Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Ekainak 15

Nafarroako Parlamentua osatzeko saioa ostiral honetan eginen da, ekainaren 16an

Hurrengo hamar egunetan Legebiltzarreko Lehendakaritzak kontsulta txanda bat eginen du, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izateko hautagai bat proposatze aldera

Nafarroako Parlamentuaren XI. legegintzaldia hilaren 16an hasiko da, ostiralean (11:00), Ganbera osatzeko saio batekin. 50 forudunek (UPNko 15, PSNko 11, EH Bilduko 9, Geroa Baiko 7, PPNko 3, Navarra Contigo- Nafarroa Zurekineko 3 eta VOXeko 2) egingo duten lehenengo bilera horretan datozen lau urteetan erakundea gobernatuko duten lehendakaria eta Mahaia hautatuko dira.

 

Ganbera eratzeko saioa Emilio Jiménezek (Vox) gidatuko du, parlamentari hautetsietan helduena baita, eta idazkariak Kevin Lucero (PSN) eta Irati Jiménez (EH Bildu) izango dira, bi gazteenak. Horiek Parlamentuaren Mahaia hautatu arte jardungo duen Adineko Mahaia osatuko dute.

 

Lehendakariak saioa ireki dela adieraziko du. Saioari hasiera emateko Nafarroako Gobernuko Tronpeta eta Tinbalen Bandak Nafarroako ereserkia interpretatuko du.

 

Jarraian, Legelari Nagusiak deialdiaren Foru Dekretua, hautatu diren foru parlamentarien zerrenda eta pendiente dauden hauteskundeekiko auzi jabeldurak irakurriko ditu. Horrez gain, jabeldura horiek ebazteak zein foru parlamentarirengan eragin dezakeen adieraziko du.

 

Adineko Mahaiaren lehendakariak beti Nafarroako foru erregimena errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men egingo diela eta karguak berarekin dakartzan betebeharrak zorrotz beteko dituela zin egingo du edo hitza emango du eta ondoren, hori bera egiteko eskatuko die idazkariei eta gainerako parlamentari hautetsiei.

 

Honakoak dira zin egiteko edo hitza emateko onesten diren esapideak: “Sí, juro” edo “sí, prometo”, gaztelaniaz; eta “Bai, zin dagit” edo “bai, hitzematen dut”, euskaraz.

 

Jarraian, Parlamentuko Mahaia osatuko duten kideak hautatuko dira. Mahaia lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatuko dute.

 

LEHENDAKARIA HAUTATZEA

 

Lehenik eta behin lehendakaria hautatuko da. Hautaketa horri ekin aurretik saioa une batez bertan behera utziko da eta behin bitartean foru parlamentariek hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte Adineko Mahaiari idatzi bat igorrita. Berriro saioari ekin ondoren, Adineko Mahaiaren lehendakariak hautagaiak izendatuko ditu eta zein foru parlamentarik aurkeztu dituen adieraziko du.


Lehendakaria txartel bidez egingo den isilpeko bozketaren bidez hautatuko da. Foru parlamentari bakoitzak hautagai baten izena idatzi ahal izango du soilik txartelean. Zuriz ematen diren botoak ere ontzat emango dira. Gainerako botoak baliogabeak izango dira.

 

Foru Parlamentariak haien izenez eta alfabeto hurrenkeran deituko dira Mahaira, txartela lehendakariari emango diote eta horrek hautestontzian sartuko du. Gero Adineko Mahaiaren kideek bozkatuko dute eta amaitzeko Mahaiaren lehendakariak; horrela bozketa amaitutzat emango da.

 

Ondoren botoak zenbatuko dira. Horretarako lehendakariak txartelak hautestontzitik aterako ditu eta idazkarietako batek txartelak altuan irakurriko ditu. Zenbaketa amaitu ondoren, lehendakariak bozketaren emaitza jakinaraziko die foru parlamentariei.


Foru Parlamentarien gehiengo osoaren aldeko botoa jasotzen duen hautagaia izango da lehendakari izendatuko dena. Ez bada gehiengo hori lortzen, bigarren bozketa bat egingo da eta kasu horretan boto kopuru gehien jaso dituzten bi pertsonak izango dira hautagaiak. Bigarren bozketa horretan, boto gehien jasotzen dituen hautagaia izango da lehendakari izendatuko dena.


Bigarren bozketan berdinketa ematen bada, hirugarren bozketa bat egingo da berdindutako hautagaien artean, eta boto gehien jasotzen dituena izango da hautatuko dena. Hirugarren bozketan berriro berdinketa ematen bada, adinez helduagoa den hautagaia izango da lehendakari izendatuko dena.

 

LEHENDAKARIORDEAK ETA IDAZKARIAK HAUTATZEA

 

Behin lehendakari hautetsia izendatzen denean, bi lehendakariordeak hautatzeari ekingo zaio. Hautaketa aldiberekoa izango da eta lehendakaria hautatzeko ezartzen den prozedura berdinari jarraiki egingo da, baina boto gehien lortzen dituzten sexu desberdineko bi hautagaiak hurrenez hurren hautatuta. Berdinketarik gertatuz gero, hautagairik zaharrenaren alde eginen da.

 

Erregelamendu berrian (9.2 artikulua) ezarritako genero-irizpidea errespetatzeko, hautagai-zerrendak (itxiak) nahitaez sexu desberdineko bi pertsonek osatuko dituzte, eta legebiltzarkide bakoitzak horietako baten aldeko botoa eman ahal izango du.

 

Botoak zenbatu ondoren, jasotako boto kopuruaren arabera ordenatuko dira hautagaitzak. Lehenengo lehendakariorde izanen da boto gehien jaso dituen hautagaitzatik Mahaiko lehendakariaren sexu berekoa ez den pertsona. Bigarren lehendakariorde izanen da boto gehien jaso dituen bigarren hautagaitzatik lehen lehendakariordearen sexu berekoa ez den pertsona.

 

Bi idazkariak lehendakariordeak hautatu diren bezala hautatuko dira, baina berdinketarik gertatuz gero, hautagairik gazteenaren alde eginen da.

 

MAHAIA IZENDATZEA

 

Idazkariak hautatu ondoren, Adineko Mahaiko lehendakariak Mahaiko kide guztiak izendatuko ditu eta bakoitzak bere lekua hartuko du; era horretan nork bere kargua hartuko du. Jarraian, lehendakariak Nafarroako Parlamentua osatu dela adieraziko du eta saioari amaiera emango dio.

 

Lehendakariak Parlamentua osatu dela jakinaraziko die erregeari, Nazioko Gobernuko lehendakariari, Foru Diputazioko lehendakariari eta Diputatuen Kongresuaren zein Senatuaren lehendakariei.

 

INBESTIDURA PROZESUA

 

Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Parlamentuaren lehendakariak parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 28a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.