Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 21

Nafarroako Parlamentua Alzheimerraren Nazioarteko Egunari atxiki zaio

Legebiltzarrak bere egin ditu AFAN elkartearen eskakizunak: gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea ikerketaren, diagnostiko goiztiarraren eta eskubideekiko errespetuaren bidez

Nafarroako Parlamentuak gaur eguerdian Alzheimerraren Mundu Egunari atxikitzeko ekitaldia egin du Berrikuntza integratuz leloaren pean, Legebiltzarrak AFANekin batera antolatuta, hiru helbururekin: ikerketaren garrantzia azpimarratzea, diagnostiko goiztiarra egitea eta gaixotasuna dutenen duintasuna eta eskubideak errespetatzea. Nafarroan 7.000 bat pertsonak dute gaixotasuna, eta 5.500etik gora jada diagnostikatuta daude.

 

Hala eman du aditzera Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek. Eskatu du “ahalegin guztiak bidera daitezela Alzheimerra duten pertsonei eta haiek zaintzen dituzten familiei laguntzera, kontuan hartuta, halaber, gaixotasunak jotakoen profil berria, gazteena”.

 

"Pandemiak aurrerapenak lortzeko bidean ikerketaren garrantzia gogorarazi zigun; izan ere, osasuna lehentasuna da legegintzaldi honetako akordioan. Baina ez dezagun ahaztu berrikuntzan aurrera egitea formakuntzaren eta hezkuntzaren alde egitea ere badela, gaixotasun horren eta berarekin batera doan estigmaren aurka borrokatzeko modu gisa", esan du Hualdek.

 

Zoriondu egin du Alzheimerra edo bestelako dementzia duten pertsonen senideen Nafarroako Elkartea (AFAN), eta nabarmendu du “duela 30 urte baino gehiagotik erreferentziako erakunde gisa” lan egiten duela eragindako pertsona oinarri duen arreta eredu berri baten alde. Ondoren, Unai Hualdek gogora ekarri du Eledunen Batzarrak astelehenean adierazpen instituzionala onetsi duela AFANen aldarrikapenen alde Parlamentuak duen konpromisoa berresteko.

 

Jarraian, AFANek sinatutako manifestua irakurri dute, non, besteak beste, "farmakologikoak ez diren terapiak Osasun Sistema Nazionalaren zorroan" sar daitezen aldarrikatzen den, "gaixotasuna moteltzeko armarik onena" dela iritzita, eta "gizarte- eta osasun-baliabide egokiak ezartzea kantitateari eta kalitateari dagokienez, baita landa-eremuan ere", kontrakoa "bazterketa betikotzea" baita.

 

AFANeko lehendakari Amelia Lecumberriren hitzetan, "administrazioak erabakitasunez jokatu behar du politikak dementziekin eta horiek pairatzen dituzten pertsonekin batera eboluzionatzeko". Horretarako, honek eta bestelako dementziek eragiten duten arazo soziosanitarioari heltzea errazteko, "aurrekontu-zuzkidura handitzeko" beharra defendatu du, sortzen ari diren tratamenduetarako "sarbide unibertsala" gauza dadin.

 

Testuinguru horretan, Lecumberrik zehaztu du gaixotasunaren "abordatze integralak" barne hartzen dituela "gaixoekiko eta familia zaintzaileekiko tratuaren humanizazioa" eta alzheimerrarekin batera doan "estigma ezabatzea". Horretarako, "programa intergenerazionalak" abiarazi eta tratamenduetan inplikatutako "talde profesionalen gaitasun teknikoak hobetu” beharko lirateke.

 

Azkenik, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela eta, Parlamentuko fatxada gaur gauean magenta kolorez argiztatuko da (20:00etatik 22:00etara), gaixotasun honen inguruan Legebiltzarrak AFANen eskakizunen alde duen konpromisoaren erakusgarri.

 

Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta, besteak beste, han izan dira María Chivite, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Ainhoa Unzu, Parlamentuko lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, lehen idazkaria, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Uxue Barkos (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin), Maite Nosti (Vox) eta Fernando Domínguez, Osasun kontseilaria.

 

Alzheimerra edo bestelako dementzia duten pertsonen senideen Nafarroako Elkarteak (AFAN) arreta osoa eskaintzen die senide eta zaintzaileei hainbat zerbitzu direla medio, hala nola banakako aholkularitza, arreta psikologikoa, prestakuntza, laguntza taldeak eta lagungarri teknikoen mailegua. Nafarroa osoan 1.020 bazkide ditu. Gaur egun, Desgaitasun Fisiko eta Organikoaren Nafarroako Federazioko (COCEMFE Nafarroa) eta Alzheimerraren Espainiako Konfederazioko (CEAFA) kidea da.