Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko maiatzaren 31n
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin, 45 urte baino gehiago baitarama bake bila. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak bere osotasunean bat egiten du Saharako herriaren Askatasunaren aldeko Martxarekin, 45 urte baino gehiago baitarama bake bila.
Nafarroako Parlamentua, zeina erakunde ezaguna baita saharar herriaren eta Aljerian errefuxiatuta dauden biztanleen defentsarekiko konpromiso iraunkorragatik, erabat atxikitzen zaio ekimenari, eta pertsonei nahiz kolektiboei dei egiten die horrekin bat egin dezaten.
Nafarroako Parlamentuak ekimen horretan aukera bat dakusa saharar herriaren egoera ikusarazteko, Marokok Mendebaldeko Saharan egindako okupazioa gaitzesteko, lurralde horretako natur baliabideen espoliazioa salatzeko eta Nazio Batuei nahiz nazioarteko gainerako eragileei exigitzeko deskolonizazio-prozesuaren burutzean erabakitasunez esku har dezaten.
Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Espainiak, Lurraldeko potentzia administratzaile gisa, orain de iure, bere gain hartu zuela Nazioarteko Komunitatearen aitzinean "saharar populazioaren interesak babestea eta haren erakunde politikoak garatzea, hura Gobernu propioaren osotasunera eramateko.
Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok ilegalki okupatzen duela Mendebaldeko Sahara, eta ez zaiola lurralde horren gaineko inolako subiranotasunik aitortzen.
Nafarroako Parlamentuak erabateko konbentzimendua dauka Mendebaldeko Saharako auziak bere horretan dirauela sahararrei beren askatasun eta autodeterminaziorako eskubide zilegiak ukatzen zaizkielako.
Nafarroako Parlamentuak bere indar guztiarekin gaitzesten ditu Marokoko Erresumak saharar populazioaren aurka oro har, eta giza eskubideen defendatzaileen aurka zehazki, Sahara okupatuan eginiko errepresio-egintzak, bizileku-bortxaketak, bizileku-setioak, eraso fisikoak, torturak, larderiak eta derrigortze fisikoak.
Nafarroako Parlamentuak kezkarik handiena adierazten du beren askatasunerako eskubide zilegiak erreibindikatzen dituzten sahararren desagerpenen eta kartzelaratze bidegabeengatik, eta saharar preso guztiak berehala askatzea eskatzen du.
Nafarroako Parlamentuak ez du inolako justifikaziorik ikusten Marokok Mendebaldeko Saharan gauzatzen dituen errepresio-egintzen inguruan daukan zigorgabetasunerako.
Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Mendebaldeko Saharako egoera gertutik jarraitzeko”.