Nafarroako osasunaren egoerari buruzko osoko bilkura monografikoan onetsitako ebazpenak
Osasunari buruzko osoko bilkura monografikoan onetsi dira. 2024ko maiatzaren 31n
Osoko Bilkurak Nafarroako osasunaren egoera aztertzeko eta hobetzeko proposamenei buruzko osoko bilkura monografikoan eztabaidatutako 16 ebazpen proposamenetatik 10 onetsi ditu: EH Bilduren 3, UPNren 2, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta PSNren 2, PSNren 1, Geroa Bairen 1 eta Contigo-Zurekinen 1.
Onetsitako ebazpen proposamenen zerrenda
4. ebazpen proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio beharrezko neurriak ezartzeko:
- Uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean ezarritako gehienezko itxarote epeak betetzeko:
1. 30 eguneko itxaronaldia, gehienez, espezialistarekin lehen hitzordua izateko (10 egun, lehentasunezko kontsulta bada).
2. 120 eguneko itxaronaldia, gehienez, prozedura kirurgikoetarako.
3. 45 eguneko itxaronaldia, gehienez, presazkoak ez diren proba diagnostiko programatuetarako.
UPNk aurkeztua. Aho batez onetsi da, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Vox alderdien aldeko botoekin.
5. ebazpen proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio beharrezko neurriak ezartzeko:
– Bularreko Minbiziari aurrea hartzeko Nafarroako Programa berrantolatzen duen 132/2014 Foru Agindua betetzeko. Honako hau xedatzen du:
1. Mamografiak 24 hilean behin eginen dira.
2. Programan sartzeko adina 45 urte izanen da.
UPNk aurkeztua. UPNren eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta PSN, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxen abstentzioekin onetsi da.
6. ebazpen proposamena
Nafarroako Gobernuari eskatzea BIDEANSL enpresa publikoaren esku jar ditzala beharrezko baliabide guztiak, 2025eko lehen seihilekoan Nafarroako Osasun Sistema Publikoko osasun garraioko zerbitzua izan eta martxan jarriko dela bermatzeko.
PSNk aurkeztua. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, Voxen kontrako botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin onetsi da.
7. ebazpen proposamena
Osasun Departamentutik berrikuntza bultzatzea, ekipamendu eta teknika berriak eskuratuz, erosketa publiko berritzaileko (EPB) prozesuen eta adimen artifizialean oinarritutako garapenen bidez, bai berezkoak, bai sektore pribatuko enpresetakoak.
PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek aurkeztua. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, Voxen kontrako botoarekin eta PPNren abstentzioarekin onetsi da.
8. ebazpen proposamena
1.- Telemedikuntzaren bidez, osasun arretaren eskuragarritasuna areagotzea, aplikazio guztietan, teknologia berrien garapenari eta haren aplikazioan eta prozesuan parte hartzen duten profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen prestakuntzari esker.
2.- Osasun Departamentuari eskatzea praktika horrekin jarraitzeko, Nafarroako asistentzia sare osoan horretarako zehazten diren irizpideak betetzen dituzten pazienteei arreta emateko asistentzia prozesuaren barruan, lehen mailako arretan zein ospitalekoan.
PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek aurkeztua. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen kontrako botoarekin onetsi da.
9. ebazpen proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio talka plan baten garapenean sakontzeko. Arreta espezializatuko itxarote zerrendak murriztera bideratuko da, lanketa integral eta kausa anitzekoa izanen du, pertsonak denbora eta modu egokian artatzen direla bermatzeko, eta honako alderdi hauek jasoko ditu:
- Osasuneko lehen mailako arretaren irtenbidea aurkitzeko gaitasuna indartzea, bigarren asistentzia mailara behar ez diren bideratzeak saihesteko.
- Itxarote zerrendetan lehentasun irizpideak ezartzea, prozesuen larritasunari edo baliogabetzeko gaitasunari lotuak.
- Ekipamenduen efizientzia kontrolatzea.
- Espezialitate kirurgikoen kolapsoa saihestuko duten ospitale oheen kopurua handitzea, hala badagokio.
- 1. kontsultan irtenbidea aurkitzeko gaitasuna sustatzea, bigarren eta hurrengo hitzorduen ekarpena ebaluatuz.
- Diagnostiko, proba, esku hartze eta alta prozesu kateatuak egiten dituzten bereizmen handiko zirkuitu integratuak ezartzeko azterketa, jarduketen efizientzia maximizatzen duten prozesu definituetarako.
