Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsi da. 2019ko urriaren 14an
- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak bere erabaki irmoa berresten du:
1. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren esparruan aldarrikatutako eskubide eta printzipioak aldeztu eta babesteko, eta horien erabateko baliagarritasuna lortzeko neurri zehatz, eskuragarri eta mugatuak hartzeko.
2. Konbentzioaren printzipio zuzendariak errespetatzeko: ez diskriminatzearen printzipioa, haurren interes gorena lortzea izatea haurrekin zerikusia duten ekintza guztien xede nagusia; haurren berezko bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko eskubidea; haurren eskubidea beren iritzia askatasunez emateko beraiekin zerikusia duten gai guztietan eta iritzi horri merezi duen balioa ematea.
3. Foru eskumenei dagokienez ahal diren ahalegin guztiak egiteko, haien edukia betetzen dela ziurtatze aldera, haur-politikak taxutu eta garatzea bultzatuz, gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz hurbildu ahal izateko.
4. 2016ko maiatzaren 2an hartutako konpromisoak garatzeko, egun horretan sinatu baitzen Haurren aldeko Nafarroako Aliantza.
5. Haurren aldeko ekintzak eta emaitzak areagotzea tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan. Haurrekiko zuzeneko konpromisoa aldarrikatzea mundu osoan: haur bakoitzarekin, eskubide bakoitzarekin, eta xede hori lortzeko ahalegin bateratu bat hedatzea”.