.
2. Nafarroako Parlamentuak uste du premiazkoa dela Espainiako Gobernuak bat egitea Alemania, Frantzia, Finlandia, Luxenburgo, Eslovenia, Herbehereak, Kroazia, Portugal eta Belgika bezalako herrialdeen erabakiarekin, prest agertu baitira errefuxiatu adingabeak hartzeko.
3. Nafarroako Parlamentuak uste du Espainiako Gobernuak politika europar berri baten aitzindari izan behar duela, halako moduz non Turkia, Maroko edo Libia bezalako herrialde mugakideak pertsona migratzaile eta errefuxiatuak atxiki ditzaten finantzatzeari utziko zaion eta zirkulazio librerako eskubidea aitortu eta asilo eta babes legedia beteko diren.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio beharrezkoak diren baliabideak berma ditzan pertsona errefuxiatuen eskubideak zaintzeko eta pertsona horien harrera integralerako, gizarte zibileko erakundeekin eta bestelako erakundeekin lankidetzan eta koordinatuta.
5. Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeei eskatzen die bertan behera utz ditzaten Europar Batasunak Turkiarekin eta beste herrialde mugakide batzuekin dituen hitzarmenak eta zaindu dezaten nazioarteko asiloari buruzko legedia betetzen dela, hala nola Genevako Konbentzioa, giza eskubideen arloko zenbait itun eta Nazioarteko Zuzenbidea, pertsona guztien eskubideak bazterketarik gabe bermatzeko”.