Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Soldata-berdintasunaren Egunaren ospakizunarekin
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko otsailaren 21ean
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Soldata-berdintasunaren Egunaren ospakizunarekin. PSNk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bat egiten du, aurten ere, heldu den otsailaren 22an eginen den Soldata-berdintasunaren Egunaren ospakizunarekin.
2. Adierazten du beharrezkoa dela sakontzea emakumeek beren beregaintasun ekonomikoaren esparruan dituzten baldintzen hobekuntzan eta, horrenbestez, bizitza duin bat izateko baldintza materialen bermean.
3. Adierazten du beharrezkoa dela estatuko arau baten prestaketan aurrera egitea. Arau horrek lan arloko desberdinkeria, zeina soldata-arrakalan gauzatzen baita, murrizteko jarduketa zehatzak jasoko ditu.
4. Adierazten du beharrezkoa dela lanean jarraitzea genero ikuspegiarekin ekiteko, aurreikusita dagoen moduan, COVID-19ari erantzuteko plan eta errekuperazio-pakete guztiei, edota laster onetsiko den enplegu planari.
5. Bat egiten du Europako Parlamentuak duela gutxi “Batasunak genero berdintasunerako duen estrategia”ri buruz onetsitako Erabakiarekin. Emakumeak gehiengo diren sektoreetan, hala nola zaintzan, osasungintzan eta txikizkako salmentan, ordainsariak eta lan baldintzak berdintzearen alde egiten du bertan, bai eta soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala eta lan merkatuko segregazioa desagerraraztearen alde ere; izan ere, egiazko berdintasunak ezinbestekoa du beregaintasun ekonomikoa eta emakumeek arlo profesionalean etorkizuna izateko aukera. Horrenbestez, enpleguaren arloko berdintasuna helburua da bere horretan, baina, era berean, tresna erabakigarria ere bada: emakumeen eskubide eta askatasunen gozatze osoa berdintasunaren eta beregaintasun ekonomikoaren bidez soilik eraiki daiteke”.