Nafarroako Kooperatibei buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena ezetsi da
Figura juridiko horren iruzurrezko erabilera eragotzi nahi zen, soldatapeko lanaren oinarriak ahulduta enpresen etekinak handitzeko erabili izan baita
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legea hein batean aldatzen duen Foru Lege proposamena. UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNk proposamenaren aurka bozkatu dute eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek alde bozkatu dute.
Irakurraldi bakarrean izapidetu da EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako foru lege proposamen hori. Xedetzat zuen lan elkartuko kooperatiben iruzurrezko erabilera eragoztea, jantzi juridiko hori baliatu izan baita soldatapeko lanaren oinarriak ahuldu eta enpresaren etekinak langileen bizkar handitzeko.
Xede horrekin, “lege-iruzurra” eginez Langileen Estatutuaren eta Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren aplikazioa saihestu eta eskulan merkea lortzeko prest daudenei horrelako praktikak eragozteko, zenbait mekanismo ezarri nahi ziren, kooperatiba faltsu horien “irteera edo deskalifikazioa” erraztuko zutenak, eta, halaber, besteren konturako langileek horrelako entitate batean parte hartzeko gaur egun dauden mugak kendu nahi ziren.
Horretarako, 14/2006 Foru Legearen 62. artikulua aldatzea proposatzen zen modu honetan: Laneko Ikuskatzailetzak oso astuntzat kalifikatutako edozein arau-hauste egitea, kalte ekonomiko edo sozial garrantzitsuak eragin ditzakeenean, edo kooperatiben printzipioen funtsezko urratze bat suposatzen duenean, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak adierazitako printzipioei jarraituz, berarekin ekarriko zuen deskalifikazioa eta, ondorioz, sozietate kooperatiboaren desegitea.
Deskalifikazioari buruzko foru agindua NAOn eta Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietatik bitan gutxienez argitaratu behar zen.
Nafarroako Gobernuak jada adierazia zuen ez zegoela ados lege proposamenarekin, are gutxiago presaz izapidetzearekin. Haren iritziz, “egungo legeriak berak ezartzen du Laneko Ikuskatzailetzak eta Gizarte Segurantzak esku hartu behar dutela kooperatiben deskalifikazioan”.
Ondorioz, nahiz eta proposamenaren arrazoiekin ados egon, “zehapen-araudi propiorik ez dugunez eta figura horren iruzurrezko erabilera errotik ezabatu beharra dagoenez, planteatutakoa baino arau-aldaketa sakonagoa egin behar da”, eta idazkera hobetu, interpretazioaren inguruko arazo tekniko eta juridikorik sor ez dadin.
-
Foru lege proposamena (15. NPAO, 2019-02-06koa)