Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Ekainak 14

Nafarroako Parlamentuak bere babes instituzionala ematen dio Kooperatiben 2021eko Nazioarteko Egunari

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko ekainaren 14an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere babes instituzionala ematen dio Kooperatiben 2021eko Nazioarteko Egunari. Proposamena Lehendakaritzak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babes instituzionala ematen dio Kooperatiben 2021eko Nazioarteko Egunari, zeina Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak eta Nazio Batuek ofizialki aldarrikatu baitute kooperatibak ezagutarazteko eta horien balioak sustatzeko xedez. Aurten, “Elkarrekin hobeto berreraiki” goiburupean ospatuko da.

 

2. Nafarroako Parlamentuak kooperatiba-ereduaren printzipioak eta balioak –pertsona erdigunean jartzen dute– nabarmendu nahi ditu (kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea, berdintasunaren sustapena, erantzukizun soziala eta ingurunearekiko konpromisoa), ekarpen handia dakartelako lurraldearen kohesioari, kalitatezko enplegu egonkorrari, enpresa-ehunaren sendotzeari, ekintzailetza kolektiboari eta gizarte-berrikuntzari begira.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dio kooperatibismoa bera eta haren balioak ikusgai egiten eta bultzatzen laguntzeko konpromisoa duela, ongi asko ohartzen baita kooperatiba-ereduak Nafarroarentzat duen garrantziaz, foru erkidegoko ia udal guztietan eta jarduera-sektore guztietan (nekazaritzako elikagaiena, industria, merkataritza nahiz zerbitzuak) presentzia aktiboa duen neurrian, nazioarteko proiekzioa duten enpresetatik hasi eta ETE (enpresa txiki eta ertainak) nahiz mikroETE-etan buka, halako moduan non landa-inguruneetako despopulazioa gerarazten laguntzen baitute eta kooperazio-ehun sendo bat sortzen baitute beren inguruan lurraldeko enpresen, profesionalen eta proiektuen artean. Parlamentuak orobat nabarmendu nahi du Nafarroa estatu nahiz Europa mailan ekonomia sozialeko erreferentziazko eskualde gisa kokatzen laguntzen duela kooperatibismoak.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak neurriak hartzea kooperatibismoa Nafarroan garatzen laguntzeko, bai eta enpresa-eredu hori gizarte- nahiz ekonomia-arloko erabakigune guztietan bultzatzen laguntzeko ere, Nafarroaren ongizate nahiz garapen jasangarrirako mesedegarria den aldetik.

 

5. Nafarroako Parlamentuak, ANEL-Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearekin eta UCAN-Nafarroako Nekazaritzako Elikagai-kooperatiben Elkartearekin batera, munduko kooperatibismo osoari lagundu nahi dio, eta, hartara, “Elkarrekin hobeto berreraiki” goiburuarekin bat egiten du, pertsonak erdigunean jartzen dituen errekuperaziorako erresilientzia-, motibazio- nahiz elkartasun-mezu bat helarazten duen aldetik eta ingurumenarekiko errespetua erakusten duen aldetik. Halatan, bat egiten du #Coopsday traolarekin. Egun horretan kooperatiba-eredua aintzatesteko ekitaldi bat eginen da foru legebiltzarrean”.