Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Ekainak 20

Nafarroako Parlamentuak bat egin du Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin

Hualdek nabarmendu du Nafarroa “solidarioa” dela, eta balioetsi du Parlamentuko batzorde guztiak bat etortzea giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen arloko legeria betetzearen defentsan

Nafarroako Parlamentuak Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko ekitaldi instituzionala egin du gaur. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna Nazio Batuek 2001ean aldarrikatutako ospakizuna da, “behartuta lekualdatu diren milioika pertsona, asilo-eskatzaile eta aberrigabeek munduan bizi duten egoera dramatikoa ahanzturatik ateratzeko”.

 

Hala berretsi du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, eta joan den astelehenean Mahai eta Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala gogorarazi du. Horrekin Parlamentuko talde guztien adostasuna aldarrikatu du, “beren herrialdeetatik ihes egitera behartuta dauden pertsona guztiei gure elkartasuna adierazteko, eta nazioarteko legeria, Genevako Konbentzioa eta giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen arloko itunak betetzearen defentsarekin dugun konpromisoa adierazteko, inolako bazterketarik gabe”.

 

Gauzak horrela, azpimarratu du Nafarroa beti izan dela “erkidego solidarioa, harrera egiten duen lurraldea eta giza eskubideen defentsarekin konprometitua”. Ondoren, lehendakariak Ukrainaren inbasioaren ondorioz bizitzen ari den egoera ekarri du gogora, eta aipatu du “hainbat gobernuk eta gizarte zibilak erantzun konprometitua eman dutela”, nahiz eta horrelakorik ez den gertatu “beste gatazka eta egoera batzuetatik ihes egiten duten pertsonen kasuan”.


Ildo horretan, asteburuan Bidasoa ibaian gazte baten gorpua agertu izana aipatu du, “krisi humanitarioen adibide mingarri bat, hain urrun ere ez duguna”, eta eskerrak eman dizkie “errefuxiatuen bizitza hobetzeko lan egiten duten pertsonei eta elkarteei eta, beren funtzioen arabera, erabateko prestutasuna duten erakundeei”. Azkenean, adierazi du oraindik asko dagoela egiteko, eta Europako eta estatuetako gobernuek lan egin behar dutela krisi humanitarioen egoera eteteko.

 

Jarraian, Nafarroako CEARen ordezkari gisa, Afganistango Jawid Andihsman-ek, Nikaraguako Manuel Anton-ek eta Aljeriako Madjid Abdi-k Espainian errefuxiatu gisa izandako esperientziak azaldu dituzte, eta salatu dute 2024ra arte ez dutela nazioarteko babesaren prozedura formalizatzeko hitzordurik. Beraz, une horretara arte “ez dute inolako eskubiderik izanen, soilik herrialdean jarraitzeko aukera beren espedientea ebatzi arte”.

 

Aisha Al Mujawer Gurutze Gorriaren ordezkaria, berriz, 2021eko urrian errefuxiatu iritsi zen Siriatik, eta bere historia laburbildu du. Ondoren, Espainiako agintariei harrera eskertu die, eta eskatu ditu “arrazoizko alokairuak pertsona guztientzat”.

 

Alas de Ucrania elkarteko Elena Drahovtseva eta Daría Stehnii-k, Natalia Dzyudz interpretearen laguntzaz, Nafarroarekin “oso eskertuta” daudela aitortu dute, hemen “babestuta” sentitzen baitira. Era berean, ukrainarrentzat irtenbide bat bilatzearen alde agertu dira, eta laneratzeko laguntza zein alokairu eskuragarriagoak eskatu dituzte.

 

Jarraian, Patricia Ruiz de Irizar Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak gogorarazi du babesa bilatzea “negoziazioaren mende ez dagoen giza eskubidea dela”, eta, zentzu horretan, babes horrek “duina” izan behar duela gaineratu du, familiak batera mantentzeko, gizakien salerosketatik pertsonak babesteko eta atxiloketa arbitrarioak saihesteko.

 

Era berean, Ruiz de Irizarrek pertsonen babeserako eta laguntzarako sistemak indartzen jarraitzearen alde egin du. “Nafarroak erreferente izaten jarraitu nahi du sistema horietan, eta nazioarteko eskubide eta itunak betetzeaz gain, pertsonen errespetu, berdintasun eta garapenerako konpromiso guztiz gizatiarra ere bete nahi du”.

 

Gaur, mugitzen diren pertsonei omenaldia egiteko eguna da, baina baita harrera egiten dutenei, beren etxeak, herriak eta erkidegoak irekitzen dituztenei, ongietorria, harrera eta laguntza ematen baitute. Eta baita asiloa, harrera eta aterpea ematearekin konprometitutako erakundeei ere”, amaitu du zuzendari nagusiak.

 

Ekitaldian honako hauek izan dira, besteak beste: Yolanda Ibáñez (Parlamentuko bigarren lehendakariordea), Juan Luis Sánchez de Muniáin (lehen idazkaria), Maiorga Ramírez (bigarren idazkaria), Jorge Esparza (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (Nafarroako Alderdi Sozialista), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu). Bestetik, talde eta elkarte guztietako parlamentariak ere izan dira bertan.