Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Ekainak 12

Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko lehendakariak 2022ko Kontu Orokorrak eman dizkio Parlamentuari

Patronatuko kideek datorren legegintzaldian egingo dute agerraldia, organo berriak osatu ondoren, eta Unai Hualdek egindako lana eskertu die

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak José Ángel Andrés Guiérrez, Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko lehendakaria hartu du gaur bere bulegoan. Harekin batera etorri dira Javier Fernández Valdivieso, zuzendaria, eta Javier Onieva, Juana García, Estrella Lamadrid eta Pilar Aramburo patronatuko kideak. 2022ko Kontu orokorrak eman dizkiote Parlamentuko lehendakariari. 

 

Topaketan zehar, eta “ahalik eta gardentasun handiena” lortze aldera, José Ángel Andresek kontuen alderdi esanguratsuenen berri eman du, kontu “saneatuak” direla azpimarratuz, kontu-ikuskaritzak ez baitu eragozpenik jarri, eta 55.000 euroko emaitza positiboarekin itxi baitira.

 

“Nabarmendu dezakegu gastuen % 50 desgaitasunetara eta adineko pertsonentzako zerbitzuetara bideratzen dela, eta % 30 kulturara eta hezkuntzara. Diru-sarreren % 30 Fundazioaren jardueratik datoz, % 53 CaixaBanken dibidenduetatik eta % 16 beste finantza-inbertsio batzuetatik”.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Patronatuari “izapidea garaiz eta behar bezala beteta uzteagatik. Izapide hori CAN Fundazioaren artezkaritza-organoak arautzen dituen Foru Lege berrian ezarri da, legegintzaldi honetan onartu zen”.

 

Jarduneko Legebiltzarreko lehendakariak zehaztu duenez, Patronatuaren agerraldia datorren legegintzaldirako egutegian jaso beharko da, Legebiltzar berriaren organoak osatu ondoren.

 

Estatutuen arabera, Patronatua bederatzi kidek osatuko dute. Horietatik bost Parlamentuak izendatuko ditu, Nafarroako Gobernuak hiru patronatukide izendatuko ditu eta Udalak gainerakoa izendatuko du.

 

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Zenbait fundazioren zuzendaritza organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legearen aldaketa onetsi zuen urtarrilaren 20an aho batez, egungo errealitate juridiko eta sozialarekin bat etorriz, kontrol eta parte-hartze publiko handiagoa erraztuko duen araubide berri bat lortzeko, gardentasun-arauekin bat etorriz.

 

Jatorria eta berezitasuna kontuan hartuta, Parlamentuak egokitzat jo zuen Nafarroako Kutxa Fundazioari (CANen oinordekoa) fundazio arrunten araubidea ez den beste bat ematea, behin aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzeari utzi ondoren.

 

Fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari lotutako ahalmenez gain, patronatukideek beren gain hartuko dute fundazio berezia sortu zenetik sortutako dokumentazioa zaintzeko ardura, jatorria dela-eta dagozkien berreskuratze-kudeaketak barne.