Nafarroako kultur jarduera duintzeko eta haren etorkizuna bermatzeko neurriak adosteko Ponentziaren lehendakaria Carlos Mena izanen da
Lantaldeak maiatzaren 12ra arteko epea izango du behin betiko lan-plana taxutzeko proposamenak aurkezteko, eta epe hori hiru hilabetez luzatu ahal izango da
Martxoaren 26an eratu ondoren, ponentzia gaur bildu da, "Nafarroako kultur jarduera duintzeko, egonkortzeko, areagotzeko eta haren etorkizuna bermatzeko neurriak zehaztu eta adosteko” lan-plana zehazten hasteko.
Ponentziak Carlos Mena aukeratu du lehendakari, PSNk Kultura Batzordean duen bozeramailea, eta Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk ere hautagaitza babestu dute. Maiorga Ramirez (EH Bildu) izan da beste hautagaia, ponentziaren sorrera eragin duen ekimenaren titularra. Navarra Suma abstenitu egin da.
Eguerdian egindako lehen bileraren ostean, lantaldeak erabaki du maiatzaren 12ra arteko epea ematea proposamenak aurkezteko.
EH Bilduk eskatuta Mahaiak martxoaren 8an onartu zuen ponentziaren helburua honako hau da: sektore publikoan kultura-jarduerak kontratatzeko eta kudeatzeko jardunbide egokien kode bat idaztea; Artistaren Nafarroako Estatutu baten oinarriak ezartzea; lege-proiektuari ekarpenak egitea edo kulturako lanbideei buruzko lege-proposamen bat egitea; eta kontratu publikoei eta diru-laguntzei buruzko foru-legeetan egin daitezkeen aldaketak aztertzea.
Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartuko dira. Txostena egiteko epea hiru hilabetekoa izango da, eta luzatu ahal izango da.
Carlos Mena izanen da lehendakaria, eta ponentzia honako parlamentari hauek osatzen dute: Raquel Garbayo (Navarra Suma), Ana Ansa (Geroa Bai), Maiorga Ramirez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (Izquierda-Ezkerra).