Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Ekainak 13

Nafarroako Parlamentuak balio errepublikanoekiko konpromiso irmoa adierazten du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako aldeko botoekin eta UPN, PPN eta Voxek emandako aurkakoekin. Erabakiaren bitartez, Parlamentuak "balio errepublikanoekiko konpromiso irmoa" adierazten du.

 

Erabakiak bigarren puntu bat ere bazeukan, ezetsia UPN, PSN, PPN eta Voxek emandako aurkako botoekin, adierazten zuena Parlamentuak "bat egiten" zuela 2024ko ekainaren 16an Madrilen "Felipe VI.a: 10 urte aski dira. Demokrazia Bai, Monarkia Ez" lelopean eginen den manifestazioarekin.

 

Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioaren ekimenezko mozioak kontrajarri egiten zituen monarkiaren printzipioak, lotuta leudekeenak "desberdinkeria, ustelkeria sistematiko eta balio patriarkalekin", eta demokraziarenak, zerikusia izanen luketenak "askatasunaren defentsarekin eta kontu-ematearekin". Halaber ondorioztatzen zuen ezen demokraziatik eratorritako sistema, bai politikoa bai antolaketa sozialekoa, bateraezina dela Koroak berezko dituen "ez-erantzuletasuna eta bortxaezintasuna" bezalako oinarriekin.

 

Horri buruz, eta "demokraziaren eta askatasunaren defentsan" Errepublikak izandako "irmotasuna" azpimarratu ondoren, monarkia amaiaraztearen aldeko aldarria egiten zen, gobernu-era "dekadente eta diskriminatzailea" delakoan.