- Itxarote zerrenda eta atzerapen denbora luzeena duten espezialitate medikoen kudeaketaren eta jardueraren auditoria egitea, itxarote denbora bermatzeko legea betetzen ez badute. Horren bidez, zailtasunak aztertu eta beharrezko neurri zuzentzaileak edota indargarriak proposatuko dira.
EH Bilduk aurkeztua. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPN, PPN eta Voxen kontrako botoekin onetsi da.
10. ebazpen proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio urtebeteko epean aurkez ditzala osasun, azpiegitura, ekipamendu eta giza baliabideen kudeaketa politikak planifikatzeko aukera emanen duten plan zuzentzaileak eta antolamendukoak, honako helburu hauek aintzat hartuta:
- Teknologia parkearen eta osasun azpiegituren zuzkidura eta egoera.
- Ekipamendua gehitzeko eta osasun azpiegituretan inbertitzeko erabakiak hartzeko gobernantza eredua.
- Goi teknologiako (GT) ekipamenduen erabilera arrazionala, medikamentuen erabilera arrazionalaren antzeko kontzeptu gisa ulertuta.
- Plantillen egungo dimentsionamendu optimoa eta haien lurralde banaketa asistentzia mailen, osasun eremuen eta osasun zentroen artean, giza baliabideak hobeto antolatzeko.
EH Bilduk aurkeztua. UPN eta EH Bilduren aldeko botoekin, Voxen kontrako botoarekin eta PSN, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinen abstentzioekin onetsi da.
11. ebazpen-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio lehen mailako arreta berrantolatzeko eta osasun sistema publikoaren ardatz edo giltzarri bihurtzeko, hamabi hilabeteko epean eredua garatzen hastea ahalbidetuko duten helburu espezifikoen bidez. Nafarroako 2025eko aurrekontuetan beharrezkoa den finantzaketa bermatuko du, eta honako alderdi hauek jasoko ditu:
- Lanbide profilak areagotzea (psikologia, fisioterapia, lan osasuna, nutrizionistak, podologia…), giza baliabide eta baliabide ekonomiko egokiak emanez.
- Langileek beren lanpostuan jarraitutasuna izanen dutela bermatzea, erabiltzaileei ematen zaien arretaren luzetarako egokitasuna (fidelizazioa) errazteko.
- Kupoak egokitzea, aurrez aurreko arreta integrala errazteko.
- Laguntza jarduerak garatzeko lantaldeak osatzea, arreta soziosanitarioaz, osasunaren sustapenaz, lan osasunaz, osasun komunitarioaz, irakaskuntzaz eta ikerkuntzaz gain.
- Irtenbidea aurkitzeko gaitasuna hobetzea, gabeziak dituzten arloetako prestakuntza espezifikoaren, beharrezko ekipamenduak erabiltzeko trebetasunen eta mailen arteko asistentzia koordinazioaren bidez.
- Efizientzia eta gaitasuna bultzatzea, barrutietako dispositiboak garatuz, zenbait osasun eskualde oinarrizkori laguntzeko, hala nola larrialdietan, pediatrian, zainketa aringarrietan, kirurgia handi anbulatorioan, etxeko ospitalizazioan, lan osasunean, osasun hezkuntzan, kudeaketan laguntzeko pertsonalean edo lehen mailako arretako taldeekin adosten diren beste batzuetan, haien premietara egokituta.
EH Bilduk aurkeztua. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, Voxen kontrako botoarekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin onetsi da.
12. ebazpen-proposamena
Nafarroako Gobernuari honako hau eskatzea:
- Nafarroako Osasun Mentalaren Plan Estrategikoa eguneratzea, arreta eredu komunitarioa sakontzeko, funtsezkoa baita nahasmendu emozional guztien prebentzio eraginkorra egiteko, eta ongizate psikikoa benetan sustatzea.
Era berean, suizidioa prebenitzeko eta nahasmendu larriak garaiz detektatzeko programak bultzatzen jarraitzea. Eta emakumeak, haurrak eta nerabeak lehentasunezko jarduketa eremutzat hartzea.
- Jangela terapeutikoa sustatzea elikadura portaeraren nahasmenduak dituzten pazienteentzat. Beste terapia edo tratamendu batzuen osagarri izanen da, eta ospitaleratzearen eta tratamendu anbulatorioaren arteko tarteko lanketa eskainiko du.
Geroa Baik aurkeztua. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta PPNren aldeko botoekin eta Voxen kontrako botoarekin onetsi da.
13. ebazpen proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio departamentu arteko batzorde bat sor dezala osasunari eragiten dioten faktore sozialak aztertzeko eta diagnostikatzeko.
Contigo-Zurekinek aurkeztua. UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, Voxen kontrako botoarekin eta PPNren abstentzioarekin onetsi da.