Nafarroako Parlamentuak beharrezko deritzo eskola-jangelak hezkuntza-gune gisa erreibindikatzeari eta profesionalek egiten duten lana duintzeari
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi du. 2020ko uztailaren 20an
- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezko baiteritzo eskola-jangelak hezkuntza-gune gisa erreibindikatzeari eta profesionalek egiten duten lana duintzeari. Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
"1.- Nafarroako Parlamentuak beharrezko deritzo eskola-jangelak hezkuntza-gune gisa erreibindikatzeari eta profesionalek egiten duten lana baloratu eta duintzeari.
2.- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio 2020-21 ikasturtearen hasierarako jardute-protokoloa dokumentu bizia izan dadin, halako moldez non jangela-zerbitzua mantentzearen aldeko apustua eginen baitu hezkuntza-jardun presentziala aurreikusten den egoeretarako, betiere ikasleen eta jangeletako langileen osasuna eta segurtasuna une oro bermaturik badago.
3.- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza eta Osasun Departamentuei eskatzen die enpresekin eta langileekin 2020-2021 ikasturtearen hasiera baino lehenago adostu dezaten protokolo integral bat, bermatuko duena jangelak erabiltzea ikasle eta langileentzako segurtasun eta higiene baldintza guztiekin, osasun agintarien gomendioetan oinarriturik" .