Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Espainiako Zeinu Hizkuntzen Nazioko Egunarekin
Hualdek ohartarazi du oztopoak eraisten jarraqitu behar dela eskubide-berdintasuna gauzatzeko, eta esan du laster foru legea eginen dela CERMINen eta NUPen azterlan batean oinarrituta
Gaur egindako erakunde-egintza batean Nafarroako Parlamentuak eta ASORNAk bat egin dute Espainiako Zeinu Hizkuntzen Nazioko Egunarekin. Egun hau 2014. urtean eratu zen, Estatuko Gorren Konfederazioa (CNSE) eratu zeneko 78. urteurrena ospatzen zenean hain zuzen, zeinu hizkuntzen erabilera normalizatzeko etxetik, hezkuntza-eremutik eta eremu soziosanitarioetatik harago.
Atxikimendua Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek berretsi du, eta joan den asteburuan Desgaitasunaren eta Irisgarritasunaren Parlamentuarteko Foroan onetsitako adierazpena aipatu du, esan baitu ezinbestekoa dela “oztopoak eraisten jarraitzea denok eduki ditzagun parte hartzeko aukera berak. Badakigu oraindik ere, egitez edo ez egitez, pertsona batzuen eskubideak urratzen direla, batez ere desgaitasuna duten emakume eta neskatoenak. Gizarte osoaren betebeharra da pertsona horiei aukera ematea bizitza politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean modu aktiboan parte hartzeko, zeren eta pertsona horiek denon ongizaterako eta dibertsitaterako, are legegintzaren arlotik ere, egiten dituzten ekarpenak funtsezkoak baitira”.
Horrenbestez, eta hizkuntzek “komunikaziorako eta askatasunerako” katebegi modura duten balioa nabarmendu ondoren, Parlamentuko lehendakariak Nafarroako legeria Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenera egokitzeko asmoarekin CERMINekin eta NUPekin 2020an sinatutako hitzarmena goraipatu du. Horretan bideratutako lankidetzari esker egoera aztertu da, diagnostikoa egin da eta aldaketa-proposamenak egin dira. Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzean jaso zuen, eta uste da arau-aldaketak “legealdia amaitu aurretik eginen direla”. “Pertsona horien eskubideak bermatuko dituen foru legea nahi dugu, berdintasunerako aurrerapausoa”.
Ondoren Nafarroako Gorren Elkarteko (ASORNA) lehendakari Sofía de Estebanek gogorarazi du zeinu hizkuntza “gizakion oinarrizko eskubidea” dela, eta, horren ildotik jarraikiz, eskatu du adingabe gorren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, “zeinu hizkuntzaren eta ahozko hizkuntzaren artean hautatu beharra ezarri gabe”.
Horregatik, “Hizkuntzaren Pribazioaren Sindromearen ondorioak saihesteko eta desgaitasuna eragiten duten egoerak murrizteko”, ASORNAk honako hauek aldarrikatzen ditu: “arreta goiztiarra eta kalitate oneko hezkuntza integrala, zeinu hizkuntza kontuan hartzen duena; gainera, zeinu hizkuntza aintzat eduki behar da osasun-politika guztietan ere”.
De Estebanek esan duenez, hizkuntza-eskubideak errespetatuko badira, “zeinu hizkuntzaren ikaskuntza eta erabilera normalizatu behar dira hau gorren eta beren ahaideen artean, eta aukera eman behar zaie ikastetxe arruntetan ikasteko eta haietan modu inklusiboan taldekatzeko (bereizketarik gabe). Eta horren guztiaren helburua da beren hizkuntza naturalean hezi ahal izatea, bakartu gabe eta bereizketarik jasan gabe, bizi diren tokian bizi direla”.
Ekitaldi instituzionalera agertu dira, besteak beste, Inma Jurío, Parlamentuko lehendakariorde lehena, Yolanda Ibáñez, Parlamentuko lehendakariorde bigarrena, Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu), eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu)
Archivos adjuntos