Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Irailak 23

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko irailaren 23an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Hizkuntzen Europako Egunarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hizkuntzen Europako Egunarekin, zeina heldu den irailaren 26an ospatuko baita eta, besteak beste, Europaren hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna zaintzea eta indartzea bilatzen baitu.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, Europar Batasunaren jarraibideekin bat, hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta babestu egiten du haren ikuskera, alegia, hizkuntzak ikastea aberaste pertsonal gisa eta XXI. mendeko Europako herritartasunaren oinarri gisa hartzen du.

 

3. Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egin nahi du euskarak Europaren hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpen berezia, eta euskara babestu eta sustatzearen aldeko apustua egiten du, gizarte osoarentzako elementu onuragarria eta aberasgarria izan dadin, Nafarroako herritar guztien ondarea den aldetik.

 

4. Adierazpen instituzional hau Nafarroako Parlamentuaren hurrengo Osoko Bilkuraren hasieran irakurriko da, alegia, Hizkuntzen Europako Egunean”.